Etiketa honen artxiboa: xabipaya

BESTEEK EGITEN DUTENAREN ZAIN

Asteburua fuerte hasi genuen Bihotza Gazte saioarekin, Bergara eta Gasteizetik osteratxoa egin genuen gure eskolako Fredi eta Xabi animatzeko.


Bergara


Izugarria da txapelketan batzen ari den jendetza eta Bergaran, berriro ere, jendea kanpoan geratu behar izan zuen.


                   


Bergarako saioan Maialen Lujanbio izan zen garaile. Bizkaitarrek ez zuten egun ona izan. Etxahun Lekuek bostgarren postua eskuratu zuen eta Fredik seigarrena.


Hala ere, Fredik ale politak utzi zizkigun. Kartzelan, honako gaia egokitu zitzaion: Argazkilaria zara. Oraintxe iritsi zara gertakariaren lekura. Lanean hasteko unea da. Hauxe izan zen Fredik bota zuen lehen bertsoa:


Azken urteak Afganistanen
lanean ditut igaro.
Bonba auto bat lehertu da gaur
izugarria zeharo.
Hildako ugari dago lurrean
ta zaurituak luzaro,
niri begira negar daudenez
begien bistan akabo.
Nahiz nagusiei esan diedan
esaldi hauxe lehenago,
negatibo hauek gaur positibo
bilakatzerik ez dago.


Azkenean honela geratu ziren puntuazioak Bergaran:


Maialen Lujanbio 708,5
Aitor Mendiluze 680
Beñat Gaztelumendi 644,5
Jon Martin 619
Etxahun Lekue 608,5
Fredi Paia 596


Gasteiz


Eguraldi petrala, baina ALBEko tropak Gasteizerako bidea hartu zuen igandean. Bizkaitarrak gehiengo tabladu gainean. Bizkaitar batek eskuratu zituen puntu gehien, Miren Amuriza berriztarrak. Xabik bostgarren tokia eskuratu zuen. Saio polita egin zuen eta ale ederrak publikoaren gozamenerako. Sorpresaz beteriko saioa izan zen, faborito ez zirenak aurretik geratu baitziren.


                     


Kartzelako gaian habanera ederrak bota zituen. Istorio polita josi zuen Xabik. Honela esaten zuen gaiak: Mezu hau jaso duzu mugikorrean: ez egon zain.


Oso zoriontsua naiz
ez dut gezurrik esa
ngo,
ni baino alaiagorik
ez da munduan izango.
Maleta ondo prestatu dut
prestatu buru ta zango,
Kuban beharko ditugu
bai hemengo ta bai hango.
Aireportura helduta
SMS bat sendo.
Ez nire zain egon arren
hori ez ote da tongo?
Nik itxarongo zintudan
badakizu oso ondo,
baina uste dut abioiak
ez duela itxarongo.


Gasteizen honela geratu ziren kontuak:


Miren Amuriza 655,5
Iñaki Zelaia 643,5
Arkaitz Estiballes 630,5
Unai Iturriaga 626
Xabi Paya 616
Maddalen Arzallus 588


Finalaurrekoetan bi itzuli izango dira. Lehen itzulian sei bertsolari eliminatuko dira. Momentuz, Fredi eta Xabik besteen saioetan besteek egiten dutenaren zain geratu beharko dute.


Hurrengo zita, igandean izango da, Hendaian. Bertan Jone Uriak abestuko du. Gogoratu ALBEk autobusa jarriko duela Hendaiara joateko. Gurekin etorri nahi izanez gero, mezu bat idatzi albegetxo@gmail.com helbidera.


Bergarako estekak:
Berria
Gara
Bertsoa.com
Txapelketa Nagusiko webgunea
Bertsoplaza
Ukberri


Gasteizko estekak:
Berria
Gara

Bertsoa.com
Txapelketa Nagusiko webgunea

Bertsoplaza
Ukberri

FINALAURREKOAK

Jakingo duzuen bezala, Txapelketa Nagusian ALBEtik parte hartu duten hiru bertsolariak finalaurrekoetara sailkatu dira.


Jada, badakigu non abestuko duen bakoitzak, zuen agendetan apuntatu itzazue datak:


Bergara, azaroak 7, Labegaraieta kiroldegia, 17:30


Aitor Mendiluze
Maialen Lujanbio
Etxahun Lekue
Beñat Gaztelumendi   
Fredi Paia
Jon Martin


Gasteiz, azaroak 8, Europa pabilioian, 17:30


Unai Iturriaga
Miren Amuriza
Iñaki Zelaia
Arkaitz Estiballes
Xabi Paya
Maddalen Arzallus


Hendaia, azaroak 15, Beltzenia pilotalekua, 17:30


ALBEk autobusa jarri dut Hendaiara joateko. Etorri nahi baduzu, mezu bat bidali albegetxo@gmail.com helbidera.


Amets Arzallus
Jon Maia
Jone Uria
Aitor Sarriegi
Julio Soto
Onintza Enbeita


Gure bertsolariak animatzeko lehen zita Bergaran izango da datorren larunbatean, bertan, Fredi izango dugu kantuan.

LANGA GOI-GOIAN

Larunbatean jokatu zen Uztaritzen Txapelketa Nagusiko laugarren kanporaketa. Bertan, gure eskolakidea den Xabi Payak abestu zuen. Lan polita egin zuen eta eskuratutako laugarren postuarekin ziurtatuta dauka finalaurrekoetarako txartela. Saio honetan, nabarmen egin zuten puntuek gora.


                  Uztaritzeko saioa por Algortako Bertsolari Eskola II


Beñat Gaztelumendik irabazi zuen kanporaketa lan eta ale politak utzita eta Bergaran izango ditu zain Aitor Mendiluze eta Maialen Lujanbio.


Saioa bizia izan zen, aurrekoekin alderatuta, gora egin zuen puntuetan eta kalitatean ere. Xabik zortziko txikian eta kartzelan nabarmendu zen gehien.


Hau da zortziko txikian, Aitor Sarriegirekin batera jarri zioten gaia: Arropa erostera joan zarete, eta beti bezala, desesperatuta itzuli zarete etxera. Zuk Aitor dena daukazu handi, eta zuk Xabi, berriz, dena txiki. Honela erantzun zion Xabik Sarriegiri:


Lehenbizi probatu dut
L tailen saila,
gero, XLa
ez zan abantaila.
XXLa
sartzea ere zaila;
noizko egingo dute
XPren taila?


Txalo zaparrada itzela jaso zuten Xabiren ateraldiek. Ideiez gain, imintzioek lagunduta abestu zuen, hain ongi egiten dakien bezala.


Kartzelako gaian ia bertsolari denek jo zuten bide beretik: tratu txarrak jasandako emakume baten paperean sartu ziren. Honakoa zen gaia: Zerraila aldatzera etorri dira. Oraintxe eman dizute giltza berria. Horrela bota zuen Xabik azken bertsoan:


Orain malko direnez berriro
begietako makarrak
entzuten ditut bihotz barneko
zalantzaren deiadarrak.
“Damutuko zaizu hau seguru!”,
esaten zidan senarrak
baina geroni baino ez gara
geure erantzule bakarrak.
Horregatik bota behar ditut
gure etxeko giltza zaharrak
ea antzera galtzen ditudan
nire oroitzapen txarrak.


Lehen esan bezala, laugarren postua eskuratu zuen Xabik eta hementxe Uztaritzeko saioko sailkapena:


Beñat Gaztelumendi 669
Arkaitz Estiballes     661
Aitor Sarriegi           657
Xabi Paya              644,5
Unai Muñoa            615,5
Erika Lagoma         567


Bertan, komunikabideek argitaratutako berriak:


Bertsoa.com (saio osoa entzuteko aukera dago)
Bertsoplaza.tv (saioko bertsorik onenak entzuteko aukera dago)
Txapelketa nagusiko webgunea
Euskadi Irratiko “Hitza jolas” saioko kronika: 1.zatia eta 2.zatia
Berria
Gara


Zorionak Xabi!

XABI PAYAREN TXANDA

Jonek utzi zigun aho zapore ezin hobea kendu ezinik ibili gara, eta orain Xabi Payaren txanda heldu da. Aurreko txapelketan finalaurrekoetara heldu zen eta ia oraingoan lortzen duen.


                           


Uztaritzen izango da saioa, 17.30etan eta honako bertsolari hauekin lehiatu beharko du: Unai Muñoa, Beñat Gaztelumendi, Aitor Sarriegi, Arkaitz Estiballes eta Erika Lagoma.


          uztaritze [1] por ti.


Animo Xabi!

BADATOR TXAPELKETA!

Badatorrela! Oraindik gogoan ditugu 2005ean BEC-en bizitako une gogoangarriak eta gaur bertan jarri da martxan 2009ko Bertsolari Txapelketa Nagusia. Aurkezpen prentsaurrekoa Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan egin da.


Berrikuntzaz beterik dator txapelketa, eta batez ere teknologikoari dagokionean: web orrialdea behar dugun informazio guztiarekin, bloga, sarrerak lortzeko orrialde berezi bat, saioetan informazioa eta sailkapenak lortzeko aukera bluetooth bidez,…


Emozioen txapelketa izan nahi du aurtengoa, hori transmititzen digu logoak.



Gure eskolak hiru ordezkari izango ditu: Fredi Paia, Xabi Paya eta Jone Uria. Blogean haien saioen eta ibileren berri emango dizuegu.


   


Gozatu txapelketa eta zorte on Fredi, Xabi eta Joneri!