Hauteskundeetako beste ondorio bat

Europako legebiltzarrerako hauteskundeek irabazleak eta galtzaileak izan dituzte. Batzuk pozik eta beste batzuk kezkati. Datorren urtekoek argituko digute batzuen gorakadak eta besteen porrotak sendotzen diren ala maiatzean loreak ernaldu eta igartzen diren bezala gaur irabazle direnak bihar galtzaile diren eta alderantziz.

Emaitzek utzi diguten irakaspen bat eta geure burua abertzaletzat dugunok kontuan hartu beharko genukeena da, galtzaileak estatuko partiduak izanagatik, euren galera ez dela etorri abertzaleen esparrura eta ondorioz bi multzo soziologikoen botoak antzera jarraitzen dutela.  %51,69 izan da EAJ eta EH Bilduren portzentajeen batura EAEn eta % 30 inguru Nafarroan. Zer esan nahi du honek? Ba gurean (Hego Euskal Herrian) dauden blokeak  oreka  egonkorrean daudela eta boto abertzaleak ez duela gora egiten. 

Boto estatala aztertuz gero berriz, erabakitzeko eskubidearen alde egon daitezkeenen botoek- eta hemen Ahal dugu eta IU-Eki  hartzen ditugu kontuan- gora egin dute,  estatu arrazoien aitzakiari irmo heltzen diotenen kaltetan.

Dirudienez kontsultaren aldekoak gehiago izan gaitezke, abertzale ez den esparruko hainbatek ondo ikusiko lukeelako, eta noski estatus politiko berri bat ere onargarria gerta dakiekeelako. Euskal Herria estatu  independente gisa antolatzearen aldeko bozka eman genezakeenak aldiz, gutxiengoan egon gaitezke Nafarroako efektuaren ondorioz, baina baita ere boto abertzalea ematen duen batek baino gehiagok atzera egin dezakeelako Espainiatik banatzeak eragiten duen beldurragatik.

2105ean boto abertzalea 2014ko europarretan baina puntu batzuk handiagoa izango da seguru asko hauteskundeak tokikoak diren neurrian, eta erabakitze eskubidearen aldekoak gehiengo indartsuagoak osatu ahalko dituzte gure herri, hiri  eta Aldundietan, beti ere Podemosekoek euren programan gaiari buruz 5.7. puntuan diotena mantentzen badute.

Legebiltzarrak berriro aldarrikatu du autodeterminazio eskubidea. Gure esku dagoren ekimena gainean daukagu. Kontsulta gertuago egon daiteke, baina galdera ondo adostu beharko da aukera abertzale batek aurrera egingo badu beharrezkoa izango baita abertzale zalantzatiek eta ez abertzaleen multzo garrantzitsu batek proposamenarekin bat egitea. Gaur egun gehiengo politikoa gertuago ikusten dela, beharrezkoa izango da gehiengo sozial handi bat lortzea.

Zaldibiatik Eniriora.

IMG_0878 copy

Enirioko galtzada zaharra

Goizeko 10ak dira  Zaldibiako depositoetatik gora egiten dugunean Nafarroako galtzada zaharrean zehar. Galtzadak, antza Gipuzkoa Sakanarekin lotzen zuenaren arrastoa, ondo gordeta dago. Depositoetatik gora ez diote bota gainetik ormigoi geruza sendorik beste hainbat bide zaharrekin egin den bezala. Zati batzuetan konponduta badago ere, lehengo ezaugarri garrantzitsuenak gordetzen saiatu dira arduradunak. Ertaroan Gipuzkoan Sakanarekin batzeko edo agian lehenago egin omen zen. Nork daki. Beharbada neolitikoan kostatik udako larretara igotzeko erabiliko zuten artzainek. Auskalo!  Zenbat ardi eta artzainek jarraitu ote duten bere arrastoa mende hauek guztietan zehar Enirio, Oidui edo Errenagako larreetan uda pasatzera igotzeko.

Jentilarriko trikuharria

Jentilarriko trikuharria

Eguraldi ederra zegoen iragarrita eta horrela egokitu zaigu. Maiatzaren 18rako ez ohikoa. Bero dago beheko ibarretan baina haize freskoak jotzen du mendietan. Pixkanaka pixkana gorantz egiten dugu Jentilarriko trikuharriarekin bat egin arte. Galtzada Ertarokoa izan daiteke baina zibilizazioen arrasto zaharragoak asko dira inguru hauetan. Historiaurrean ere erabili ziren bai, bide hauek.

IMG_0894 copy

Eguzkilore eta gurutzeak Oiduiko txabolan.

 

 

 

Oiduira iristen gara. Artzain txaboletatik batzuk ohitura eta ikur zaharrak gordetzen dituzte oraindik. Gurutzeak, eguzkiloreak… gaitzetatik libratzeko bide onak omen.

Aurrera egiten dugu eta 10ak eta 50ean Enirion gaude. Eguneko gure helburua. Behera Lareoko urtegia ezkutatzen duen pagadia ikusten dugu hostoak bota berri. Bestaldera Errenagako aterpeak. Zerbait jan eta atsedena hartu ondoren beheranzko bideari ekiten diogu.

 

IMG_0893Larre artean tarteka pagadia ikusten dugu hesiz inguratuta batzuk, gizakiak tarteka egiten dituen xelebrekeria horietako bat egiteko. Kimaketa basati bat egin diete lehengo ikazkinek egiten zieten eran. Orain ez dugu horko ikatz beharrik baina intsektu batzuk bizi omen dira zuhaitz horietan eta aitzakia horrekin egiten zaizkie kimaketa hauek. Pago batzuk ezin izaten dute gainditu eta irudiko hiru hauek bezala ihartu egiten dira.

IMG_0899 copy

Ausako gazteluan Nafarroako bandera

 

 

 

 

Aurrera jarraitzen dugu Alotzara daraman bidea hartuaz baina iritsi baino dezente lehenago Errekontarakoa hartzea erabakitzen dugu jaitsiera maldatsu egiten duen bidea aukeratuz. Ausako Gazteluko hondakinen gainean,  Nafarroako bandera handi bat agertzen da, harro, haizeak zabalik, inoiz Erreinu zaharraren parte izan zela adierazi nahian. Errekontan beste janalditxo bat egin ondoren beherako bidetik jarraitzen dugu 14:20ak inguruan txangoari Zaldibian amaiera emanaz kroketa eta basoerdi banarekin.

Oraingoan baietz bazkidetu!.

Ia hamabost egun bete  dira Oñatiko Ganbara Abesbatzak Ejea de los Caballerosen ospatutako finalean Gran Premio Nacional de Canto Coral delakoa irabazi zuenetik. Hogei urteak betetzearekin batera lortu du bigarrenez sari nagusi hau.

Abesbatzaren osaera erabat aldatu da urte hauetan. Gutxi dira hasieratik jarraitzen dutenak. Hasierako kideak  utziaz joan ziren neurrian gazte berriak sartu dira. Orduan eta orain, lehiaketak izan dira bere jardueraren ardatza denbora honetan guztian. Lehiaketak erronkak dira, lan asko eskatzen dute, amaiera gabeko entseguak, eta batzuetan ondo egindako lanaren saria lortzen da. Diru apur bat ere bai beste proiektu batzuei aurre egiteko. Beharrezkoagoa krisi hotsak aitzakia hartuta  instituzioek kulturari eskainitako diru-laguntzak murriztu dituzten sasoi honetan. Bide beretik jarraitzeko asmoa dutenez, Alacanten  dute hurrengo mugarria uztailean.  Betiko ohiturekin apurtzea zaila dirudi.

Lehiaketetan parte hartzea garrantzitsua izan daiteke baina Ganbarak beste erronka batzuei aurre egiteko gaitasuna eta kalitatea daukala iruditzen zait. Lehenago ere erakutsita dauka. Aurten Carmina Burana omen dute begiz jota. Ez bedi horretan geratu. Horrelako gehiago entzun nahi nizkioke. Horretarako baina dirua beharko da: orkestrak kontratatu, bakarlariak ordaindu, bidaiak… eta hori guztia ordaintzeko sarietako dirua falta.

Bideak eta aukerak zabaltzeko injekzio ekonomikoa ezinbestekoa da:  Instituzioena, enpresena, pertsonena. Donostiako Orfeoiko webgunean sartzen bazara, gutxienez 56 enpresa eta instituzio ditu lagun pertsonez aparte. Eta gainera bultzada mediatiko  indartsu bat.

Aspalditik nago bazkide egitekotan (Ganbararena ez Orfeoiarena), baina bazkidetza-orria beteta izanagatik ez dut oraindik lortu arduradunen baten esku uztea. Orain, Internetez egiten saiatu naiz baina inprimakia ezin zabaldu.

Berriro eskuz bete eta edonork asma dezakeen baten esku utzi dut. Ea oraingoan bazkide egitea lortzen dudan.

Eta zu? Zeri begira zaude bazkide egiteko?