Eskandalua da baina ez gaitu harritzen. Hain geunden ohituta holakoetara, ez gaituela harritzen. Eta ez gaitu harritzen hain zuzen, post sasoian ere, bere burua demokraziatzat izanagatik oso adierazle kaxkarrak igortzen dituen erregimenak diktaduretako metodo polizialei uko egin nahi ez izatea.
Iosu Lizarraldek salatutako gertaeraz ari naiz noski. Gertatutakoa oso da pertsonen eskubideen aurkakoa, iraingarria eta umiliagarria, eta ezin dut zerbait idatzi gabe geratu. Gogoeta sakonagorik gabe, burura edo bihotzera datorkidana baino ez. Ezin dut imajinatu zer gertatuko litzatekeen Europako herri demokrata batean, bertako indar polizialek herritarrek bozkaz aukeratutako ordezkari bat gauaz basabide batera eraman eta bertan itaunketa bati ekingo baliote.
Eskandalu bat litzateke.
Albisteak Interneteko agerkarietan izandako oihartzuna kontrastatzen saiatu naiz. Ez dut lehen begiratu batean ezer aurkitu Garan izan ezik ( Goiena eta sustatuz aparte) : Retienen e insultan a un miembro de Sortu. Señores de Gara; será un miembro de Sortu, pero sobre todo es un representante político de los oñatiarras que le eligieron en las últimas elecciones, y esto es mucho más importante.
Baina Garak bakarrik jasotzen du ordu honetan, edo ez dut beste inon aurkitu.
Espero dut Legebiltzarrak gaia aztertzea eta gertaera salatzea. Gure ordezkariei eska diezaiokegun gutxiena da.