Piano jotzailea

Egunero etxean zortzi orduz pianoa jotzen aritzen zen pianistaren kasua epaitegietara iristea eta epaileen ebazpenak zeresana eman dute astean. Zer eta pianoa jotzearren epaiketa bati aurre egin beharra.

Irudimena martxan jarri eta piano-jotzaile gazte bat irudikatzen dugu adagio gozo eta doinu eztiak ateratzen pianoaren teklei, eta paretaren  bestaldean adineko emakume ernegatu edo histeriko bat burua erruloz josita, garrasi batean, eskoba kirtenarekin pareta joaz.  Agian, gutxi batzuk, alde batean Far -westeko piano jotzaile iskanbilatsua lagunak ondoan txaloka, eta paretaren beste aldera etxekoandre gozo  eta sentibera bat beste aldetik ateratzen diren doinu desarmonikoak jasan ezinik negarrez zotinka.

Seguru asko ez da ez bat ez bestea izango. Baina niri dagokidanez, ez nuke paretaz pareta egunero zortzi orduko entseguak egiten dituen musikalari profesional bat eduki nahi, ezta Keith Jarret edo Iñaki Salvador bada, edo berdin Yo Yo Ma edo Elina Garanca. Oso gustura ordainduko dut  hauek entzuteagatik, baina nahiago dut euren entseguak nire bizilekutik urruti samar egiten badituzte.

Gai korapilotsua da. Alde bien jarrerak uler ditzaket. Bulegoa tokiz aldatu behar izan genuen behin, goiko pisuko emakumeak ezin zituelako jasan bulegotik iristen zitzaizkion zaratak. Bulegoa bulego bezala erabiltzen genuela esan behar dut badaezpada. Bestalde, zapatuko goizeko bostetan ari naiz idazten kaleko zaratek iratzarri nautelako.

Nola lotu pianoa jotzeko eskubidea, auzokoen etxean atsedena hartzekoarekin? Ez da erraza, baina bizi dugun zarataren kultura honetan, Pirinioetatik beherako administrazioek ez diote arazoari behar bezala heldu nahi izan orain arte. Dirudienez kutsadura akustiko eza ez da ongizateaz duten kontzeptuan sartzen. Gaia ez dago euren agendetan.

Ni Malala naiz.

Aurreko zapatuan Donostiako Gipuzkoa Solidarioak antolatu zuen erakusketako stand batean egotea egokitu zitzaidan. Standa GKE batena izanik, elkartasunarekin lotura duen materiala  zegoen bertan. Tartean Yo soy Malala liburua.

Liburuak atentzioa ematen zuen eta batek baino gehiagok erosi nahi izan zuen. Malala Yousafzai, muga guztiak gainditu dituen fenomeno bihurtu da. Fenomeno eta eredu baikorra. Horregatik bakarrik merezi du irakurtzea miresmena irabazi duen neskatxa borrokalari honek argitaratutako liburua. Irakurterraza da eta oso gordina.

Jaio nintzenean gure herrixkako biztanleak gure amaz errukitu ziren eta inork ez zuen nire aita zoriondu.  Esaldi esanguratsu horrekin ematen dio hasiera liburuari. Esaldia latza izanik, latzagoa da talibanen lurraldean neskei egokitzen zaien bizitza moldea. Ez dut Swat ibarra ezagutzen baina bai  mapan oso urruti ez dagoen Hushe ibarra, eta bertan izan naizen pare bat alditan ez dut emakumerik ezagutu; ez dira existitzen. Ez dira eskolaratzen ez dute lanik egiten ostatu, denda edo azoketan. Ahalik eta azkarren ezkon araztea da gurasoen xedea. Baltistan Fundazioak egindako lanari esker oraintsu hasi dira neskak eskolara joaten, eta hori Hushe ibarrean ez dagoela horren aurka egiten duen taliban mugimendurik. Oraingoz.

PNUDek (Garapenerako Nazio Batuetako Programak) argitaratutako Giza Garapenari buruzko txostenaren arabera Hego-Asia da txiro dimentsioaniztun gehien duen eskualdea. 186 herrialdek osatzen duten sailkapenean Pakistan 145. da, Swateko ibarrarekin muga egiten duen Afganistan 172., eta India 134.  

Txirotasun dimentsioaniztun indizeak etxalde eta familiei eragiten dizkien hainbat aldagai aztertzen ditu: ur edangarria eskura izatea, janariak prestatzeko erabiltzen den erregaia, osasun zerbitzuen gertutasuna, edota familiek dituzten ondasunak, eta etxebizitzak eraikitzeko arauak dira horietako batzuk.

Nuklear bonbarik izatea edota armada eta armamentuan egindako gastua ez du zorionez neurtzen, baina neurtuko balu herrialde hauek (Pakistan eta India bereziki), berez  ez dagozkien postu aurreratuetan agertuko lirateke.

Liburua irakurriaz konturatzen zara euskaldun izatea beti nekeza eta batzuetan aspergarria bada, zein nekezago, zailago eta gogorragoa den herri horietan neska jaio izatea.

irakurtzea gomendatzen dizuet, aurreiritziak baztertuta, eta boom editorialok zerbait ezkutatzen dutela pentsatu barik,  beti ez delako horrela izaten.

Igeldotik Bergarara

Izenburuak zentzu betea dauka niretzat. Igeldo auzoan (oraingoz horrela deitu beharko diogu) ordu asko eman nituen gaztaroan. Gida baimenik izateko adinik ez geneukanean oinez joaten ginen lagunak Valentinetik gora. Lagun taldeko lehenengoak karneta atera ondoren bere etxeko  600a libre zegoenetan, pilota eta palak hartu eta bertako pilotalekura jokatzera. Partidak izan ala ez, ez zen sagardorik falta izaten guztion patrikak urratu eta hiru duro biltzea lortzen genuenetan.  Gero, hogei urte eskasekin Buenabistako terraza ezagutu genuen eta unibertsitateko klase aspergarrietatik ihes egiteko aitzakia bihurtu zen udaberriko arratsalde epeletan.  

Handik Bergarara. Urte askoan lan egin dut Aranzadi Ikastolan. Herriarekin izan ditudan loturak ez dira lan kontuetara mugatzen, bertakoa baita nire seme-alaben  ama.

Ez dut aurreko asteburuan bi herri/auzo hauetan gertatutakoaz hitz egingo. Ezagutu ditugu bi erreferendumen emaitzak, eragileek elkarri egindako akusazioak eta  bozketen inguruko gogoeta partzialak.   

Gure politikoek maiz hitz egiten dute herriari hitza emateaz, prozesu parte hartzaileez, Suitzako ereduaz, edota lau urtetik lau urterako bozketetara deitzen duen demokrazia eredua eraldatu beharraz. Baina hitzok desagertu egiten dira norberaren politikak gauzatzeko ordua iristen denean. Batzuk ez dute gaur arte erreferendumik deitu gobernatzen izan direnean, eta besteek euren estrategiekin bat datozenak  bakarrik hartzen dituzte aintzakotzat. Badirudi alde horretatik alperrik joango dela legealdia.

Gipuzkoan ba omen dago herritarren parte hartzea arautzen duen arautegi bat. Omen dago diot,  ondo gordeta dagoelako herritarrek ezagutu ez dezaten. Ez da lan pedagogikorik egin. Parte hartzeaz eta demokraziaz hitz egitea ondo dago, baina kontzeptu hauetan sakontzea eta herritarrek eskubideak egikaritzeko dituzten aukerak eta bideak argitzea beste kontu bat da.  

Demokrazia ez dela 4 urtetik 4 urtera botoa ematea  aldarrikatzen dugu, eta harrotasunez esaten dugu herri honek batzarretan oinarritutako tradizio demokratiko sakona garatzeko eta gordetzeko gaitasuna izan zuenez,  Suitzarrek duten antzeko sistemak gurean ezartzea ez litzatekeela arazo izango, eta bai erabaki egokia. Baina hitz egiteaz aparte ezer gutxi egiten da emaitzak aurkakoak izan daitezkeela sumatzen denean. Norberaren komenientzien arabera deitzen dira erreferendumak Gipuzkoan. Beste lurralde batzuetan deitu ere ez.

Beldur naiz legealdi galdua izango dela 2015ean amaitzen den hau, demokrazian sakontzeko, sinetsi,nahi, eta  adostasun zabal eta sakonak behar direlako. Eta horiek ez dira epe laburrean iritsiko.

Hurrengoan? Auskalo!

Eskandalua. Bazkalosteko beroaldian idatzia.

 

Eskandalua da baina ez gaitu harritzen. Hain geunden ohituta  holakoetara, ez gaituela harritzen. Eta ez gaitu harritzen hain zuzen, post sasoian ere, bere burua demokraziatzat izanagatik oso adierazle kaxkarrak igortzen dituen erregimenak diktaduretako metodo polizialei uko egin nahi ez izatea.

Iosu Lizarraldek salatutako gertaeraz ari naiz noski. Gertatutakoa oso da pertsonen eskubideen aurkakoa, iraingarria eta umiliagarria,  eta ezin dut zerbait idatzi gabe geratu. Gogoeta sakonagorik gabe, burura edo bihotzera datorkidana baino ez. Ezin dut imajinatu zer gertatuko litzatekeen Europako herri demokrata batean, bertako indar polizialek herritarrek bozkaz aukeratutako  ordezkari bat gauaz  basabide batera eraman eta bertan itaunketa bati ekingo baliote.

Eskandalu bat litzateke.

Albisteak Interneteko agerkarietan izandako oihartzuna kontrastatzen saiatu naiz. Ez dut lehen begiratu batean ezer aurkitu Garan izan ezik ( Goiena eta sustatuz aparte) : Retienen e insultan a un miembro de Sortu. Señores de Gara; será un miembro de Sortu, pero sobre todo es un representante político de los oñatiarras que le eligieron en las últimas elecciones, y esto es mucho más importante.

Baina Garak bakarrik jasotzen du ordu honetan, edo ez dut beste inon aurkitu.

Espero dut Legebiltzarrak gaia aztertzea eta gertaera salatzea. Gure ordezkariei eska diezaiokegun gutxiena da.

Amaitu da bidaia

Amaitu da bidaia. Alfa taldea urtebete konkurtsoan egon ondoren hartzekodunekin taldearen etorkizuna berma dezakeen hitzarmenera  iristeko unean dagoela jakin dugun astean, etxetresnak likidazioarena hartu duela irakurri  dugu urte askoko historia arrakastatsuari amaiera emanaz. Hartzekodunen konkurtsoaren helburua likidazioak eta enpresen itxierak saihestea izanik, denboraz, eta irtenbide  posibleekin iristea derrigorrezkoa izaten da. Bideragarritasun plan bat eskuan, hartzekodunekin hitzarmen bat lortzea ezinbestekoa izaten da enpresaren (edo enpresena, hartzekoduna ere antzeko egoeran egon baitaiteke) biziraupena ziurtatzeko.

Baina hori guztia denbora agortu aurretik egin behar izaten da, partidaren luzapenean sartu aurretik. Kasuan, dirudienez, partida amaituta zegoen emaitza aldatzen saiatu nahi izan dutenerako.

Etxetresnen bukaera porrot kolektibo mingarri bat da. Mingarria bazkide asko bere bizitzako aurrezki barik geratuko direlako; beste asko, bazkide ala ez, partaidetza berezietan sartutakoa galduko dutelako,  eta bazkide langileak  lan barik utziko dituelako,  seguru asko  drama bat baino gehiago sortuaz. Porrot kolektibo bat da, bertako bazkideena, MCCrena eta orokorrean kooperatiben mugimenduarena,  ez duelako jakin etor zitekeena aurreikusten edota ikusi arren, eta hau okerragoa da, beste toki batera begiratzea nahiago izan dutelako.

“Egoeraren berri ez geneukan”, “inork ez zigun hain egoera larrian geundenik esan”, eta horrelakoak ere entzun diegu bertako lan bazkideei. Harridura eragiten dute esaldiok, Kooperatibak desegitearen arrazoien artean eta kasuari dagokiona, honako hau dagoelako,  baltzu-kapitala, estatutuetan ezarritako gutxieneko kapitalaren azpitik 12 hilabete jarraian egotea, kapital ekarpen berriak egin gabe, eta   egoera honetara ez delako gauetik goizera iristen. Garagartzako plantak ez ziren salduko likidezia beharik ez bazegoen edota irabazi atipiko batzuk behar ez baziren.  Korporazioak berak ez zituen 300 milioi bideratuko azken urteotan beste kooperatibei kenduta, egoera oso larria izan ez bazen.

Orain  diotenez, likidazioak ez du drama sozialik ekarriko. Jakina ekarriko dituela. Agian gutxitu egingo dira bateko eta besteko Gobernuek euren eremuko filialei emandako abal eta laguntzen bidez, baina gurean lanpostu suntsiketa garrantzitsuak izango dira. Horrek  betik dakartza ondorio sozial latzak. Agian langile bazkide gehienen arazoa konponduko da epe ertainean, baina hauentzat gordetako lan postu berriek beste pertsona batzuen esperantzen suntsipena ekarriko du. Ez da drama sozialik ekidingo korporazioak dioen bezala, asko jota beste pertsona batzuei atxikiko zaie drama hori.

Kooperatibismoak badauka zer ikasi honetatik. Garai onenetan arrakasta eredua izan dena eta aberastasuna sortzeko balio izan duenak, ez du jakin ekaitzei aurre egiten. Prestatuta al dago kooperatibismoa egoera zailei aurre egiteko? Eta prestatuta badago, zerk egin du kale kasu honetan?

Ikus-entzunezkoen rallya eta Mendi hamabostaldia Oñatin

Une txarrak ari da bizitzen kulturaren mundua, kultura  hitzaren esanahi zabalenean hartuta. BEZaren igoerak eta diru-laguntza publikoen murrizketek eragin handia izan dute kulturaren profesionalengan. Besteak, herritarren ekimenetatik sortutako kulturak, gogor eusten die ekonomiaren ekaitzei.

 Aloña Mendiko mendi sailak azaroaren  6an  hasi eta 29an amaituko den hamabostaldi bikaina antolatu du (Oñatin hamabostaldiak  egun gehiago izaten dituzte, monjetara eguraldi on eske eramaten diren  arrautza dozenek bezala). Dennis Urubko kazajoarekin emango zaio hasiera, eta tartean, 22an hain zuzen, Baltistan Fundazioak lurralde menditsu haietan egiten duen lana ezagutzeko aukera izango dute Kultur Etxera hurbiltzen direnek. Kirola, kultura eta lankidetza uztartuko ditu Aloña Mendik hiru aste luzeko hamabostaldian.

Ez da aurtengo azaroan dugun kultur ekitaldi bakarra. Hilaren 16an laburmetraien rallya izango dugu. Hau antolatzen  ere ari da norbait  lanean! Egitaraua ezagutu nahi duenak, edota parte hartu nahi duenak, sarean ditu ordu, baldintza  eta jakin beharreko guztiak. Bi minutu baldin badauzkazu eman promozioko ikus-entzunezkoa ikusten.  Merezi du.

Gauza gehiago ere izan ditugu denbora laburrean. Lope 500 hamabostaldi amaitu berria ere aipatu beharra dago. Baita urte luzeetan zehar  antolatu den zinekluba, eta herritarrek antolatzen dituzten beste hainbat ekimen. Honek erakusten digu kulturarekin konprometitutako herritarrak asko direla gure artean, eta laguntza txiki batzuekin ikaragarrizko lana egin daitekeela herri bati kultur eskaintza oparoago bat eskaintzen.

26-80

2013-10-30 04.33.05

Goizeko lau t´erdiak. Gertuko bat Loiuko aireportura eraman beharra daukat eta zain nagoela argazkiko kartela ikusi dut ondo itsatsita gure kaleko eraikin baten paretan. Kalean behera gehiago ere ikusi ditut.

Zorionak helburu horiekin lanean aritu diren Udala eta Zero zaborrekoei, euren helburuak zinez bete dituztelako, baina kritika emaitza onak kaleratzeko herriko edozein paretetan (ez adierazpen libreko guneetan) paskinak kolaz itsasten dituztenei, edota  erregai fosilen deribatuez egindako plastiko ez biodegradagarriak, edo degradatzeko 300 urte behar dituztenak erabiltzen dituztenei.

Lorpenen berri emateko mila era daude gaur: aldizkariak, Interneteko atariak, eskuz eman daitezkeen edo postontzian sar daitezkeen paskinak, posta elektronikoa, nahi beste. Garbi eta ozen esan behar dut komunikazio tresna bezala ingurunea zikintzea hautatzen dutenek ez diotela mesederik egiten ez asmoari, ez bilketa modu berria ezarri  duen Udalari, ezta bultzatu duen Zero Zabor taldeari. Bi hauek ere zerbait esan beharko lukete gehiegikeria hauen aurrean.

Duela urte dezente alderdi eta eragileen arteko hitzezko paktu bat lortu zen herriko hormetan itsasten ziren kartelak, kola erabiliz egin ordez kentzeko erraza zen beste sistema batez egiteko. Gaur gutxik errespetatzen dute hori. Txaloak batzuentzat eta txistuak besteentzat. Baina txistu ozenenak, ingurunearen zainketa helburu hartuta  metodo erasokorrenak erabiltzen dituztenentzat.

Ez da urtebete pasatu Oñatiko udalak  adierazpen libreko guneak jarri zituenetik. Txalotu nuen ekimena, baina esan nuen guneekin batera, lan pedagogikoa eta araudia beharko zirela. Dirudienez lan pedagogikoak ez du emaitzarik ematen. Agian araudiaren ordua iritsi da.