Sherlock Holmes. Conan Doyle. Aitor Blanco.
Umetan nire marrazki bizidun gustukoenetakoak ziren Miyazaki eta Mikuriyaren Sherlock Holmes (Sherlock Hound bertsio ingelesean). Bertan, animalia formako pertsonaiek -gehienak zakurrak ziren eta Holmes, berriz, azeria- misterioa, abenturak eta hainbat pasadizo bizi zituzten erritmo bizian. Moriarti zakur doilor eta era berean entrainablea, haren morroi mengelak, Watson -zeinak Hudson andereño xarmanta maite duen-, Lestrade komisarioa… Holmes argiz betea zen, azkarra, seduktorea, garbia eta haren kontrastea zen Londres kez betea, makina miragarriz josia eta grisa.
Urteetara etorriko zen Benedict Cumberbatchen serie aparta, hor bai ageri da liburuetako Holmesen izaera erratikoa eta eszentrikoa, eta baita beste hamaika moldaketa ere: House doktorea eta antzerakoak. Pelikuletan, aldiz, Bill Condonen Mr Holmes da nire gustukoena. Nork ez du maite Ian McKellen? Kontrara, nahiago dut Guy Ritchie eta Robert Downew Juniorren filmeei buruz hitzik ez egin.
Sarrera hau egin dut uste dudalako Sherlock Holmes dela literaturak eman duen pertsonaia emankor eta ederrenetakoa. Inspirazio iturri izan dena hainbeste eta hainbeste sortzailerentzat eta oraindik ere iturri emankorra dena sorkuntzan. Horren adibide da oraindik ere badela aski interes Conan Doyleren obrak itzultzeko eta hala Igela argitaletxeak iaz argitaratu zuen Sherlock Holmesen memoriak (Aitor Blancok itzulia, Igela 2021, Vitoria-Gasteiz itzulpen saria 2021).
Liburuan kontatzen dira Sherlock Holmesen hainbat kasu, denak Watsonen ahotsean, eta detektibearen zale garenenontzat gozoki goxoa da. Bere kasu ikonikoetako batzuk ageri dira eta hemen apunte labur batzuk irakurritakoari buruz:
-Harrigarria da ze gutxi aipatzen den Hudson andrea.
-Gauza bera esan liteke Moriarti profesorearen kasuan.
-Mycroft Holmesekin oso onbera da narrazioa, ondoren egin diren beste bertsio batzuekin alderatuta.
Oro har itzulpena fina, txukuna eta landua da. Akaso, bainaren bat jartzekotan, eta hemen arrazoia eman behar diot Irati Jimenezi hitanoaren erabilerak egungo narratiban sor ditzakeen problemengatik, Gloria Scott ipuinean kirrinka egin dit hitanoa nola baliatzen duen itzultzaileak. Izan ere, kasuko protagonista den gizonak hika egiten dio semeari eta aldiz zuka bere gaztaroko kideari. Arraroa egiten zait hori, esperientziak baitiost kontrara izan beharko lukeela, baina batek daki, nire zera ere izan liteke.
Alabaina, ez dadila baina hau sagarrondo bihurtu. Gogoa pizteko, gozatzeko eta nire kasuan berriz ere umetzeko aitzakia ederra izan da irakurketa. Eskerrik asko.