Lekukoa

Zerocalcare. Shengal. Komikia.

Labetik atera berri-berria dator -txalogarria da Farmazia Beltzaren lana, nola euskaratu duten 2022an bertan argitaratutako komiki originala trebeziaz eta bizkortasunez- Michele Rechen, Zerocalcare gisa ezagunagoa, No sleep till Shengal (Farmazia Beltza 2022, Koldo Izagirrek itzulia) komiki lana.

Bigarren kronika-komikia du egileak Ekialde Hurbila deritzon nahasmahas horretan, 2020ko Kobane Calling gogoangarria eta gero, eta oraingoan ere ISISaren kontra demokrazia, askatasuna, bizia eta bakea armak hartuta borrokatzen duten horiek ditu hizpide. Ezidiarrak bizi dira batez ere Shengalen, Irak iparraldean, arabiar, turkmeniar, siriar eta kristauekin batera, eta PKKko buru den Abdullah Ocalanek teorizatutako konfederakuntza demokratikoaren sistema ezarri dute. Edo ezarri nahian ari dira, bederen. Irakek ez du nahi horrelako eredu autonomorik haren herrialde barruan, ezta Turkiako presidente den Erdoganek edota Irak barruko Kurdistango presidente Barzanik ere. Elkar hartuta hauspotzen dute ISIS eta bonbardatu autonomia ahalegin oro.

Saltsa-maltsa horretara joango da Zero brigadista gisa, testigantzak jaso eta testigantza eman asmoz, bere kontzientziako Karteski filosofiak planteatzen dizkion dilema moral eta anbibalentzia ebidentziei aurre eginaz. Onak dira dialogo horiek eta hala, orrialde batean, Zerok akusatzen du Karteski garuna kakaztu nahi izateaz eta honek erantzuten dio pentsarazi besterik ez nahi diola egin, eta hein batean denok dugunez Karteski bat barruan (edo ia denok, akaso orokorkeria hau sobera dago), ondo azaltzen du munduan kausa justu batzuk babesteko batzuetan ageri dugun uzkurtasunaren jatorria.

Komiki moduan akaso ez nau ase, nahiz eta baduen pertsonaia bat mundiala, Irakeko zerbitzu sekretuetako ofiziala, eta checkpoint ugarien eta Aita Santuaren erreferentziak genialak dira, baina ukaezina da Zerocalcareren konpromiso artistiko eta politikoa Shengaleko sarraskiak salatu eta bere altaboza baliatuta borroka bat munduari ezagutzera ematekoa. Aspektu horretan Joe Saccoren lanik onenen jaraunsle da nire begietara Rech marrazkilari italiarra.

Bukatzeko, ezin aipa gabe utzi Koldo Izagirreren hizkuntza lana. Gustuko dut oso eta izaera oso berezia ematea lortu du Zerocalcareren obrari. Niretzat Izagirreren itzulpenak eta Zeroren marrazkiak bat dira eta ezin litezke banandu. Gozamen hutsa.

Armadilo galderak

Helduaroa. Zerocalcare. Rebibbia.

Ez dakit jabe garen Farmazia Beltza egiten ari den lan eskergaz. Dabid Zapirain eta Koldo Almandozek gidatzen duten botikak honezkero baditu sendagai solbente batzuk, amamaren belar tradizionalak eta laborategi germaniar modernoetako kimika dosiak, irakurle askorentzat gozagarri. Plazer handia da irakurle garenontzat hori eta jada Michele Rech edo Zerocalcareren euskarazko laugarren komikia esku artean eduki ahal izatea luxu komunala da, Beñat Irasuegik esango zukeen gisara. Aipu merezia eta berezia irabazia du ere Koldo Izagirrek itzulpenarekin eginiko ahaleginak, beste batzuk teorizatzen dutena praktikan jartzen ahalegintzen baita. Arrakasta lortuz nire ustez, modu eraginkorrean.

Zerocalcare-Armadiloaren igarkizuna (Farmazia Beltza, 2021) komikian, izenburuak berak dioen moduan, igarkizuna dago barren-barrenean. Armadilloaren igarkizuna: horrela esaten zaio logikaz eta objektibotasunez mozorrotutako argudio subjektiboak edo irrazionalak erabiliz menderik mende mina, ezina eta etsipena elikatzen dizkigun aurreikuspen baikor orori. Amen. Kasu honetan argumentuan Hertzainak musika taldeak ez pentsa gehi, esaiok horrekin laburbildu zuena dago agerian, baina askoz gehiago barren-barrenean.

Izan ere, agerikoa bada ere Camilleri gustuko duela esateko Zerok duen ezintasuna, komikiak beste hamaika gai lantzen ditu. Gure heziketa sentimentalaz jarduten du gure maskulinoaz batez ere, lan prekarietateaz, gaztetako lagun taldeen desegiteaz, blokeo emozionalak ekar dezakeen utzikeria pertsonalaz, gazte hiltzen den lagun batek egiten digun itaunaz eta abar. Gainera, biziki maite dut hori Zerocalcareren kasuan, pasada bat da Erromako aldirietako gazte batek eta naizen Musakolako gazte honek adinkide izanik zenbat gauza partekatu dugun: bideojokoak, filme nahiz musika erreferentziak, maskulinitatearen eraikuntza…

Zerocalcarek umorez jarduten du. Umorez bere buruari buruz eta umorez inguruneari buruz, nabarmentzeko modukoa da arlo honetan indie azokaren deskribapena. Halaber, algara artean, karga sakoneko galderak jaurtitzen ditu. Niri hau geratu zait iltzatuta: badakigu nola agurtu poliziak hil duen laguna baina ez anorexiak hildakoa. Zer pentsa emango dit hurrengo egunetarako armadiloari izkin egitea lortzen badut, minduko garenaren beldur bizitzaren fruitu gozoak ukatzen dizkigun piztia zeken horri.