Iritsi dira azkenean urte osoan amestutako egunak. Yavehk Adan, Evari eta euren ondorengoei betirako ezarritako zigorraren ondorioak pittintxo bat leuntzen dituzten egunak. Zer diot leundu, egun hauek ere, egunero, urtean zehar, gure bekokiaren izerdiarekin irabaziak dira eta!
Sasoi berezia da opor aurretiko hau. Gutxi edo asko guztiok estresatu itxura eman beharra izaten dugu urtean zehar ondokoak adina edo lan gehiago egin dugula erakusteko, edo besterik gabe, eta hau ez da itxurakeria, opor bezperetan beste estres mota batek hartzen gaituelako; oporraldia antolatzearena, alegia. Arrazoi bikoitzeko estresa, egin dugunak eragindakoa batetik, eta egin behar dugunak sortutako antsietateak eragindakoa bestetik.
Oporrak ondo antolatzea garrantzitsua da; onena bidaia exotiko bat egitea. Honekin auzokoen eta lankideen inbidia ez ezik, urte osorako pilak kargatzea ere lortzen omen da. Lehenengoa oso garrantzitsua da, lanera itzultzean (suerte hori izango duten gutxiak martxa honetan), lankideen berriketaldien erdian kokatzen gaituelako, bereziki lehenengo eguneko lehenengo lan orduetan, edo kafe orduan oporrei buruzko informazioa eman beharra plazerezko ekintza bihurtzen denean. Oporretako egunkaria ondo aletu, prezio merkeenak lortu ditugula frogatu eta argazki batzuk erakustea oso garrantzitsua izaten da lehen lan eguneko erritual hori ondo betetzeko.
Ni inoiz baino lasaiago iritsi naiz aurten. Adina izango da agian edota lan karga handiena aurreko asteetan egin izana, baina gaur goizean ispilu aurrean jarri naizenean ez dut nekatu zimurrik ikusi nire aurpegian. Hala ere uste dut mereziak ditudala oporrak, eta hasteko, Jazzari emango diot aukeratxo bat, baldin eta Trinitateko plazaren gainaldean dagoen Gastronomikako jaleek ez badidate eragozten beren berriketaldi baldar eta ozenekin Pharoah Sanders eta Hiromiren doinuak entzutea. Ogitartekoa eta katxia eskuan iluntze pasa politak espero ditut. Hurrengo egunetan, patxadan, zain egonean, gurean oporrak antolatzen dituenak zer eta nora egin behar dugun erabaki arte (dagoeneko aurreratuta dauka lana) emango ditut egunak, horixe izaten baita oporrak disfrutatzeko modurik onena.
Hori bai, abuztuaren 1ean Raxoik esango dituenak entzuteko irrikaz. Azala behar du estatu bateko presidenteak bere herritarren lehen opor eguna aukeratzeko ustelkeriak kutsatuta ez dagoela frogatzen saiatzeko. Abuztuaren 15erako dena ahaztuta izango dugulakoan.
Handiagoak ikusi behar ditugu oraindik! Epaileen botereak goi mailako iruzurgileak nola babesten dituen ikusita ez gintuzke horrek asko harritu behar, baina herritarrei hain errespetu gutxi erakustea…