Euskarazko hedabideak bizirik.

Aurreko larunbatean Berriaren 10. Urteurrena ospatu zen Andoainen.

Jende andana: administrazioko ordezkariak, hedabideetako kideak eta Berriaren lantaldea eta komunitatea bildu ziren ospakizunera. Pena dut ez nuelako bertaratzeko betarik izan.

Larunbat goizean  Argiaren ekainaren 23ko zenbakia irakurtzeko hartu nuen. Euskarazko hedabideekin lotutako bi albiste, aurretik ezagunak izan arren gogoeta eragin zidatenak: Xabier Letonaren gutuna azalduz Argiako zuzendaritza uzten zuela Estitxu Izagirrerren eskutan, eta Iban Arregiri Berria taldeko kontseilari ordezkari berri moduan egindako elkarrizketa.

Euskarazko hedabideetako arduradunen esparrua erabat aldatu da azken urte hauetan. Argian zuzendari berria, Berrian presidente berria (zoritxarrak eragindako aldaketa) eta kontseilari ordezkari berria, eta maila apalago batean Goienan ere presidente berria. Elhuyarren ere izan dira mugimenduak.

Aldaketok gogoeta prozesu luzetatik eta aurrez hartutako erabakietatik etorri dira. Orokorrean aurrez pentsatuak eta planifikatuak izan dira.

Aldaketa hauetatik hainbat irakaspen atera daitezke. Lehena, zuzendaritza arduretan emandako aldaketak prozesu naturalak eta berekoikeriarik gabekoak izan direla, eta hamar urtez  erantzukizun postuetan egon ondoren ardurak beste batzuei uztea naturala eta sanoa dela.Eta horrekin batera erakusten dute gazteagoek ere promoziorako eskubidea dutela eta betikotzen diren kortxo zaharrak ez direla onak erakundeetan, alegia askotan odol eta ideia zaharrak alboratu eta berriak behar izaten direla.

Iban Arregik bere elkarrizketan dio: “Azken bizpahiru urteetan euskarazko hedabideen sektorea zuzentzeko ardura izan dugunok elkar ezagutzeko aukera izan dugu, konfiantza sortu da  eta beldur asko mahai gainean jarri ditugu gure arazoei buruz hitz egiteko”. Prozesu hauetan kide izan naizen neurrian, bat egiten dut Ibanek esandakoekin, eta gaineratu behar dut Joanmari Larrarte eta Xabier Letona bezalako pertsonek, eta zer esanik ez Iban Arregik berak, ahalegin handi bat egin dutela euskarazko hedabideen sektoreko kideen artean harreman estilo berri bat  sortzeko eta  ilusioak berpizteko.

Gaur egun, herenegun arteko mesfidantzak bazterrean utzita aurrera begira bizi da sektorea. Lan giro desberdina sumatzen da -salbuespenak salbuespen- eta lankidetzaz eta proiektu berriak sortzeaz naturaltasunez hitz egiten da. Honek ez du esan nahi bide erraza dugunik aurretik, baina  duda barik argazki berri baten aurrean gaude.

Joanmari, Xabier, Joxean edo Estepan, sortzeko eta hedabideen munduak exijitzen dituen aldaketak aurreikusteko gai izan dira. Haiek, eta haien taldeak, zuzendari eta erredaktoreak. Lekukoa hartu dutenak (Iban biak, Arregi eta Arantzabal, Bea, Estitxu, Aitor…) eta beren lan taldeak gai izango dira aurrekoen laguntzaz eraikitakoa indartzeko eta egonkortzeko. Ez dut zalantzarik.

 

Aranzadi Ikastolaren inaugurazio ekitaldia

Aranzadi ikastolako inaugurazio ekitaldira gonbidatu ninduten aurreko astean. Atseginez onartu ere bai, nire laneko bizitzaren zati handi bat bertan eman baitut. Aspalditxo ahaztu nituen hezkuntzarekin lotutako buruhausteak, baina kide izan naizen proiektu guztien jarraipena egitea gustatzen zait. Lagunak ere baditut han oraindik eta estimatzen dudan jendea ere bai. Partaideko lankide ohiekin urtero egiten dut bazkari edo afari pare bat. Betik dago tarte bat oroitzapen onak gogora ekartzeko.

Ez du  bizimodu erraza izan Aranzadi ikastolak gurasoek sare kontzertatuan jarraitzea erabaki zuten egunetik hona.  Ikastola beste modu batera irudikatzen zutenek ez zuten erabakia irensten jakin eta ibilbidea zailtzen saiatu zitzaizkion. Batzuk Bergarako hezkuntza sarean ikastola kontzertatu bakar bat (Mariaren lagundia) eta eskola publiko bakar bat irudikatzen zutelako, besteek herri honetan “pribatu” eta “publikoaren” artean basamortua baino ez dutelako ikusten, eta bakarren batek interes korporatiboak tarteko, ahalik eta traba gehien jartzen saiatu zitzaizkion. Sare publikoan ez zelako integratu, egindako  hobekuntza obra batzuengatik Jaurlaritzak obra horiek finantzatzeko emandako diru-laguntza guztiak itzul arazi zizkion. Asko izan ziren obratarako diru-laguntzak jaso zituzten ikastolak; bi dirua itzuli behar izan zutenak. Aranzadi Ikastola bietako bat, eta Sailburu abertzale baten aginduz.

Dirudienez denbora ilun haiek pasatu dira. Egindako obrak ikusi baino ez da behar proiektuaren atzean dagoen ilusioa, indarra eta kemena zenbaterainokoa den antzemateko. Aranzadi ikastola herri ekimen bat izateko bidean dago berriro. Gurasoek bere denbora librean egindako eskolaurreko instalakuntza berriak inbidia sentitzeko modukoak dira, eta gogora ekarri dizkidate duela hogeita hamar urte Romero margoak  (Lorenzo zen jabea?) buru, gurasoak gelak margotzen ibiltzen zireneko denborak.

Berrogei urte bete ditu Aranzadi Ikastolak. Beste berrogei opa dizkiot. Euskal Herrian hiru hizkuntzen hezkuntza eredua modan jarri denez, long life to Aranzadi! (horrela esaten ote da?)

Luxu bat

 

Luxu bat da bai, Oñatiko parrokian igande arratsalde batez Mozart-en Requiema entzun ahal izatea, kamara orkestra bat, lau bakarlari eta bi abesbatza interpretazio lanetan.

Requiema Oñatiko parrokian

Luxu bat da kaleko tabernaria historialari ezagunaren eskutik, edota erretiratu bat oraindik urteetan lanean jardun beharko duen ikastolako andereñoarekin, guztiak elkarrekin kantuan entzutea.

Luxu bat da musikeneko ikasle aurreratuenek Bergarako hainbat soinujolerekin osatzen duten kamera orkestra  eta korua lagun dutela, herriko seme-alabak bakarlari lanetan entzutea herriko zuzendari baten agindupean. Izan Bergarakoak izan Oñatikoak.

Luxua izanagatik ez da perfekzioa. Ezta behar ere! Horra iristeko bide luzea egin beharko lukete, eta seguru asko ez dira inoiz iritsiko perfekzio musikalera  gehienen helburua kantuan disfrutatzea eta disfruta araztea delako.  Eurei eskerrak ordu bete bikain bat eman genuen musikaz disfrutatzen sasoi batean infernuko garren eta amaiera gabeko zigorren berri maiz entzun zuten pareta, zutabe eta erretaulek babestuta. Gainera bestela inoiz entzungo ez genuen lan bat zuzenean entzuteko aukera izan genuen. Luxua!

San Pedro egunean Bergaran  izango ditugu berriro lanean. Seguru han ere kontzertu-gela betetzea lortzen dutela.

Goiena.netetik hartutako argazkia

Fiskalitateaz

 

Fiskalitateaz hitz egiten dugunean zerga-bilketaz eta gastu publikoaren banaketaz hitz egin beharko genuke, baina gehienetan, eta are gehiago oraingo egoeran, sarrera publikoak kosta ahala kosta mantendu beharragatik zerga-bilketa nola handitu bihurtzen da eztabaidagai nagusia. Eta horretan ari omen dira EAEko alderdi politikoak, bakoitza bere proposamenak mahai gainean.

Betik irakurri eta entzun izan dugu Euskal Herriko presio fiskala Europako estatu aurreratuenetakoa baino baxuagoa dela. Sarri errakuntza  batekin lagunduta joan ohi da baieztapena. Presio handiagoa badute, gehiago ordaintzen dutelako da (ez gehiagok), beraz tipo handiagoak dituztelako.

Hau ez da horrela. Gutariko bakoitzaren ahalegin fiskala europar aurreratu baten mailakoa da.

KPMGk sarean eskegitako txostena begiratzen badugu, ikusiko dugu Europan bi estatuk bakarrik dutela Espainiak (%52) baino tipo marginal altuagoa: Danimarka (%55,4) eta Suedia (%56,6) dira. Gurean, tipo marginala igotzeko tartea egon daiteke ez delako Espainiakora iristen.

Baina Kataluiniaren kasua hartzen badugu, 2012an Suediaren mailako tipo marginala (%56)  izan arren, ez dute lortu hango presio fiskalik edo zerbitzu publikorik. Oraintsu irakurri dugunez 2012an baino 5.500 langile publiko gutxiago ditu Generalitateak eta osasun zerbitzuen eta beste hainbat zerbitzuen aurkako  kritika zorrotzak entzun izan ditugu azken hilabeteetan.

El Paísek igandean zioenez BEZaren tipoa Europar batasunaren batez bestekoaren mailan zegoen 2012an (%21 eta %21.13), eta sozietateetako Europako batez bestekoaren gainetik (%30a, %22.6aren aurka).

Gauzak horrela, garbi dago antzeko sistema fiskalek ez dutela presio fiskal bera bermatzen. Zeintzuk izan daitezke arrazoiak? Oso ezagunak: Gizartearen maila guztietan sustraiak ederto bota dituen iruzurra, ezkutuko ekonomia (beste iruzur mota bat), demaseko langabezia eta hobariak.

Badago non lan egin zergak igo gabe. Pertsona fisikoen zerga edo BEZa igotzeak ondorio kaltegarriak dakarzkio ekonomia errealari. Herritarrek diru erabilgarri gutxiago badute gutxiago gastatuko dute, merkatarien eta industriaren kaltetan. Langabezia areagotuko da eta gutxiago izango gara (dira) zergak ordainduko ditugunak (dutenak), amaiera gabeko kate negatiboa elikatuaz.

Koiunturara egokitutako fiskalitatea beharko dugu, baina zerga-bilketa areagotu nahi bada, iruzurrari egindako jazarpenetik, ezkutuko ekonomia bistaratzetik eta hobarietan aldaketak egitetik etorri beharko da. Ez ordaintzen dugunoi ahalegin handiago bat eskatzetik .