Nola ez idatzi sei hilabete egin dituzunean 15 egunekin -eta seguru orduan orain baino gutxiago ulertzen zenidala- idatzi banizun.
Jakina zalantzak izan ditudala. Handiak! Baina pentsatu dut koldarra izango nintzatekeela orain atzera egingo banu. Gauzak asko aldatu dira ordutik hona. Orain orduan ez nekiena dakit. Naturak tantaka eskaintzen duen aldaera horietako bat eskaini zizun, eta zuk hartu. Baina hori ezin da izan orain atzera egiteko arrazoia. Idatzi behar dizut. Eta urte bete egingo duzun egunean ere bai.
Bi ostiral dauzkat markatuta. Egunen baten jakingo duzu zeintzuk diren. Batean aspaldiko albisterik onena jaso nuen. Besteak barruak nahastu zizkidan. Ez dut ulertzen zergatik, baina ez gaude prestatuta albiste mota hori entzuteko. Zorigaiztoko bihurtzen ditugu eta egun haietan bizi izan nituenak nik beste inork ez daki.
Ordutik hona zure minek eta bihotzeko gorabeherek nirea erdibitu dute behin baino gehiagotan, baina jaso ditudan pozak eta albiste onak horiek baino askoz gehiago dira. Aurrera nola egiten duzun ikusteak biziberritzen nau. Aurrerapen bakoitza garaipen bat da eta hurrengoaren zoru bihurtzen da egiteko daukazun bide luzean.
Bidaia zurekin batera egiteko gogoa pizten zait, baina ez da nire egitekoa. Horretarako daude Miren eta Bernat eta zuen mundua. Badakit momentu zailak ere etorriko direla, baina nork ez ditu bere bizitzan bizi izan. Nori ez zaio bizitzaren garraztasuna une batean edo bestean agertzen. Zuk ez dituzu gure munduaren gakoak ulertzen eta ez duzu ikusten zenbat jende ari den sufritzen gure inguruan. Hala ere aurrera egin beharra dago. Ezin dugu esperantza baztertu.
Bitartean, ni Mugarik Gabeko Aitona-amonen Gobernuz Kanpoko Erakundean sartzea lortu duzu. Ez nuen uste horrela izango zenik baina harro asko joaten natzaizu bila ikastolako haurtzaindegira zure itxaropen begi urdinen eta zorion irribarre maltzurraren zain. Asteartetako elikagai onena izaten da niretzat.
Beno txikí! utzi egin behar zaitut aitorpen hauek guztiekin lotsatzen hasita nago eta. Badakit zeure buruari galdetuko diozula zergatik ez dizkizudan hauek guztiak lasaitasunez esaten blog batean idatzi ordez, jakinik primeran ulertzen didazula.
Arrazoia duzu. Lotsa kontua ere izango da. Baina ez kezkatu, hemen idatzitakoak ez dituelako jende askok irakurtzen. Ezagunek bakarrik. Zuk, nik, Miren, Bernatek eta haien ingurukoek bakarrik. Lagun arte itxian geratuko da guztia.
Kosta egiten zait agur esatea, baina egin beharra daukat. Gero arte zorteko banaiz, eta blog honetatik, sei hilabete barrura arte.
Adio, eta laztan bat.