Kirol profesionalari diru laguntzak

 

Aurreko asteko albistea da. Garden eta ezer ezkutatu barik agertu da hedabideetan. Bizkaiko Foru Aldundiak 3,7 milioiko zorra barkatu dio Bilbo Basketi eta gainera 1,2 milioi eman dizkio diru-laguntza moduan. Ahaldun Nagusiak berak eman du honen berri eta oposizioko alderdiek hasiera batean zarata pixka bat egin duten arren (oposizioan daudenez dagokiena) azkar isildu dira. Hain garbi azaltzea eta oposizioa hain azkar isiltzea, bizkaitarrek gauza hauek beste era batera bizi dituztela pentsa arazi dit.

Duela gutxi esan zidaten Hernaniko Rugby taldeak estatuko lehen mailara igo ondoren diru-laguntza handiagoa eskatu ziola herriko udalari, baina honek ezetz. Mailaz igo arren ez ziola gehiago emango.

Bi muturrak ditugu Hernaniko udala eta Bizkaiko Foru Aldundia. Batek ez dio gehiago eman nahi talde amateur bati eta besteak zorrak barkatu eta diru-laguntzak ematen dizkio talde profesionalari.

Ez nago kirolariak diruz laguntzearen aurka, baina zalantzak ditut bankuetako eta kutxetako zuzendariek irabazten duten adina irabazten duten profesionalez osatutako talde bati diruz laguntzearen egokitasunaz eta zilegitasunaz. Desegokia iruditzen zait lehiaketak  desitxuratzen direlako, eta injustua, bankuen kasuan bezala, gehien irabazten dutenek inork agindu dien gehiegikeria kobra dezaten egiten diren dohaintzak direlako, beste herritar guztiek eskotera jarritako dirutik, Ogasuna guztiok garelako.

Are okerrago, kobratuko dituzten euskoeuroak dolar bihurtu eta gurean gastatu eta inbertitu ordez beste herrialde batzuetara joango direlako gu pobretuz eta beste batzuk aberastuz. Ados; ekonomia osoarekin alderatuta kopuru txikiak dira baina honetan agintariek zorrotzak izan beharko lukete.

Bizkaiaren izena munduan zehar zabaldu  dutelako merezi omen dute laguntza hori. Pentsatzea ere! Seguru Bilbo Basketen partidak Europan zehar ikusi dituzten gehienek oraindik bere buruari galdezka ari direla Bizkaia aseguru etxe baten izena ala  autoentzat piezak egiten dituen fabrika batena ote den.

Ez da justua gainera, enpresak, ikastetxeak eta beste eragileak  araudi zorrotz bati atxikita egotea eta kirol talde profesionalek barra librea edukitzea. Enpresa baten kasuan hartzekodunen konkurtsoa deituta beharko zukeen eta ikastetxe bat balitz aspalditik zegokeen diru-laguntzarik jaso gabe Ogasunarekin metatutako zorragatik.

Europatik Espainiako futbol talde profesionalak jasotzen dituzten diru-laguntzak aztertzen hasi omen dira. Ea kirol profesional guztietara zabaltzen diren ikerketak eta dopin finantzarioa betiko amaitzen den.

Auritzen erromatarren arrastoei jarraitzen.

Aurizperrin ikus daitezkeen milarioak

Aurizperrin ikus daitezkeen milarioak

 

Lagunok, gaztetan hainbeste ordu konpartitutakoak, urtean behin edo bi aldiz biltzeko ohitura hartu dugu. Kontu zaharrak gogoratu eta berriak ikasi, egunero dugulako zerbait ikasteko aukera. Urteak aurrera joan ahala gauza eta kontzeptu berriak asimilatzeko gaitasuna geldotuaz joaten da. Badirudi giza-ordenagailuaren diskoa beteta, ez dagoela ideia edo ezagutza gehiagorako tokirik, baina amore eman ordez, ezagutzen ez ditugun gauzekiko kuriositatea eta ikasnahia gorde eta zaindu beharra dago. Horretan saiatzen gara.

Azken irtenaldian erromatarrekin egin dugu topo. Egia da aspaldi, erromatarrak guretik ez zirela pasatu edota ez gintuztela menderatu zioen lelo zaharra, ez dakit abertzaletasun espainiarraren edo euskaldunaren mitoa, sinetsi egin genuela, baina erori ere aspaldi erori zitzaigula beste teoria batzuk ezagutu ahala.

Aurreko asteburuan egindako ikustaldiek, erromatarren aztarnen norabidean jarri gintuzten. Rafa gure lagunak, Iturissa aurkitu dutela uste du (arrazoi sakonak ditu hori sinesteko), eta Ibañetatik Iturisan barna Artze ibarretik pasatuaz Irunberrira zeraman galtzadaren arrastoa nondik nora joan zitekeen azaldu zigun. Teorizazio bat da, baina ideia hori bidean aurkitutako miliarioek  justifikatzen dute.

Ustezko Iturisako kata bat

Ustezko Iturisako kata bat.

Erromatar galtzadaren arrastoak

Erromatar galtzadaren arrastoak

Igandean, ibilalditxo bat antolatu zuten Aurizperriko Errobi kanpinetik Saraguetaraino ustezko erromatar galtzada jarraitzeko.  Dozena bat lagun ginen joateko. Ahoz ahokoak lan handia egin, eta goizeko bederatzietan inguruetako eta kanpoko 100 lagun inguru ginen ibilaldiari ekiteko prest.

Eguraldia lagun osatu genuen ibilbidea, Juanmarik eta Rafak emandako azalpen guztiak bete-betean sinetsita. Teoriak izango dira, baina ondo arrazoituak eta gure historia galdua osatzeko ezinbesteko kate-mailak.

Hainbat gauza ikasi genituen. Ikasi genuen Aurizperri eta Auritz bitarteko lautadetan hektarea askoko zabalera izan zuten bi herri gutxienez izan zirela erromatarren sasoian, eta  bide batez asteburu bikain bat pasatu genuen hango gastronomiaz eta ingurugiroaz disfrutatzen.

Ez da gutxi!

Duela hamar urte Ejean.

 

Duela hamar urte Ejean izan nintzen. Bai azkar pasatzen dela denbora! Orduan  oraingoan bezala lehen sariarekin etorri ziren bueltan Oñatiko Ganbara Abesbatzakoak.

Eta zer egiten nuen nik Ejean? Abesbatza honek betik izan du berezitasun bat teknikaz aparte, eta teknikatik asko dauka bestela ez zen iritsiko iritsi den mailara.

Orain Ganbara Abesbatza dena, lehen Gazte Ganbara Abesbatza zen eta gazteekin batera gurasoak joaten ginen kontzertutara. Ohitura hau, seme-alaben joan-etorrien ikuskaritzarekin lotu daitekeena, modu naturalean sortu zen. Abesbatza bera izan zen gurasoak gonbidatzen hasi zena. Denborarekin konturatu nintzen alderdi oso praktiko bat ere bazuela gonbidapenak. Garraio gastuak konpartitzen genituen abesbatzako kideek eta gurasoek, eta gainera, entzuleen saria lortzeko boto kopuru garrantzitsu bat ematen genion abesbatzari. Horrela denok pozik.

Gaur guraso gazteagoak ere bildu dira “sektara” eta kantoreen bikoteak eta seme-alabak ere bidaide izaten dira. Bilakaera naturala!.

Baina behar ekonomikoak lehen bezala jarraitzen dute. Betik ibili izan dira gure gazteak diru beharrean euren ilusioak bete ahal izateko. Autofinantzaketa modu bat ere asmatu zuten. Mariborreko (Slovenia) lehiaketara Joan nahi zutela? ba hainbat lehiaketetara aurkeztu behar  aurrez kutxa gizentzeko. Aurtengo  uztailean Spittalera (Austria) Joan nahi dutela? Aurrez Avilesekoa, Ejeakoa eta beste lehiaketa batzuk irabazi behar. Horrelako erronkek tentsioa mantentzen eta maila hobetzen lagundu diete dudarik gabe, eta  umiltasunak eta gertukoekin jositako amaraunaren berotasunak, emozioa, alaitasuna  eta egiten dutenean sinesten dutela transmititzeko gaitasuna eman diete.

Teknikan baina, gure abesbatzak (ez Oñatikoa bakarrik) Europako iparraldekoak eta erdikoak baino maila bat beherago daudela esaten dute lehiaketa garrantzitsuenetako palmaresek. Ez da harritzekoa abesteaz gain, diru biltzeaz eta beste hainbat lanez arduratu behar badute.

Gure eskualdean, banda munizipalak eta udal txistulari bandak  udalak babestutakoak eta udal aurrekontuetan finantzazio partida izendunak izaten dituzte. Batzuetan oso garrantzitsuak.  Udal musika bandak eta udal txistulari bandak egotea normaltzat jotzen dugun bezala, udal abesbatzak egotea erokeria bat iruditzen zaigu. Egon daitezkeenik ere ez zaigu bururatzen.

Behar bada hobe da horrela autonomia horrek  freskotasuna eta beste balore batzuk ere ematen dizkiolako taldeari, besteak beste, benetako lagun-talde zintzo bat izatea. Baina finantzazioarena eztabaidarako gai bat izan daiteke. Ganbara Abesbatzak eta beste alor batean Oñatz dantza taldeak egindako irakaste eta transmisio lana ikaragarria izan da. Baloratua ere bai, baina ez dakit behar beste izan ote den.

Hamabost egun eskas

Hamabost egun eskas haren birikak beharrezkoa dugun oxigenoa airetik odolera garraia arazteko behar diren lanak egiten hasi zirenetik.

Hamabost egun eskas amaren hutsune ilun, umel eta epela, bederatzi hilabetez babesleku, utzi eta argiaren eta ilunaren arteko kontraste oraindik bereiz ezinarekin  bizi izatera ohitu behar izan zuenetik.

Hamabost egun eskas, behin babeslekuaren bakardadea eta isolamendua utzi eta mundu eta jendarte zaratatsu batean bere tokia aurkitzen hasi behar izan zuenetik.

Hamabost egun eskas bere amarekin behin behinekoz lotzen zuen zilbor hestea hautsi eta amarengandik berezituta bizi izatea erabaki zuenetik.

 Hamabost egun eskas bizitzarako bidai luzeari ekin zionetik; baina ai ene! Ezin bakarrik abiatu. Ezin sortu zintuztenen laguntza eta babesik gabe urrats bakarrik eman.

Hamabost egun egin dituzu bizitzaren ikasgai baliotsuenak ikasten hasi zarenetik.  Denbora  asko beharko duzu aske izateko behar duzun guztia ikasteko.

Ikasketa prozesu  luzea izango duzu eta nahi izanez gero bidelagun har nazakezu. Tarteka, eta zeuk nahi duzun une eta egoeretan, beste bidelagun batzuk ere izango dituzu eta.

Hamabost egunetik hona kontrako norabideak  daramaten  bi lerrotan kokatu gara biok. Zu, hazi, hezi, ikusi, ikasi, asimilatu, formak igarri, alaitasuna eta tristura antzeman;  emozioak ezagutu eta emozio guzti horiekin emakumetzeko bidean abiatu zara.

Zure bide luzearen lekuko izan nahiko nuke, eta ondorioz zeu  ere  nik egin behar dudanaren lekuko izatea. Hain justu zurearen aurkakoa, nire bidea ere bizitzaren legeek mugatzen baitute. Horrela behar du eta ez dago zertan kezkatu.

Bitartean, espero dut zure eta nire momentuek sarri bat egitea. Denbora justuan, ez gehiago, ez gutxiago, zuk zure bizitza eraiki behar duzulako nik neurean aurrera egin beharko dudan bezala.  Baina zure eta nire bizitzak elkar-gurutzatuko diren une horiek biontzat politak, bizipozez beteak  eta aberasgarriak izatea nahiko nuke. Horretan saiatuko naiz.

Duela hamabost egun eskas sortu zinen Amaia.