Goiena.net-en irakurri ahal izan dugu aldaketa txiki batzuk izango dituela aurtengo Pertsona fisikoen errenta aitorpenak Gipuzkoan. Aurrekoetan ordaindu beharrekoaren %0,7a elizara edota interes orokorreko elkarteei zuzentzeko aukera eskaintzen zitzaigun. Aurten hirugarren laukitxo bat gehitu diote: administrazioak kudeatutako helburu orokorretara zuzentzea eskaintzen zaigu alegia. Ez da nire 0,7a horra bideratuko.
Ez dakit ideia hau EAJ-PSE-PP-k adostutako hitzarmen fiskalean jaso den ala Gipuzkoako Foru Aldundian agintean dagoen Bilduri bururatu zaion. Edozein dela bultzatzailea ez deritzot ondo. Badirudi gure administrazio ase ezinak (Ez ahaztu Europako zerga tipo altuenetakoak ditugula estatuan) lehenago gizarte ekimeneko (Irakur jendarte gizarte ez baduzu gustuko) erakundeetara zuzendu zitekeen diru horren egarriz edo inbidiaz dagoela. Ez duela nahikoa %99,3arekin eta %100 nahi duela berak dituen gizarte helburuetara zuzentzeko, Gobernuz Kanpoko Erakundeen munduan egon diren ekimenei eta egin diren lanei bizkarra emanaz.
Inoiz ez digu inork azaldu zertan erabiltzen zen interes sozialeko ekintzetara bideratutako diru hori. Pentsatu nahi dut Gobernuz Kanpoko Erakundeek sustatutako ekintzak finantzatzen erabiltzen zela. Jakina da GKEen munduan akats asko egin direla, baina ondo egindakoak ere asko izan dira. Administrazioan bezala. Ezagutzen ditugun administrazioen artean, ez da dena urre kolorekoa boterean dauden alderdiak ezkerreragokoak ala eskuineragokoak izan.
Ez dut ezagutzen proposamen berri honen helburua eta ezta ere zertarako erabiliko den hortik jasoko den dirua. Ezin jakin azalpen garbiak ematen ez badira. Nik badaezpada, Gizarte ekimenean sinesten dudalako, lehenago egiten nuen bezala, interes sozialeko beste xede batzuetarako laukitxoa beteko dut.