Txirrindularitza. Pasioa. Izagirre.
Narratzaile aparta da Ander Izagirre idazle eta kazetaria. Direla bere prentsa zutabeak, bere erreportaje turistikoak edota bere liburuak -izan kirolari buruz izan gai sozialei buruz, PotosĂ bikaina kasu-, duen estiloa, tonua eta joskera apartak dira. Altzoan eroaten zaitu paragrafoz paragrafo eta lortzen du transmititzea idazleari soilik barren-barrenetik atera dakioken hori: pasioa, gezurretakoa izanez gero horren kartonplumazko ageri den emozio hori.
Blog honetan bertan iruzkindu nuen Giroari buruzko bere beste obra eder bat, hemen, eta oraingoan Tourraren txanda da, krologikoki azken hau lehenagokoa bada ere, 2012koa. Liburua Plomo en los bolsillos (Ander Izagirre, Libros del KO, nire alea 13. edizioa da, 2021ekoa) da eta badu zer eskaintzekorik baita ziklismoa gustuko ez duenarentzat ere. Izan ere, lehen orrialdeak irakurtzeaz bat, ezinezkoa da ez maitemintzea erdi arlote erdi alproja ziren aitzindari horiez eta ez eskandalitzatzea erdi alproja erdi arlote ziren ziren egunkari jabe horiez. Anekdotak badira mota guztietakoak: dibertigarriak, txundigarriak, gogorrak, autokritikoak… eta denak, txirrindularitzari buruzko bere hurrengo liburuan hutsune hori zuzendu bazuen ere, emakumerik gabeak.
Nik gozatu dut eta ikasi dut liburuarekin, kasik orriak azpimarratu beste. Bai literaturaren baliogatik bai kirolarekiko afinitateagatik. Izan ere, bizikletarekin maitasun-gorroto harremana duen idazle honek, ezin du ulertu txirrindularitzarik gabe bere bizitzaren parte bat: aurreneko BH bizikleta, txakalaldiak eta erorketak, ia pedalkadarik eman gabe maldan behera udako egun sargorian haizeak freskatzen zaitueneko orooitzapena, ezkontza batean Reynoldseko txirrindulari gazte batekin topo egin eta senideek xaxatuta autografoa eskatu nionekoa -elkarte gastrononomikoan dugu orduan ezezagun zen gazte nafar haren koadroa paretan eskegia-, uztailetako arratsaldeak telebista aurrean, Arrasaten Gianni Bugnok sinadura eman zidanekoa eta nik Chiapuccirena nahi nuen, nola ikusi genuen Marco Pantani kronoigoeran hegaka Leintz-Gatzagako malda gogorretan gora…
Badakit baduela liburuak euskarazko edizioa, 2015ean Julen Gabiriak euskaratutakoa, baina beste baterako utziko dut irakurketa hori. Nire ustez bada liburua berriz irakurtzeko modukoa, besteak beste egilearen pasarte autobiografikoa jasotzen duen epilogo umoretsu, zintzo eta apartaz gozatzeko bada ere.