Gaueko langileak

Matz&Chemineau. Jacob. Frantzia.

Alexis Nolent (AKA Matz) narratzailaren gidoia eta Léonard Chemineauren marrazkiak ditu Jacob gaueko langilea (Txalaparta 2021, itzulpena Bego Montoriok egina, lehen edizioa frantsesez 2017koa) komikiak.

Lan honek kontatzen ditu Marius Jacob anarkista frantsesaren ibilerak. Hasteko nola ekin zion gaztetan lanari marinel gisa eta han jasandako tratu txarrek eta munduan ikusitakoak betiko markatu zuten; horren froga da Amiensen epaitu zutenean esan zuen <<ikusi dut mundua eta ez da ederra>>. Pirata ere izan zen tarte batez, krudelegia iritzi ziolako utzi zuen ogibidea, eta ondoren anarkistengana hurbildu ahala militantzia politikoari ekin zion. Militantzia hastapenetan lehergailuekin eta kolpe txikiekin aritu bazen ere, atxiloketa eta ihesaldi ikusgarri baten ondoren bere jarduteko modua aldatu zuen: “Gaueko langileak” izeneko lapur banda ospetsua eratu baitzuen hainbat kiderekin batera (kalkulatzen omen da 150-500 lapurreta artean egin zituztela) eta oso famatu egin ziren Arsene Lupin pertsonaia inspiratzeraino. Hauek ziren lapur bandaren printzipioak (Wikipediatik hartua):

Lehenik, kosta ahala kosta odola isurtzea ekiditea, haien bizitza eta askatasuna babesteko ez bazen, eta kasu horretan poliziak soilik erasotzea. Bigarrenik, bidegabeko gizartearen defendatzaileei soilik ebastea (enpresariak, epaileak, soldaduak, elizgizonak), eta sekula ez lanbide baliagarrietan aritzen zirenei (arkitektoak, medikuak, artistak, irakasleak, etab.). Lapurtutako diruaren ehuneko jakin bat kausa anarkistari eta premia duten kideei ematen zitzaien, eta horrek, jakina, hainbat arazo sortu zizkien. Anarkista idealistekin lan egitea saihesten zuten (taldekideen ustez, anarkista haiek erreakzionarioegiak omen ziren, eta ez oso pragmatikoak) eta klase apaleko jendearekin elkartzen ziren.

Komiki ona iruditu zait, gidoia erraz jarraitzen da eta marrazkiak asko gustatu zaizkit askotariko egoerak ondo islatzen dituelako eta koloreen erabilera biziki trebea duelako. Ikustea besterik ez da nola bereizten dituen itsasoko urteak, Frantziakoak edota Guyanakoak.

Irakurketa guztiz gomendagarrai da Jacob eta anarkismoari buruz gehiago jakin nahi duenarentzta edota, besterik gabe, tarte atsegin bat pasa nahi duenarentzat. Pasarte apartak ditu, Pierre Loti idazlearekin zerikusia duena delizia bat da, eta baita kritika sozial zorrotza ere, presoei agindutako lan behartuekin lotua dena adibidez. Eskertzekoa da horrenbestez Txalapartak, Pol·len eta beste argitaletxe batzuekin batera hainbat hizkuntzatan aldi berean lana argitaratzeko erakutsi duen ekimena.

Amaitzeko, galdera bat: Jacob ez da bakezalea, bere lapurretatan indarkeria arbuiatu arren. Aurretiaz bera izorratu zuen preso doilor bat hiltzen du duda-muda handirik gabe berriro elkartu eta horretarako aukera duenean. Poliziak tirokatzen ditu baita ere. Indarkeriaren irakurketa modu absolutuan egiten den Euskal Herrian halako komiki bat egingo litzaioke pertsonaiari edota besterik gabe isilduko litzateke bere existentzia? Beldurra diot erantzunari.