Julen Diaz de Argoteren gutun iraingarria Alean eta Jose Antonio Villarren erantzuna

Julen Diaz de Argote gaztea arkeologian doktoregaia da EHUn. Sententzia ezagutu eta berehala gutun ezin zitalago eta iraingarriago bat argitaratu zuen Alean eta Berrian. Handik gutxira Jose Antonio Villar Oiarzabalek erantzun zion. Euskeraren Jatorria. (Aleako loturak hautsita daude).

Argitu du

Argitu da, behingoz, gehienok pentsatzen genuena: ostrakak faltsuak zirela. Luzea izan da prozesua, 14 urte ustezko grafitoak aurkitu zituztenetik eta 11 urte faltsukeria horiek judizializatu zirenetik.

Nahiz eta gutxiengo batek debatea «zientifikoa» zela irudikatu nahi zuen, zientziaren munduan ez zegoen inolako eztabaidarik: ez arkeologian, ez historian, ez filologian ezta kimikan ere, Espainiako Kultur Ondarearen Institutuaren informeak argi utzi zuenez.

Lehenik eta behin, azpimarratu nahi dut Euskal Herrian sekten jokabideen antzekoak dituen talde bat jaio zela gai hau baliatuz, martiri bat zutelarik irudi gisa: Veleiberrak. COVID-XIX jarri izan balu ostrakaren batean oraindik «froga arkeometrikoak» eskatuko zituzten, haientzat haien «egia» eta haien «zientzia» baitira benetakoak, soilik.Publizitatea

Urte luzez presiorako estrategiarekin ibili dira, fraude hau salatu zutenak mehatxatuz, zientzialarien lana desprestigiatuz, arkeologoen profesionaltasuna kolokan jartzen saiatuz… Baina, zientzialari horiei esker, gehienok argi izan dugu hau faltsifikazio zatar bat besterik ez zela: ez zela posible pieza bakar bat ere in situ aurkitu izana, ez zela posible hasperenik ez agertzea, Nefertiti izen horrekin idatzita ateratzea, eta abar eta abar (200 bat, argiago esateko).

Baina hau ez da egun batetik bestera gertatu. Eliseoren defendatzaileak ere konturatu ziren gauza batzuk defendaezinak zirela: hasieran mundu guztiak Descartes irakurtzen zuen pieza batean, baina terraplanismoaren magiaz hitz hori Miscart izatera pasa zen. Berdina gertatu zen denok hitzarekin, Denos izatera pasa baitzen. Iruña-Veleiako aztarnategiko garbitze-gelako teknika bera erabili zuten, aurretik ezberdina zen gauza bat haiek izatea nahi zutena bihurtuz.

Batzuk Atapuercaz hitz egiten zuten, Vaticano-EHU-Euskalduntze Berantiar konfabulazio bat zelarik, baina argi geratu da Atapuercaz baino gehiago Zubialdez hitz egin beharko genukeela. Descartesez ez, baina Kopernikoz edo Galileiz bai hitz egin beharko genukeela, horiek zientzia erabili baitzuten, nahiz eta beste martiridun sekta erraldoi batek haien aurka egin. Askotan esaten dute historia errepikatu egiten dela, eta badirudi oraindik zientzialarien lana kolokan jartzen saiatzen direla.

Amaitzeko, mahai gainean jarri nahiko nuke faltsukeria honetatik benetan minduta atera diren hiru adarrak. Batetik, arkeologia, ogibidearen izena zikindu baitute. Euskara ere kolpatuta atera da, hizkuntza hau zaharrena dela esateko asmoarekin ondarea eta hizkuntza zikindu baitituzte. Azkenik, kaltetuena, Iruña-Veleiako aztarnategia izan da, Araban eta EAEn dagoen erromatar aztarnategirik handiena. Espero dezagun hemendik aurrera instituzio publikoek egoera honi buelta ematea eta Veleiak erakusteko duen ondare eta informazio guztia lur azpitik ateratzea.”

Jose Antonio Villarren erantzuna:

“Julen:
Ez dakit zein Olinpoko pulpitutik ausartzen zaren eta zein Olinpokoek babesten zaituzten, baina badirudi ustez“ ex catedra” hitz eginez, baina hizkuntza zakarra erabiliz iraintzen dituzula hainbat jakintsu eta gezurrez eta irainez nahi gaituzula beste asko eta asko ere isilarazi.
Nik pulpitu umilagotik erantzuten dizut, baina ez dut uste arrazoi gabe edo gutxiagorekin.
Lehenik eta behin, ezin duzu esan Iruña-Veleiako auzia argitu dela, gezurra baita, zeren eta EZ DA ARGITU, baldin eta auzia faltsutasuna/egiazkotasuna frogatzean bazegoen. Jakina da auzia ez zela tramitera onartuko aurrez ostrakak faltsuak zirela sinetsi ez bazen, erailketa bat epaituko ez den moduan eraila hilik dagoela erabat sinetsi gabe.
Zera da zuk soilik epaiaren emaitza eta gero esan ahal duzuna:
1-Epaileak ontzat ematen duela, zuk bezala, IPCE (Instituto del Patrimonio Cultural de España) erakundearen txostena.
2-Ontzat ematen duela, baita ere, aurkitutako piezak garbiketa prozesura arte ez zutela atentziorik eman grafitoen edukieraz.
3-Ontzat hartzen duela salaketak adierazi duena, hau da, Eliseok faltsutze prozesuari bide emateko zituen balizko asmoak intentzioak eta zergatiak (Eliseok kontrakoak adierazi arren) baina ez duela azaltzen faltsutzea bera egin izanaren frogarik bat bera ere, hori izanik epai-mahaiaren eginkizun bakarra, hau da, “zer” (faltsutzea), “nork” (Eliseok), “nola”, “noiz”, “non” eta horrelako datu objektiboak frogatzea, eta ez besterik gabe “zergatik” eta “zertarako” asmatzea, zeren eta horiek beti dira espekulatiboak, egileak berak askatasun guztiz aitortzen ez baditu edo aitortzen ez dituen bitartean.
Ni ez nago ados, bada, guzti horrekin eta benetan uste dut, gainera, epai-mahaia kasu honetan berari ez dagokion arloan sartu dela beste askotan beste asko sartu ohi diren bezala, eta hori argituko dizut nahi duzunean.
Dena den, zu libre zara aipatu dizkizudan hiru horiek behintzat eta beste antzerako hainbat esan ahal izateko, baina ez zara inola ere egiaren jabe botatzen dituzun beste ozarkeriak botatzeko, adibidez :
1-Ezin duzu inola ere esan zientziaren munduan inolako eztabaidarik ez zegoela.
Arkeologia, historia, filologia eta kimikari dagokienean IPCE-aren Vaticano-ren eta faltsutasunaren alde tinko aritu diren beste hainbat “zientzialari”-ren teoria soilei buruzko erantzun ugari eta bereziak eman dituzten beste “zientzialari” ospetsu eta ugariren zerrendak zenituen eta dituzu eskuragarri, nahi bazenuen eta baduzu, eta egia zale bazina, onez gero aztertuta beharko zenituzke beste “zientzialari” ugari eta garrantzitsu horien kontra-teorien bildumak, oso eskuragarri horiek ere.
Jakinean egon beharko zinateke teoria bar ezin dela egiazkotzat hartu bere kontra-teoriaren faltsutasuna frogatu arte eta ez, inola ere, bere mezulariak baztertuz eta beren aipua eta ospea galaraziz.
2-Ezin gaituzu “sekta terraplanista-homeopatiko”, ez “Veleiberrak”, ezta ere “XXI ko sekta” deitu, guk (nik behinik behin) zu “ezjakin interesatu” deituko ez zaitudan / zaitugun bezala.
3-Ezin duzu inondik ere esan “Zientzialarien lana kolokan jartzen saiatzen garela”, badaezpada “zientzialariak” zertzuk eta zeintzuk diren definitu gabe, jakinik gainera, zuk diozun “sekta”-kook zientziaren babesa eskatu izan dugula beti, eta orain ere.
Azken hori da, nire ustez, zure akatsik larriena, zeren zu zeu eta zure iritzi berdineko direnak dituzu, dirudienez, zientzialari bakar eta orojakiletzat.

Beraz, horren harira joko dut besterik gabe:
Ez zaizu nire ikuspuntua interesatuko seguruenik, baina nik zure gezurtia eta iraingarria jaso dudan bide beretik zuk nirea jasotzea oparitu nahi dizut.
Eta nire diziplinatik apaltasun guztiz abiaturik, nire “Hiztegi heterodoxoan” aipatzen ditudan definizio batzuk azalduko dizkizut beren adierazpideak baliagarri izan ditzazun, zuk zeuk hoberik ez badituzu behintzat:
ZIENTZIA – Arlo bakoitzean bakoitzari buruzko EGIA. – Egiaren bila jarduteko dauden arlo guztiak eta bakoitza.
ZIENTZIALARIA – Dagokion arloan egiaren bila saiatzen dena. – Ez soilik norbaitek merezimenduz edo gabe emandako etiketa erakutsi ahal duena.
IKERKETA ZIENTIFIKOA – Egiari buruzko aurreiritzi guztiak (teoria, kontra-teoria eta abar) aztertu ondoren, erabakirik egokiena, hau da, egiatik ustez hurbilen dagoena, hartzeko behar diren adinako baliabideak jarri eta erabiltzearen ariketa.
TEORIA – Edozeri buruzko iritzi espekulatiboa, nolabait arrazoituta edo gabe.
Beste asko dira gai honekin zerikusia dutenak, baina aipatutako horiekin nahiko delakoan geratzen naiz

Hara, bukatzeko, zer lortu den/duzuen, inperio erdaldunak Euskarari buruzko iritzi “zientifikoa” eduki dezan:
“Dos años de cárcel para el arqueólogo que falsificó unos escritos para adelantar el origen del euskera al siglo III” (m.publico.es/culturas).”

Jose Antonio Villar Oiarzabal

Kategoria: Sailkatugabeak. Gorde lotura.

2 Responses to Julen Diaz de Argoteren gutun iraingarria Alean eta Jose Antonio Villarren erantzuna

  1. egilea: Larrabasterra

    Kendu ei dituzte artikuluak estekatik. Saiatu egin naiz bide desberdinetatik eta ezin.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude