Asteon zendu zaigu Juan Gelman poeta argentinarra. Jasotako sariak, bere militantzia politikoa, eta seme-errain eta bilobari milikoek egindakoak aireratu dituzte bateko eta besteko hedabideek
Juan Gelmanenganako zubia beste Juan batek eraiki zidan 70eko hamarkadan: Juan Cedronek hain zuzen, Gelmanen poemak maisuki musikatu zituenean.
Argazkitan bakarrik ikusi dugu. Aurpegi argal zimurrez betea, asko ikusi eta bizitza gogorra egokitu zaionaren begirada sakona, eta sufrimendua azaleko ildo bakoitzean. Galdutako biloba aurkitu izanaren poza, ete diktadurak lapurtutako seme-errainen galerak eragindako pena gaindi ezinaren tristura, biak batera islatzen duen aurpegia.
Cedronek Gelmanen poemak musikatu zituenean, anabasa eta oinazea ziren nagusi euren jaioterrian. Musikariak eta poetak bat egin zuten hainbat erronketan, eta argitaratutako doinu eta hitzetan iraultzailearen aldarria aurkitzen dugu. Kupida gabe kolpatu eta urperatzen duen tsunamiari aurre egiten dio duintasunez montonero militanteak. Hizkuntzaren iraultzaile eta iraultzaile sozialak; iraultzaile globalak.
70. hamarkadako Gelman militanteak bizirik dirau hainbat poema eta kantetan. 1976an Argentinako matxinada militarreko urtean, berak idatzi eta Juan Cedronek musikatutako Cantata del gallo cantor grabatu zuen Frantzian Cedron laukoteak.
Hirurogeita hamaseian Argentina eta Espainiak bide politiko kontrajarriei ekin zioten. Batean milikoak (Videla eta lagunak) boterera, bestean diktadore militarra lurperatu berri. Bi herrialdeek abiatutako bideak desberdinak izanagatik hainbat parekotasun aurkitu daitezke aipatutako kantatan. Ez ditut egoerak parekatuko Argentinan desagertutakoek, lapurtutako umeek eta bidegabekeriek ez dutelako parekorik mundu zabalean, baina Cedron laukoteak Paco Ibañezekin batera abestutako kanta hau (Cambios) entzuten baduzu, ikusiko duzu zein gertukoa egiten zaizun Eugenioren historia, eta ze parekotasun gordetzen dituen Itziarren semearenarekin adibidez. Seguru Kantata beraren Cartas izeneko garrasi mingarri eta tragikoak ez dizula urrutiko egoera sinestezin bat ekarten gogora.
Juan Gelmanek narrutik ordaindu zuen talde politiko-militarraren kide izana. Zorrak kitatuta hainbat sari jaso ditu bere poetikaren aitortzea moduan. Tartean Cervantes eta Reina Sofia sariak.
Espainiako erreinua talde politiko-militarreko kide ohiari sariak ematen! Handiagoak ikusiko ditugu!
Joan zaigu Juan Gelman, bere poemak, bere tragedia eta bere historiarekin.
Agur betiko.
basta por esta noche cierro
la puerta me pongo
el saco guardo
los papelitos donde
no hago sino hablar de ti
mentir sobre tu paradero
cuerpo que me has de temblar