Artista

Brasil. Fonseca. Beltza.

Marx. Ez dakit nor den hobea kapitalismoa azaltzen, Groucho edo Karl. Akaso biak batera. Dena den, azkenak idatzita utzi zuen kapitalismoaren fase gustukoenetakoa dut kapitalaren metatze goiztiarra. Argilun eta itzal ugariko fasea da, krimena eta dirutzak (akaso bereizi izen ez diren termino bi) ezkontzen diren momentua. Peaky Blindersek kontatzen du, Godfatherrek kontatzen du eta Rubem Fonsecak kontatzen du El gran arte (Txalaparta, 2008) liburuan.

Fonsecaren obra nagusitzat jotzen du Edorta Jimenezek liburua hemen. Nire kasuan irakurri diodan lehenengo liburua da eta oparitu egin didate, eskerrak bide batez oparigileari. Lehen orrietan zaplaztekoa ematen dizuten liburu horietako bat da. Egitura zatikatuak, narratzailearen denbora jauziek eta esaldi motz zuzenek astia eskatzen dute ohitu arte. Behin ohituta, gozamen hutsa iruditu zait liburua eta ohiko nobela beltzen haritik doan arren berezitasun propioak dituena.

Lehena, nire ezagutza faltaren ondorio dena, Brasil misterio dut. Izan ere, gaztelaniaz hitz egiten ez duen herrialde handi-handi horrek, ze espainiar garen halakotan batzuk, ezagutzen ez ditudan paisaia, hiri, kronika eta pertsonaiak ditu niretzat Fonsecaren liburuan. Rio de Janeiroren berezitasunak, Boliviarekin duen tentsioa, barrualde nekazaria eta diktadura politikoak ez dira ezagunegiak niretzat. Oihana, futbola, inauteri eta sambaz haragoko misterioa. Egunen batean herrialdeaz gehiago badakit, baietz espero dut, ostera hartuko dut liburu hau. Ziur merezi duen ahalegina dela.

Bigarrena pertsonaien aberastasuna da. Abokatu bat da protagonista, Mandrake, nabari zaio horretan formazio akademikoa Fonsecari tribunalez duen ezagutzagatik, baina hori baino askoz gehiago da. Mandrakez gain Ada, Bebel eta beste hamaika emakume; Wexler bazkidea eta Lima Parra gaizkilea edo Camilo Fuentes sikarioa.

Hirugarrena Mandrake bera da. Neurotikoa, emakumezale porrokatua, biktima eta justizia egarriz den mendekatzailea. Harrigarria da ze hotza eta sentiberatasunik gabea den bere bikoteak jasaten duen erasoarekin eta, aldiz, nola jartzen dien arreta beste hamaika xehetasun txikiri. Artikulu honetan ondo azaltzen dute hori.

Laugarrena, nobelaren erritmoa eta gordintasuna. Labanei buruzko lezio magistrala emateaz gain, gupidagabea da bere pertsonaiekin Fonseca. Kronikagile ere izan zen idazle izateaz gain eta akaso bazekin zeri buruz ari zen idazten. Nire hipotesia da hori, baina esango nuke errealitatea ez dela urrun ibiliko.

Bosgarrena, egilearen ezagutza ia entziklopedikoa. Bere deskribapenak oso zehatzak dira izan laban, izan jantzi, izan suburbio. Arkatza eta papera alboan edukita irakurtzeko moduko nobela da.

Bukatzeko deus guti gehiago. Kriminalek enpresa holding handiak eraikitzen dituzte, sikarioak maitemintzen dira eta abokatu juduen estereotipoek Brasilen ere funtzionatzen dute. Guztiz lan gomendagarria genero beltzaren zaleentzat. Pelikula ere bada liburuan oinarritua, 1991koa, akaso ikusiz gero egingo diot iruzkin honi addenda.

Edukiontziak

Alonso. Lambas. Euskaltzaindia.

Gipuzkoako hiri hondakin biltze sistemen inguruko gatazka etorkizunean nola ikusiko dutenari buruz pentsatzen dut maiz. Bergarako historiako manifestazio handienak. Bandera bat zikintzat dutenek balkoia hondakin poltsez apaintzea. Zaborra ateratzea beti emazte nahiz seme-alaben esku delegatu duten gizonen bat-bateko interesa gaiarekiko. “Noiz jango dugu arraina?” galdera airean. Arrasate Garbi taldea, Alex de la Iglesiak behiala asmaturiko Limpia Madrid taldearen arrastoan. Lehen bai lehen.

Jon Alonsok berriro ere atera zuen kalera Enekoitz Ramirez Lambas ikertzaile, preso ohi, lapur ohi, arte saltzaile ohi eta bon vivanta kalera mandatua betetzera Hiri hondakin solidoak (Txalaparta, 2015) nobelan. Euskaltzaindia mehatxatzen ari diren mezu anonimo batzuen ikerketatik abiatuta gogoeta sakona egingo du Alonsok hizkuntzak duen gehiegizko arautzeari buruz, unibertsitateari egurra banatuko dio sendo eta Txillardegiri omenaldi xumea egin berak Azkue hil omen zuen susmoaren eldarnioari tiraka.

Jakina, ikerketa erraza zirudiena korapilatuko da eta korapilo horretan harrapatu Euskaltzain historikoen imitatzaileak, kazetari freelanceak, katedradun ilun eta anbiziodunak, Europako diru laguntza eta ikerketek puztutako puxika, Kataluniako independentistak, kolore askotako poliziak, prostitutak, lapurrak… Batzuetan iruditu zait gogoeta nahiak jaten duela istorioa, baina hain dira interesgarriak eginiko gogoeta batzuk ez diola erasaten gozamenari. Izan ere, Alonsok hel diezaioke Bartzelonak gentrifikazioari eta gero Akademiako diru kontuen izaera opakoari eta airoso atera. Liburu arras gomendagarria da.

Bereziki gozagarriak Lambasen Etxauriko etxeko komuneko apalategia ardatz duten pasarteak, irakurgai une ederren ahalbidetzaile da altzaria, eta Kataluniako jatetxeei buruzko pasarteak. Gozamenari, plazerari, eginiko monumentua iruditzen zait. Ederra oso.

Bukatzeko, nire egiten dudan pasartea, Lambas Bartzelonako literatura beltzean espezializatutako dendan sartzen denekoa:

Apalategiko materiala ikuskatu nuen. Hainbat liburu aukeratu eta sal-mahaian ipini nituen. Ongi etorriko ziren komuneko apalean, sendotasuna emateko.

-Le Carré gustatzen, e?

Panamako sastrea irakurri nuen 96an; fantasmada hutsa zela uste izan nuen, harik eta, 7 urte geroako Irakeko inbasioa etorri zen arte. Orduan konturatu nintzen zeresan handiko idazlea dela.

Duda aire batek harrapatu ninduen.

-Ordea, nobela beltzean espezializatutako liburu-denda batean… Le Carrérena nobela beltza da, zinez?

-Jakina. Nobela beltzak kolore guztietakoak izan litezke.