Maskor ederrak

Ladron Arana. Asain. Detektibeak.

Amerikako akzio eta thriller film zaharren zaleok dugun arazoetako bat da asko eta txarto ikusi dugula. Zinemaldian interesik eduki gabe, bazkalostean sofak igaroz badakigu artadian ornitorrinko bat ageri bazaigu ezkerretik eta Virginia Woolfen doblea eskuinetik ezin dela kasualitatea izan. Horregatik kasu honetan Ladron Aranaren Film zaharren kluba (Elkar, 2018) nobelako planteamendua irakurrita dezepzioa hartu nuen.

Hala eta guztiz ere liburua ez dago gaizki, une askotan lortzen du intriga eta akzioari esker irakurlea lotzea baina, tamalez, ez dut irrakurri hion aurreneko liburua esku artean edukitzean izan nuen lilurarik. Kontatzen dituen pasarte estereotipatuek batzuetan eta hutsalek besteetan, Artzin kokatua egon arren pasarte esanguratsu bat berdin egon zitekeen Alpeetan adibide bat jartzeagatik, ez naute ase. Are gehiago, Jainkoen Zigorran interesgarri zitzaizkidan elementuak, hala nola forentseak edota judizialak desagertu dira azalkeriatan diluituta: homofobia apur bat, intzesto printza batzuk, bikote harreman eskukada bat etab, baina dosi homeopatikoetan. Sinismena galdu dugunontzat, antzu.

Alde du arin irakurri dudala eta thriller generoaren zaleentzat oso gozagarria dela. Kontra akzio biluzia ere barrenik gabe aspergarria dela, beltza izan arren duela hamarkada batzuetako Arrasateko errege kabalgaten tonua duela narrazioak eta, tristeena, Asiaini buruz gehiago jakiteko gogoa itzali zaidala.