Ardo eta txakolin ekoizpenak ohikoak izan dira Euskal Herriko hainbat eskualdeetan. Etxerakoa izan, nahiz helburu komertzialekin egindakoa. Gaur modan dago txakolina. Oñatin edo Arrasaten Getariko txakolina nola ekoizten duten erakusten digute urtero hedabideek, eta Getarira Gaztela-Mantxatik mahatsez gainezka etortzen diren kamioi kopuruez apustuak egiten ditugu lagun artean.
Sagardoak ere baditu zaleak, eta urte askoan baztertuta eta ahaztua egon den edari honi balio erantsia, kalitatea, eta estandarrak ematen saiatu dira sagardogile elkarteak. Gaur, edari honen kontsumoa gora egiten ari da dendetako apaletan ikusten ditugun marka eta irudi desberdin, berriei jaramon egiten badiegu.
Gauzak ez dira betik horrela izan, eta liburuek diotenez, euskal herritik abiatzen ziren itsasontziek sagardoz ondo hornituta ekiten zieten Ameriketara edota gertuago egiten zituzten bidaiei. Ura usteltzen zenez, sagardo upelak kargatzen zituzten itsasontzian eskorbutoaren aurkako antidoto onena zeramatela jakin gabe. Hori omen zen euskal marinelen artean hain eskorbuto kasu gutxi izatearen arrazoia. C bitamina hartzeko bide alternatiboa.
Gauza jakina da Debagoienean ere sagardo ekoizpenak eta kontsumoak garrantzia handia izan zuela ertaroan eta ez hain aro urrutietan.
Iñaki Zumalderi irakurri diogu 1467an Oñatiko kondeak eta bertako aitonen semeek izenpetutako hitzarmenean jasotzen zela gerra kasuetan jauntxoak herritik joandako soldaduei eman beharrekoa: “Entre tres hombres un pan e una ración de sidra, e una libra de tocino a las mañanas al yantar, e a la cena el pan e sidra como en la mañana e una libra de tocino entre cuatro”. Aspaldi batekoak dira Ensayos de historia local vasca liburuan jasotakoak. Liburu berean irakur daitekeenez 1562an kontzejuak ezartzen zuen sagardoaren salneurria “…y porque no haya falta de bastimentos, hoy mandaron que se ponga a ocho maravedís la azumbre.”
Kezkatuta eta bastimento falta iritsi daitekeenaren beldurrez sagardoa egiten saiatzea erabaki dugu Fernando lagunak eta biok. Pilarika egunean sagarrak han eta hemen bildu, (280 kg. 10 zakutan) Aramaion zukua atera eta 100 litroko upela bete dugu. Soberakinak zuku bezala edateko.
Ez dakigu zer aterako zaigun, eta oraindik erabakitzeke dugu nor gonbidatuko dugun txotx egunean. Miley Cyrus eta Albako dukesa baztertu ditugu: lehenengoa, eskandalua daramalako noranahi joanda ere, eta bigarrena, berarekin batera familia osoa eta nobleziako kideak ekartzen baditu horretan joango zaizkigulako 100 litroak.
Ikusiko dugu zer ateratzen den.