Sarrera honek badu lotura aurrez Waserren liburuaz egin ditugunekin: bat, bi eta hiru
Waserren liburua erosi duen Mintzoa Argitaletxeko Aritz Otazuk zera dio Kulturklik atariak egiten dion elkarrizketan: “1610ean hitz egiten zen edozein hizkuntza ez da orain hitz egiten den bera, baina euskararekin baietz ikusi dugu”.
Titularra da, eta berak ere badaki hori ez dela guztiz horrela, baina Otazu ez da izan bakarra hiztegiak egungo euskara batukoarekin duen antza azpimarratzen. Izan ere, M. Siculoren eta Vulcanius-Waserren hiztegiei begirada bat ematea aski da hitzen % 95a gaur ere erabiltzen ditugula konturatzeko, eta diferentzia apurrak ortografikoak direla, eta erratak edo gaizkiulertuak, konprenigarriak, bestalde, hitz-zerrenda hauek argitaratu zituztenak euskararik ez zekitelako.
XVI. mendeko hauen garaikideengana joaten bagara, ikusiko dugu Lazarraga eta Etxepare ere ondo ulertzen direla, hurrengo mendeko Axular eta enparauak bezala; noski, badira heldu ez zaizkigun hitz banaka batzuk, eta gramatikaren arloan aoristoa bezalako aditz-denborak eta abar. Beste hainbeste esan daiteke aurreko mendeetako lekukotasun apurrei begiratuta.
Eta gauza jakina den bezala, Erdi Aroko hitz-zerrendarik esanguratsuena beste erdaldun batek utzi digu, Aymeric Picaud erromes pikardiarrak 1132an, Codex Calistinus delakoaren V. liburuan:
“Deum uocant Urcia, Dei genitricem Andrea Maria, panem ogui, uinum ardum, carnem aragui, piscem araign, domum echea, dominum domus iaona, dominam andrea, ecclesiam elicera, presbiterum belaterra, quod interpretatur pulcra terra, tricticum gari, aquam uric, regem ereguia, sanctum Iacobum Iaona domne Iacue…”
Ikusten denez, hamabost hitz gaur ere berdintsu esaten direnak, nahiz eta ia bederatzi mende igaro. Garbi dago belaterra erromesak gaizki jasotako hitza dela, bereterra (presbiterum beharrean ‘meza-mutil’, ‘monagillo’ esan nahi duena) entzun eta “bella terra” ulertu zuela; hortik letorke egiten duen interpretazio xelebrea. Beste pare bat berba (elicera, uric) deklinatuta eta gutxi gora behera jasota daude, harritzekoa ez den gauza euskararik ez jakinda.
Beste mila urte atzera egiten badugu I. eta II. mendeko pertsona eta jainko-jainkosa izenak aurkituko ditugu epigrafian; Akitanian, Nafarroan eta Sorian batez ere, baina ez bakarrik: Aberri, Agirseni, Aherbelste, Andere, Anderexo, Arpenno, Arixo, Artahe, Astoilun, Basaerte, Belex, Belexco, Belsco, Bihoscin, Eihar, Fago, Gar, Gisoncon, Haurce, Herauscorritse, Ibarra, Iluna, Ilumber, Ivilia Larrahe, Leherenno, Selatse, Nescato, Neureseni, Sembe, Sesenco, Umme Sahar, Urde…
Hauetako gehientsuak ere ongi ulertzen dira latinezko esaldietan egon arren. Honek guztiak euskara inguruko beste hizkuntza batzuk baino gutxiago aldatu dela pentsatzera eramango gintuzke, egonkorragoa dela, zalantzan jarri izan dena zenbaiten aldetik, hasieran esan dugun bezala
Iruña-Veleiako grafitoetako hiztegia
“Iruña-Veleian agertzen den euskara ia-ia euskara batua da, dena ulertzen da. Eta hori ezinezkoa da, garai hartako euskara orain ulertu ere ez genukeelako egingo, asko aldatu delako”. Hauxe izan da zenbait faltsisten lelo kutuna.
Behean osatu dugun koadroan, ezkerreko zutabean jarri ditugu egungo euskaran (batuan, nahi bada) berdinak diren hitzak, ortografia gorabeherak kontuan hartu gabe. Eskuinekoan, ezberdin esaten edo idazten direnak, Zutabe honetako gehienak ere ulergarriak zaizkigu, nahiz eta horietako mordoxka batez zalantzak ditugun, eta hortik jarri dizkiegun galdera-ikurrak.
Iturriak: Ostracabase, I-Vko euskarazko grafitoak, Geostraka
Irakurlearen esku uzten dugu taula honen xehetasunak interpretatzea, baina ezin gauza batzuk nabarmendu gabe utzi:
1.- Euskara batuaren oso antzekoa dela eta dena ulertzen dela dioten horiek, bietako bat, edo ikaragarri dakite eta ez dute beren jakinduria partekatu nahi, edo ez dituzte behar bezala irakurri eta ez dakite zertaz ari diren.
2.- 34 hitz agertzen dira ezkerreko zutabean, eta 38 eskuinekoan. Beraz, ez da euskara batua I-V-koa. Gehiena ulertzen dugula uste dugu, baina 12 galdera-ikur jarri ditugu, eta gehiago ere jar genitzakeen, hainbat hitz utzi baitugu kanpoan ez dakiguako euskarazkoak diren ala ez.
3.- Zalantzarik ez euskara aldatu dela azken bi mila urtean, eta asko gainera; baina ematen du ulertzeko gai izango ginatekeela orduko euskara, behintzat hori iradokitzen digute ezagutzen ditugun datu apurrek (hilarri eta aldareetako epigrafia, I-V…). Nahiz eta aitortu behar den hain datu gutxirekin ezin dela ondorio borobilik atera.
Euskararik ez dakien norbaitek idatzi ahal dezake horrelakorik?
Bi urte eta hiru hilabeteko kartzela-zigorra ezarri diote Eliseo Gili “grafitoak faltsutzeagatik”, bera izan da horregatik zigortutako bakarra. Gauza jakina da Eliseok ez dakiela euskaraz. Zentzun minimoa duen edozeinek lehenik egin behar lukeen galdera: euskaraz ez dakien batek asmatu eta idatzi ahal ditzake euskarazko testu horiek?






