Une txarrak ari da bizitzen kulturaren mundua, kultura hitzaren esanahi zabalenean hartuta. BEZaren igoerak eta diru-laguntza publikoen murrizketek eragin handia izan dute kulturaren profesionalengan. Besteak, herritarren ekimenetatik sortutako kulturak, gogor eusten die ekonomiaren ekaitzei.
Aloña Mendiko mendi sailak azaroaren 6an hasi eta 29an amaituko den hamabostaldi bikaina antolatu du (Oñatin hamabostaldiak egun gehiago izaten dituzte, monjetara eguraldi on eske eramaten diren arrautza dozenek bezala). Dennis Urubko kazajoarekin emango zaio hasiera, eta tartean, 22an hain zuzen, Baltistan Fundazioak lurralde menditsu haietan egiten duen lana ezagutzeko aukera izango dute Kultur Etxera hurbiltzen direnek. Kirola, kultura eta lankidetza uztartuko ditu Aloña Mendik hiru aste luzeko hamabostaldian.
Ez da aurtengo azaroan dugun kultur ekitaldi bakarra. Hilaren 16an laburmetraien rallya izango dugu. Hau antolatzen ere ari da norbait lanean! Egitaraua ezagutu nahi duenak, edota parte hartu nahi duenak, sarean ditu ordu, baldintza eta jakin beharreko guztiak. Bi minutu baldin badauzkazu eman promozioko ikus-entzunezkoa ikusten. Merezi du.
Gauza gehiago ere izan ditugu denbora laburrean. Lope 500 hamabostaldi amaitu berria ere aipatu beharra dago. Baita urte luzeetan zehar antolatu den zinekluba, eta herritarrek antolatzen dituzten beste hainbat ekimen. Honek erakusten digu kulturarekin konprometitutako herritarrak asko direla gure artean, eta laguntza txiki batzuekin ikaragarrizko lana egin daitekeela herri bati kultur eskaintza oparoago bat eskaintzen.