Etiketaren artxiboa: uztaritze

LANGA GOI-GOIAN

Larunbatean jokatu zen Uztaritzen Txapelketa Nagusiko laugarren kanporaketa. Bertan, gure eskolakidea den Xabi Payak abestu zuen. Lan polita egin zuen eta eskuratutako laugarren postuarekin ziurtatuta dauka finalaurrekoetarako txartela. Saio honetan, nabarmen egin zuten puntuek gora.


                  Uztaritzeko saioa por Algortako Bertsolari Eskola II


Beñat Gaztelumendik irabazi zuen kanporaketa lan eta ale politak utzita eta Bergaran izango ditu zain Aitor Mendiluze eta Maialen Lujanbio.


Saioa bizia izan zen, aurrekoekin alderatuta, gora egin zuen puntuetan eta kalitatean ere. Xabik zortziko txikian eta kartzelan nabarmendu zen gehien.


Hau da zortziko txikian, Aitor Sarriegirekin batera jarri zioten gaia: Arropa erostera joan zarete, eta beti bezala, desesperatuta itzuli zarete etxera. Zuk Aitor dena daukazu handi, eta zuk Xabi, berriz, dena txiki. Honela erantzun zion Xabik Sarriegiri:


Lehenbizi probatu dut
L tailen saila,
gero, XLa
ez zan abantaila.
XXLa
sartzea ere zaila;
noizko egingo dute
XPren taila?


Txalo zaparrada itzela jaso zuten Xabiren ateraldiek. Ideiez gain, imintzioek lagunduta abestu zuen, hain ongi egiten dakien bezala.


Kartzelako gaian ia bertsolari denek jo zuten bide beretik: tratu txarrak jasandako emakume baten paperean sartu ziren. Honakoa zen gaia: Zerraila aldatzera etorri dira. Oraintxe eman dizute giltza berria. Horrela bota zuen Xabik azken bertsoan:


Orain malko direnez berriro
begietako makarrak
entzuten ditut bihotz barneko
zalantzaren deiadarrak.
“Damutuko zaizu hau seguru!”,
esaten zidan senarrak
baina geroni baino ez gara
geure erantzule bakarrak.
Horregatik bota behar ditut
gure etxeko giltza zaharrak
ea antzera galtzen ditudan
nire oroitzapen txarrak.


Lehen esan bezala, laugarren postua eskuratu zuen Xabik eta hementxe Uztaritzeko saioko sailkapena:


Beñat Gaztelumendi 669
Arkaitz Estiballes     661
Aitor Sarriegi           657
Xabi Paya              644,5
Unai Muñoa            615,5
Erika Lagoma         567


Bertan, komunikabideek argitaratutako berriak:


Bertsoa.com (saio osoa entzuteko aukera dago)
Bertsoplaza.tv (saioko bertsorik onenak entzuteko aukera dago)
Txapelketa nagusiko webgunea
Euskadi Irratiko “Hitza jolas” saioko kronika: 1.zatia eta 2.zatia
Berria
Gara


Zorionak Xabi!

XABI PAYAREN TXANDA

Jonek utzi zigun aho zapore ezin hobea kendu ezinik ibili gara, eta orain Xabi Payaren txanda heldu da. Aurreko txapelketan finalaurrekoetara heldu zen eta ia oraingoan lortzen duen.


                           


Uztaritzen izango da saioa, 17.30etan eta honako bertsolari hauekin lehiatu beharko du: Unai Muñoa, Beñat Gaztelumendi, Aitor Sarriegi, Arkaitz Estiballes eta Erika Lagoma.


          uztaritze [1] por ti.


Animo Xabi!