Paris

Scaraffia / Catel&Bocquet / Meza

Guretzat Estatu zapaltzaile dena izan liteke askatasunerako ate beste norbaitentzat, demagun, Josephine Bakerrentzat. Izan ere Paris, zeinak errege nafar baten meza entzunaldi baten balioa duen, Paris da.

Aurreneko aldiz blog honetan liburu ibilbide bat egingo dut. Hala, hilabetez mesanotxean bidaide eduki dudan Giuseppe Scaraffiaren La otra mitad de París (Periférica, 2023, Francisco Campillo Garciak itzulia) obrak eraman nau Josephine Baker komikira (Salamandra graphic, 2022, Catelen ilustrazio eta Bocqueten gidoia, Regina Lopez Muñozek itzulia).

Aurreneko liburua denbora jakin bateko -XX. mendeko gerra arteko Paris- idazleen pasarteak Pariseko mapan kokatzen dituen atlas monumentala da. Rilke, Genet, Gidé, Nin, Picabia, Proust, Simenon, de Beauvoir, Pound, Hemingway, Celine, Joyce… eta beste hamaika idazle toki eta aro berean batu zituen Paris miragarri hura bere errusiar zuri porrot eginiko, idazle neurotiko, putetxe ilun, moda diseinatzaile eskuzabal, dantzari felino, dandy lekuz kanpoko eta jite askotariko pertsonaia ahaztezinen habia. Benetan atsegina da irakurketa nahiz eta maiz, ziur asko baten ezjakintasunagatik, datu berri asko diren trumilka irentsitakoak eta hauek denak buruko armairu batean kokatzen nahikoa lan eduki.

Ba liburu horretan maiz aipatzen den pertsonaia bati buruzko komikia jarri zidan zoriak -asko esatea da zoria esan beharko nukeen tokian Arrasateko Bibliotekako langileen esku fina izan dela erantzulea, hile honetako interesgunean komiki biografikoak jarrita dituztelako- muturren parean. Hala, Josephine Bakerri buruzko komiki monumentala benetan gomendagarria da XX. mendeari buruz zerbait gehiago jakin nahi duen ororentzat. Familia beltz pobre batean jaiotako neskatilaren patu gogorra, arrazakeriaren gorria XX. mende hasierako Amerikako Estatu Batuetako hego ekialdean, nola dantzarako talentu izugarri batek eta pertsonalitate indartsu batek neska bat goratu zuen espektakuluaren olinpoa. Eta, bere jaioterrian kafetegi batean sartu ezin zen Josephine Parisen erregina bihurtu zen, mundu osoko pertsonalitate eta handiki askoren lagun, baina uko egin gabe bere izateko modu parekorik gabeari. Anekdota ugari daude zorroztasun historiko handiz kontatuak, horren froga dira azkeneko orrietako pertsonaia esanguratsuen biografiak, eta nik asko gozatu dut irakurraldiarekin.

Bada hori, Paris, euskaldunok herri gisa zanpatu nahi gaituen herri baten metropolia ez ezik badena zerbait hamaika idazle eta kulturgilerentzat. Biziki aholkatzen dizuet lan hauetara hurbiltzea.

Hastapena

Edgar Allan Poe. Dupin. Noir.

Paris, XIX. mende erdialdea. Chevalier Auguste Dupin pertsonaia (eta pertsona) berezia da: lehen detektibea izatearen meritua egozten diote. Liburuaren kontrazalari kasu eginez gero Sherlock Holmes edo Hercule Poiroten inspirazio iturri izan zen obra eta ez da harritzekoa, zientziaren ahaide nagusi eta dedukzio abstraktuaren maisu baita Allan Poeren pertsonaia: polizia ez da gai krimenak ebazteko, hiria handia eta basatia da eta abenturarik handienak etxetik atera gabe bizi daitezke. Beste era batean azaltzeko, etxetik atera gabe pistak -El misterio de Marie Roget kasuan egunkari zaharrak- arakatze soilarekin egia jakin liteke. Arrazionaltasuna, psikologia eta ezagutza ia entziklopedikoa dira detektibearen tresnarik onenak. Akabo Kixote eta Kixotekeriak, akabo kriminala ulertu gabe epaitu nahi duten justiziagileak: etorkizuna bestelakoa zen.

Hori guztia deduzitu eta interpretatu zuen Edgar Allan Poek eta merituzkoa da ikusita zer zoli jardun zuen. Niri gehien gustatu zaidan kasua aurrenekoa da, El Asesinato de la Rue Morgue, -1841urtekoa- baina hirurak dira bikainak.Liburua da Los Misterios de Auguste Dupin, el primer detective (Periférica 2020, Ángeles de los Santosek itzulia) eta Edgar Allan Poere trebezia finaren erakusgarri da, misterio eta detektibe nobelak maite ditugunontzat gozagarri.