Eginaz ikasten da

2013-10-08 11.03.59

Ardo eta txakolin ekoizpenak ohikoak izan dira Euskal Herriko hainbat eskualdeetan. Etxerakoa izan, nahiz helburu komertzialekin egindakoa. Gaur modan dago txakolina. Oñatin edo Arrasaten Getariko txakolina nola ekoizten duten erakusten digute urtero hedabideek, eta Getarira Gaztela-Mantxatik mahatsez gainezka etortzen diren kamioi kopuruez apustuak egiten ditugu lagun artean. 

Sagardoak ere baditu zaleak, eta urte askoan baztertuta eta ahaztua egon den edari honi balio erantsia, kalitatea, eta estandarrak ematen saiatu dira sagardogile elkarteak. Gaur, edari honen kontsumoa gora egiten ari da dendetako apaletan ikusten ditugun marka eta irudi desberdin, berriei jaramon egiten badiegu.

Gauzak ez dira betik horrela izan, eta  liburuek diotenez, euskal herritik abiatzen ziren itsasontziek sagardoz ondo hornituta ekiten zieten Ameriketara edota gertuago egiten zituzten bidaiei. Ura usteltzen zenez, sagardo upelak kargatzen zituzten itsasontzian eskorbutoaren aurkako antidoto onena zeramatela jakin gabe. Hori omen zen euskal marinelen artean hain eskorbuto kasu gutxi izatearen arrazoia. C bitamina hartzeko bide alternatiboa.

Gauza jakina da Debagoienean ere sagardo ekoizpenak eta kontsumoak garrantzia handia izan zuela ertaroan eta ez hain aro urrutietan.

Iñaki Zumalderi  irakurri diogu 1467an Oñatiko kondeak eta bertako aitonen semeek izenpetutako hitzarmenean jasotzen zela gerra kasuetan jauntxoak herritik joandako soldaduei eman beharrekoa:  Entre tres hombres un pan e una ración de sidra, e una libra de tocino a las mañanas al yantar, e a la cena el pan e sidra como en la mañana e una libra de tocino entre cuatro”. Aspaldi batekoak dira Ensayos de historia local vasca liburuan jasotakoak.  Liburu berean irakur daitekeenez 1562an kontzejuak ezartzen zuen sagardoaren salneurria “…y porque no haya falta de bastimentos, hoy mandaron que se ponga a ocho maravedís la azumbre.”

Kezkatuta eta bastimento falta iritsi daitekeenaren beldurrez  sagardoa egiten  saiatzea erabaki dugu Fernando lagunak eta biok. Pilarika egunean sagarrak  han eta hemen bildu, (280 kg. 10 zakutan) Aramaion zukua atera eta 100 litroko upela bete dugu. Soberakinak zuku bezala edateko.

Ez dakigu zer aterako zaigun, eta oraindik erabakitzeke dugu nor gonbidatuko dugun txotx egunean. Miley Cyrus eta Albako dukesa baztertu ditugu: lehenengoa, eskandalua daramalako noranahi joanda ere, eta bigarrena, berarekin batera familia osoa eta nobleziako kideak ekartzen baditu horretan joango zaizkigulako 100 litroak.

Ikusiko dugu zer ateratzen den.

 

Erorketa iragarri baten kronika?

Uda oporren amaieran esan zidan lagun batek Fagorren benetako egoera oso larria zela; ordura arte kaleratutakoa baino askoz larriagoa. Kasu eginda ere ez nuen uste hainbesterainokoa izango zenik.

Eskualdeko eta Euskal herriko traktore izateaz gain gauzak egiteko beste filosofia batean oinarritu da Fagor. Munduan zehar eredu sozial bihurtu den ikuskera izan da. Baina eredu sozialak ez daude krisien erasoetatik libre, eta zazpi buruko munstroak Arrasateko dragoia garaitu du momentuz behintzat.

Eredu bakoitzak bere berokiak ditu krisiari aurre egiteko. Kooperatibei dagokionez beti goraipatu izan dira soldatak berregokitzeko duten malgutasuna edota baten lan soberakinak beste batean  birkokatzeko duten gaitasuna. Hau guztia ez da nahikoa izan kasuan, eta konkurtsora deitu beste irtenbiderik ez du izan. Orain, futbol zaletuek igandero entrenatzaile izatera jokatzen duten bezala, estratega izatera jokatzen dugu arazoa bere sakontasunean ezagutuko bagenu bezala, zer dagoen gaizki eta zer ez zen inoiz egin behar azpimarratuz tabernako edo kaleko berbaldietan. Fagor gurean sortua  da eta islatzen duen mezua ikaragarri ederra da: Bospasei gaztek hutsetik sortutako ekimena, herri eta hein batean eskualde batek elikatutako egitasmoa, berrikuntza eta  arriskuei aurre egiteko harrotasuna, demokrazian oinarritutako eredu justuagoa,  elkartasunaren paradigma…

Hori guztia eta gehiago, baina krisiak ez dio barkatu. Haize ufadek eta marrumek itsasontziaren masta nagusia hautsi dute hondoratzeko beldurra eskifaian zabalduaz, eta beldurrak  geldiarazten  gaitu eta erabakiak hartzeko argitasuna ilundu egiten du. Horrela erabakiak hartzen direnerako aukera asko galtzen dira bidean.

Seguru asko arazoa ez da finantzarioa bakarrik, ez da injekzio finantzario batekin konpontzen, eta egitura merkatuaren beharretara egokitu ezean etorkizun iluna izango du horizonte hurbilean.  Salba daitekeen enplegua ziurtatuko duen bideragarritasun plan bat ezinbestekoa da finantzazio plan batek bakarrik ezin duelako arazo ekonomiko bat estali.

Gipuzkoan ikur diren beste enpresa batzuk ere pasa dira egoera honetatik. Irizar eta Erreala dira azken adibideak, baina CAF bera ere ez da beti ibili gaur egun bezala. Balentziaga edo Zamakona untziolak dira aurrekoekin batera krisi sakonetik bideragarritasun plan on batekin atera daitekeela erakusten duten beste eredu batzuk.

Ez dute erronka makala Fagorreko kudeatzaile eta bazkideek balore kooperatiboak baztertu  gabe esku artean duten arazoari buelta eman nahi badiote. Kapital elkarte batek ERE bat eska dezake langileentzat eta berregituratzeari ekin. Bide horiek itxita daude jabe eta administratzaileentzat. Kooperatibek, eta kasuan Fagorrek beste bide batzuk urratu beharko dituzte aurrera egin daitekeen guztiarekin aurrera egin ahal izateko. Dagoeneko berandu ez bada,eta urak pasa ondoren presa eraikitzeari ekin ez badiote.

Asma bezate guztion onerako izango baita.

Wert legea eta euskal kurrikuluma

Susmagarria da oso Wert legea deritzona onartu behar zen aste berean PIAAC deituriko txostena argitaratzea.  Wert jaunaren hezkuntz-ideologiari babes zientifikoa emateko  sortutako trikimailu bat dirudi, eta Ministerioko webgunea ikusi besterik ez dago txostena nola erabili den ikusteko, bertan zehazki eta zalantza barik PSOEri eta LOGSEri egozten baitzaizkio egoeraren erru guztiak.

Txostenaren erabilera zikoitza ezin da aitzakia izan  emaitzak txarrak direla ezkutatzeko. Azterketak 16 eta 65 urte bitarteko populazioaren ezagutza maila agerian utzi eta zeresana eman du Espainian, bertako irakaskuntza sistema Ekonomia Lankidetza eta Garapeneko Erakundeko 23 estatuetako eta Europar Batasuneko batezbestekoen azpitik kokatzen duelako matematika eta lengoaiaren ezagutzari eta ulermenari dagokienean; zerbait hobea gazteen artean. Zaharrenen geruzan, 55-65 urte bitartekoan, espainiarrak  emaitza onenak ateratzen dituztenekiko %20 -25 azpitik daude, eta  16-24 urte bitarteko geruzan aldea %18ra murrizten da.

Eskuinak oso gustura irakurri ditu datuok eta gogor salatu ditu LOGSE eta ondoren onartutako arau guztiak. Kongresuak Gobernuko alderdiaren boto bakarrekin onartutako legeari harira datorkio.

LOGSEk baina, gauza on asko ekarri zizkien espainiarrei, eta guri, gure hezkuntza sistema haren mendean zegoelako. Besteak beste derrigorrezko hezkuntzaren adina 14 urtetik 16ra igotzea irakaskuntza sozializatuz eta guztien eskura jarriaz. Okerrik ere egin zen igarobidean, irakaskuntzaren maila, sisteman jarraitu behar zuten ikasle berri horietara egokitu zelako eskola porrota jaitsi ez zedin. Exijentzia maila apropos jaitsi, eta ondoren ere horretan jarraitu duelakoan nago. Horrela aditzen diet behintzat hainbat lagun irakasleri.

LOGSE onartu eta ondorengo urteetan, aurrez zeuden hezkuntza helburuak urruti geratzen zirela ikusirik, metodoak bihurtu ziren eztabaidagai. Ikasi beharrekoa eta bereganatu beharrekoak baino garrantzitsuagoa bihurtu zen nolakotasuna, eta hainbat ikastola eta eskoletan denbora galtzea eta samina ekarri zuten eztabaida antzuak eta erasokorrak  piztu ziren, helburuak lortzeko ez dakit ze eskolako metodo esperimentala onena zela, edota beste hark planteatzen  zuen sistema askoz egokiagoa zela defendatzen zutenen artean, ez batekoek ez bestekoek ez ziotelarik froga garbirik eransten eztabaidari.

Gaur, Wert legeari euskal kurrikulumarekin erantzun nahi diote euskal hezkuntzako eragileek. Bide egokia dirudi, baina gaizki egingo lukete eragileok dagoeneko gaindituta beharko luketen eztabaida metodologikoetan nahaspilatuko balira. J.A. Flecha irakasleak Larrun aldizkarian zioena kopiatuz, “Nola izango dira garrantzitsuak prozesuak, garrantzitsuak emaitzak dira! Prozesuak garrantzitsuak dira, emaitza onak ekartzen badituzte. Ez dut irudikatzen inor joaten denik bihotzeko ebakuntza egitera pentsatuz: ez, garrantzitsua prozesua da, ez emaitza”.

Bide beretik, lehen helburua izan beharko litzateke gure hezkuntza sistema maila gorenean daudenetara hurbiltzea, gurea Espainiako batezbestekoaren gainetik badago ere, Espainiako beste komunitate batzuenen azpitik eta munduko onenen dezente azpitik dagoelako gaur gaurkoz. Irakaskuntzan inbertitzen duguna emaitza hobeak lortzen dituzten hainbat herrialdeern mailan dago. Ikasle-irasle ratioak ere bai. Zerk egiten du kale?

Beste batzuk aspaldi asmatu zuten guk behar duguna. Balore irmoetan oinarrituta, ezagutza maila gorenak eta ekitate zabal bat eskaintzen duten hezkuntza sistemak badaude munduan. Horrela bada, zergatik ez jo enpresa munduan hain ezaguna den benchmarkingera? Hau da, praktika onenak hauteman, aztertu eta gurera egokitzera?

Igande eguerdia Zubietan

 

 

Inoren ESKUBIDEAK defendatzea delitu ezin denez izan,

nire elkartasuna Auzitegi Nazionalak atxilotutako

Herrirako kideei, eta presoen, beren

familiartekoen, edota inoren

eskubideen alde ari

den orori.


Herrietako jaiak  egun oso garrantzitsuak izaten dira urtean behin edonorentzat baina bereziki gazteentzat. Beharrezkoak, egun batzuez urtean zeharreko loturak eta inhibizioak hautsi eta beste harreman batzuei, edo beste harreman mota bati ateak zabaltzen zaizkielako.

Urteetan aurrera joan ahala, jaietako ilusioa galdu eta loari garrantzia gehiago ematen zaio, baina Oñatiko gure kaleko etxeetan asteburu eta jaietan lo egitea amets bihurtzen denez, motxila hartu eta beste paraje eta planen  bila abiatzen naiz.

Iraila-urriko asteburuetan uste baino aukera gehiago agertzen dira agendan arakatuz gero. Aurreko igandean Donostiako (eta Usurbilgo) Zubieta auzora joan ginen goiz pasa. Asko aldatu da. Txalet txikiak ikus daitezke nonahi, baina plaza ingurua, eta bereziki errebote plaza, ez da bat ere  aldatu.  Zutik jarraitzen du, 1813an Donostia berreraikitzeko erabakia hartu zen Aizpurua baserriak ere. Berriztatuta eta dotoreago noski.

Errebote partida bat ikustea zen gure asmoa. Zubieta, Donibane Lohitzuneko Luzaz Gazteren aurka. Ez da gaur egun erraz izaten horrelako ekitaldi baten berri izatea,  laxoa bezala gainbeheran joan den pilota modalitate bat delako errebotea. Zaharra bezain bitxia. Konplikatu samarra ere bai, eta bereziki, inoiz ulertu ez dudan arraien eta arraien inguruko  kontu hori.

Gogoan dut, Donostiako nerabezaroan, gaur Anoeta trinketa eta Gaska polikiroldegia dauden inguru horretan, errebotea zeritzan  esku baloi zelai estali gabea zegoela, bertan 1952an eraiki zen errebote plazaren azken arrastoa. Aurretik, Atotxan ere izan zen eta argazkian ikusten denez jende dezente joaten zen bertan jokatzen ziren partidak ikustera.

Gaur berriz, anekdota hutsean geratu dira errebotea, laxoa, pasaka eta beste modalitate batzuk. Pilotako munduko lehiaketetan ere ez dira jokatzen.  Gipuzkoan, Zubieta, Billabona eta Oiartzunen bakarrik jokatzen dira. Eta Gipuzkoatik kanpo Iparraldean eta Nafarroako Baztan inguruan soilik bizirauten dute.

ETBk txinga jokoak,  aizkora demak eta era guztietako euskal jokoak eskaintzen dizkigu igandero. Baita estropadak ere. Ez legoke gaizki eskuko pilotaz aparte modalitate zahar hauek ere irauten dutela konturatuko balira kirol arduradunak. Seguru krisi denbora honetan merkeago ere aterako litzaiekeela noizean behin profesionalekin ahaztu eta amateurrei tokia egitea.

Bitartean, eta beste aukerarik ez dagoenez, urrian zeharreko igandeetan hiru herri horietako plaza bat aukera dezakezu  bisita egin, inguruak ezagutu, partida ikusi, eta hamarretakoa eginda etxera papo itzultzeko.

A! partida, bikaina benetan, Luzaz Gaztek irabazi zuen 13-7. Hemen zubietarrek lortutako kintze bat.