Iris Grace and The AutistiX

Atzo goizean jaiki, ohi dudan bezala euskalmeteko atarian sartu eguraldi iragarpena irakurtzeko, eta ondoren ohiko pare bat agerkari digitaletan sartu nintzen. Atentzioa eman zidan albiste bat aurkitu nuen. Daily Mailek hiru urteko neskatila autista baten margolanen berri ematen zuen. Iris Halmshaw-ek, horrela du izena, erakusketa bat egin du eta hainbat lan saldu ditu enkantean. Haren margolanengatik 1500 libera ordaintzera iritsi da bildumagile bat. Bere webgune propioa ere badu, eta bertan bere eta bere lanen berri aurki dezakezue. Egia esan, albistea harrigarria da. Are gehiago haur honen abstrakzioek oreka bat eta teknika edo diziplina  bat dutela erakusten dutelako. Badirudi, pintzel bakoitzaren arrastoa eta margo tanta bakoitzak, buru argi eta heldu batek agindutako kokapen harmonikoa lortzen dutela, eta ez gaudela  zoriz edo aliritziz  betetako mihiseen aurrean.

Vimeon Iris lanean ikusi ahal izango duzu. Bideo liluragarri eta xarmanten bidez ikusi ahal izango duzu nola hasten den mihise bat betetzen, eta mihisea amaituta.

Horraino albistea. Gogoan dut duela 35 urte inguru, irakaskuntzan ari nintzen orduan, Aranzadi ikastolan lehenengo gela bereziak abian jartzen hasi ginela Bergarako kabinete psikopedagogikoaren laguntzaz. Lan asko egin zen arlo horretan eta  urritasun psikikoak zein mugimenduzkoak zituzten haurren integraziorako bideak jartzen lehengotarikoak izan ginen. Ume autista bat geletan integratzen ere saiatu ginen baina ezinezkoa izan zen. Ahaleginak ez zuen inolako emaitzarik eman ez onik ez txarrik. Ezer ez.

Irisena bezalako kasuak ez dira oso ohikoak. Adin horretako ume batek ezingo luke horrelako lanik egin ez balitu irudimen, inteligentzia eta gaitasun oso bereziak. Irisek bai? Horrela izango da.

Freskotasun, sinesgarritasun eta naturaltasun gehiago darie The AutistiX taldekoei. Hauek ere bere webgunea dute. Uda honetan Euskal herrian ibili ziren bere rocka erakutsiaz.  Urritasunik ez dutenik ere badute taldean eta musika dotorea eta interesgarria egiteko gai dira. Motxila 21ekoekin (12 down sindromedun neska-mutilek osatutako taldea) London Callingekin ere ausartzen dira. Sei minutu baldin badituzu ez galdu bideo hau.

 

Gaur sei hilabete

Nola ez idatzi sei hilabete egin dituzunean 15 egunekin  -eta seguru orduan orain baino gutxiago ulertzen zenidala- idatzi banizun.

Jakina zalantzak izan ditudala. Handiak! Baina pentsatu dut koldarra izango nintzatekeela orain atzera egingo banu. Gauzak asko aldatu dira ordutik hona. Orain orduan ez nekiena dakit. Naturak tantaka eskaintzen duen aldaera horietako bat eskaini zizun, eta zuk hartu. Baina hori ezin da izan orain atzera egiteko arrazoia. Idatzi behar dizut. Eta urte bete egingo duzun egunean ere bai.

Bi ostiral dauzkat markatuta. Egunen baten jakingo duzu zeintzuk diren. Batean aspaldiko albisterik onena jaso nuen. Besteak barruak nahastu zizkidan. Ez dut ulertzen zergatik, baina ez gaude prestatuta albiste mota hori entzuteko. Zorigaiztoko bihurtzen ditugu eta  egun haietan bizi izan nituenak nik beste inork ez daki.

Ordutik hona zure minek eta bihotzeko gorabeherek nirea erdibitu dute behin baino gehiagotan, baina jaso ditudan pozak eta albiste onak horiek baino askoz gehiago dira. Aurrera nola egiten duzun ikusteak biziberritzen nau. Aurrerapen bakoitza garaipen bat da eta hurrengoaren zoru bihurtzen da egiteko daukazun bide luzean.

Bidaia zurekin batera egiteko gogoa pizten zait, baina ez da nire egitekoa. Horretarako daude Miren eta Bernat eta zuen mundua. Badakit momentu zailak ere etorriko direla, baina nork ez ditu bere bizitzan bizi izan. Nori ez zaio bizitzaren garraztasuna une batean edo bestean agertzen. Zuk ez dituzu gure munduaren gakoak ulertzen eta ez duzu ikusten zenbat jende ari den sufritzen gure inguruan. Hala ere aurrera egin beharra dago. Ezin dugu esperantza baztertu.

Bitartean, ni Mugarik Gabeko Aitona-amonen Gobernuz Kanpoko Erakundean sartzea lortu duzu. Ez nuen uste horrela izango zenik baina harro asko joaten natzaizu bila ikastolako haurtzaindegira zure itxaropen begi urdinen eta zorion irribarre maltzurraren zain. Asteartetako elikagai onena izaten da niretzat.

Beno txikí! utzi egin behar zaitut aitorpen hauek guztiekin lotsatzen hasita nago eta. Badakit zeure buruari galdetuko diozula zergatik ez dizkizudan hauek guztiak lasaitasunez esaten blog batean idatzi ordez, jakinik primeran ulertzen didazula.

Arrazoia duzu. Lotsa kontua ere izango da. Baina  ez kezkatu, hemen idatzitakoak ez dituelako jende askok irakurtzen. Ezagunek bakarrik. Zuk, nik, Miren,  Bernatek eta haien ingurukoek  bakarrik. Lagun arte itxian geratuko da guztia.

Kosta egiten zait agur esatea, baina  egin beharra daukat. Gero arte zorteko banaiz, eta blog honetatik, sei hilabete barrura arte.

Adio, eta laztan bat.

Doña Ana

Madrid, Madrid, Madrid

en Méjico se piensa mucho en ti;

por el sabor que tienen tus verbenas

por tantas cosas buenas

que soñamos desde aquí;

Pozik asko joan ziren Madrileko alkate Doña Ana, Asturiaseko Printze On Felipe, eta ez dakit zenbat mandatari gehiago, Juan de Garay euskaldunak XVI mendean sortu zuen Buenos Aires hirira  Mexikora joan beharrean, handik ba al dakit zenbat onura, inbertsio eta diru ekartzeko asmoz.

Aurkezpena ederki asko prestatu ere bai, auskalo zenbat mila euro kobratzen zituen komunikazio aholkulari iparramerikarrarekin batera. Antza iparramerikarraren ideiak eta espainiarraren sen eta ezagutzak batu ezinezkoak izan eta porrot itzela maletan itzuli zaizkigu, triste, Argentinako negua utzi eta hemengo udazken eta negu ilunerako pasabidea prestatzera.

Doña Anak esandakoek paper eta ikus-entzunezko asko bete dituzte. Printze txikiarentzat berriz guztia miresmen eta ohore.

Niri berriz, atentzioa eman dit odol urdindunak botatako zerbait: Kirolak duintasuna, tolerantzia eta errespetua ematen ditu (El deporte da dignidad, tolerancia y respeto). Eta ni, dontsu horrek, pentsatzen balore horiek berezkoak beharko zituela estatu bateko buru izan nahi duen batek, eta ez kirolaren praktikaren bidez ikasitakoak!

Badirudi kirolean ere odolaren koloreak bereizten gaituela. Taldeko kiroletarako baldar samarra izanik, mendia, pilota (palaz) eta footinga izan dira nire bizitzan gehien egin ditudanak. Baina odol urdindunak kirolaren bidez erdietsitakoak eta nik ikasitakoak ez dira berdinak izan. Kirolak, ahalegina, egoera txarrenei aurre egiteko gaitasuna, norbere buruaren kontrola, hobetzen saiatzea, lehiakortasuna (ez lehiakorkeria) eta beste hainbat gaitasun eskaini dizkit niri. Printzeak kirolaren bidez ikasitakoak beste eskola batzuetan ikasi ditut.

Duintasuna, tolerantzia eta errespetua berezkoa beharko genituzke txiki txikitatik, eta etxean eta eskolan ondo sendotutako balioak beharko lukete kirol praktikaren zain egon gabe. Zer gertatu behar da bestela kirola egitea maite  ez dutenekin?

Zoritxarrez gure artean behar baino gehiago dira balio horiek oraindik bere egin ez dituztenak. Baina orain sikiera, badakigu zein den gaitz hori jasaten dutenek duten konponbidea. Eta nork esango, gakoa Madrileko kandidatuaren alde Printze txikiak emandako diskurtsoan zegoenik!

 

Ganbaran aurkitutakoa.

Kristau egutegian Arantzazuko Ama Birjinaren eguna dela aitzakia hartuta, duela hilabete batzuk ganbarako kutxa batean aurkitu nuen paper baten berri emango dizuet. Arkatzez, kaligrafiako letra txukunez idatzita, Ama Birjinari eskainitako kanta bat da. Musikarik ez. Orri-paperarekin batera ikasketa koaderno batzuk, Hierro, Bilboko mugimenduko (Glorioso Movimiento Nacional)  egunkariko ale baten orriekin forratuta. Idatzia ere sasoi hartakoa izan daitekeela adierazten du egunkariak.

Aurkitutako papera

Aurkitutako papera

Faktura orri baten atzea aldean dago idatzita kanta edo bertsoa. José González Auto repuestos, dio.

Faktura orriak ere 194…ko data darama. Hamarkada horretakoa behar du bertsoak ere, eta arkatzez eta letra garbiz dago idatzita. Ez ditut hitzak ezagutzen eta musika are gutxiago.

Idatzita dagoen bezala transkribatu dut, erre azentudunak salbu, ordenagailu madarikatuak ez didalako tildea kontsonante gainean idazten uzten. Erre markadunak etzan egin ditut hobeto bereizteko.

Ikasketetako beste koaderno guztiak gaztelera hutsean daude, sasoi hartan, euskara  elizako ikasketa eta kantetan bakarrik erabili zitekeenaren seinale. Hemen doa bitxikeria gisa.

 

 

 

Euzkal eriko Ama birgiña´ren abeztia (Himno a la Virgen de Basconia).

Euzkaldunen Ama Kutun

Arantza ganeko Eregin Aloñan

Itxaso goiz izar Itziar Begoñan                                            

Ta Araban Lore eztidun

Euskal eregin samura,

Gure etxe,soro, itxas, lantegi soñua

Egaz doakitsu otoitz biurtua,

Zure eriak, maitez dakitzun,

Agura ta seme ezkintza gartsua.

Beruana. Umorea eta Goiena.

Umorea elikagai garrantzitsua da pertsonentzat. Era guztietako bitaminak eskaintzen dizkigun toxina guztien aurkako  antidotoa da, eta kaloriak murrizteko duen gaitasuna eztabaida ezina da. Matrailako giharrak tonu onean mantentzea da eskaintzen digun beste onura bat. Euskaldunen artean guztiz maitatua baina gutxi erabilia aldizkari eta egunkarietan eta are gutxiago gai jakin batzuei buruz ari garenean. Umore idatziaz ari naiz noski.

Ematen du euskarak ahozkotasunetik idatzizkora egin duen bidean umorearen gaia ahaztu duela bazter batean. Fisikaz idatz genezake, ekonomiaz, ingeniaritzaz, baina umoreaz kosta egiten zaigu. Baita txisteak euskaraz kontatzea ere.  Gurean txiste kontalari ezagunenak gazteleraz aritu izan  dira, Karlos Argiñano kasu, edo lehenago euskal hiztunei edo casheroari iseka eginaz gazteleraz aritu ziren Pello Kirten edo Chomin del Regato umorista dorpeak adibidez.

Badaude salbuespen batzuk. Kike Amonarrizek Argian idazten duen tartea datorkit gogora, eta atzerago eginaz, IGELA, euskaldun heterodoxoen aldizkari ironiko propaganda politiko edo erlijiozkorik  gabea, Jon Mirande eta Txomin Peillenek besteak beste sortutakoa eta tamalez gehiegi iraun ez zuena. Sasoi hartan euskaldun heterodoxoa eta jarrera politiko edo erlijioso gabea izateak bazituen bere arriskuak.  Gaur ere bai. Satira eta adar jotze idatziak min egiten dute oraindik, eta barrea eragiteko asmoekin gai batzuk ukitzea arriskutsua bihur daiteke.

Dani Larreak uztailaren 26an Beruana izenburuarekin idatzi zuen gutunak ez zituen gai arriskutsuak ukitzen, baina idatziari zerion ironia eta herriko euskara dotoreak kontraste eta haize freskoa sartzen zituen gehienetan konfrontazio politiko gupida gabea eta aldarrikapena nagusi dituen sekzioan.

Horientzat ere tokia behar da noski, baina umorea eta umore klabeetan idatzitakoak ere terapia sanoak dira guztiontzat; baita ere politikako ur sakonetan murgilduta bizi direnentzat edota bizitzak eskaintzen dizkigun egoera edo une zailak bizitzea egokitu zaienentzat.

Horregatik Goienako hedabideek, idatzizkoek eta besteek, umoreari uzten dioten tarteak, oraingoak baino dezente handiagoak izan beharko liratekeela uste dut. Bergarako udalak antolatzen duen Koldo Eleizalde literatur lehiaketan toki bat dago umorearentzat. Ez dakit ze arrakasta duen zenbat idazten den, ze genero, baina ez legoke gaizki Goienak horrelako ekimenak bultzatzea; argazki lehiaketak antolatzen dituen bezala txiste lehiaketak edo umorezko kontakizunen lehiaketak antolatzea; telebistan tarteka umore saio bat egitea…  Ez da erraza, arriskutsua ere izan daiteke, baina gaur duen konbentzionalismo eta zurruntasunarekin tarteka haustea ona litzateke  gure gizartearen osasun fisiko eta burukoak eskertuko luke.

Ea animatzen diren.