Inausketak eta egur mozketak ilbeheran egin behar omen dira. Baita sagardoa botilaratu ere. Arazoa da euskarak ilbeherarentzat esanahia bikoitza duela.
Bata ohikoa, ilbetetik ilberrira dagoen ilargialdia da. Ilargiak eguzkiaren argia bete-betean islatzetik batere ez islatzera ematen duen denbora tartea.
Bigarrena, ilargiak lurrarekiko altueran egiten duen bidea adierazten duena. Ilargiak 27 egun, 7 ordu eta 43 minutu behar izaten ditu lurrari itzulia emateko. Tarte horretan 14 egunez orbitan gora doa eta beste 14 egunez behera. Gora doa bezperan baino gorago agertzen zaigun denbora tartean eta behera bezperan baino beherago ikusten dugun tartean.
Inausketak ilbeheran egin behar direla esaten denean bigarren esanahi honetaz ari dira adituak nire ustez. Euskaraz, nik dakidala, ez dugu hitz berezirik fenomeno hau adierazteko eta ilargialdiendako erabiltzen ditugun hitz berberak erabiltzen ditugu fenomeno hauek adierazteko: ilgora eta ilbehera.
Sagardoa botilaratzeko ez dugu arazorik izan Lunario 2014 liburuxkak dioenaren arabera, ilbeheran, eta ilargia bere orbitan beherantz doanean egin behar izaten baita. Gure kasuan beste baldintza bat ere bete behar izaten da: jaieguna izatea, edo lanera joan beharrik ez izatea.
Baina Lunario horri jaramon eginez gero aurrekoak ez dira nahiko eta beste baldintza batzuk ere bete behar izaten dira: Leo edo Virgoren parean egon behar du ilargiak, eta marea gorantz datorren ordutan egitea onena. Eguraldiak ere badauka zerikusirik eta ekaitzak haizetea eta hotzak saihestu behar dira. Baldintza hauek guztiak betetzen zituen eguna aukeratu genuen; baita aukeratu ere. Apirilaren 16a, goizeko 9:15etik arratsaldeko 16:15era.
Baldintza hauek guztiak beteta ekin genion lanari baina azken baldintzari eta garrantzitsuenari jaramon gehiegi egin gabe; hau da, likidoaren zaporea.
Emaitza, sagardo pattala, indar gabea. Espero dezagun botilaldian hobetzea, udan sagardo bikain bat edukitzea eta bateon batzuen irribarre ironikoak inbidia adierazpen bihurtzea. To!
A! Ilargiaren goranzko eta beheranzko tarteak adierazteko beste hitzik ezagutzen baduzu, bidali mesedez edo argitaratu ezazu mesedez blog honetan. Baina ez eskatu trukean botilarik gutxi ditugu eta.