Katalunia

Historia. Sobrequés i Callicó. Dibulgazioa.

Duela 44 urte idatzi zuen Xabier Letek Lore bat, zauri bat diskoa irekitzen duen Canço a Catalunya abestia eta hau dio bertako lehen paragrafoak:

Anai zaharren lur gazte borrokan ezaguna,
ttiki geralako haundi aurkitu nahi duguna.
Guregana zugandik datorkigu eguna,
itsasaldeko eguzki bero eta biguna.

Urte batzuk beranduago, katalanei buruzko hamaika txiste egin eta hamabi janda, urriaren 1ean ikusitakoak hunkituta eta Zahar Berri euskara trebakuntza programari esker aretxabaletar katalan bati euskara ikasten laguntzeak dakarren pozez, iritsi naiz Kataluniako herria errespetatu eta apreziatzera. Bat katalan ikasle ere bada, eta irakurtzearen plazera ikastearen ederrarekin uztartzeko zortea edukita, iritsi naiz Jaume Sobrequés i Callicóren História de Catalunya liburura (Editorial Base, 11. edizioa, 2019koa). Bertan Sobrequés i Callicók, UABeko katedradun eta politikari ohiak, besteak beste “trantsizio” osteko Kataluniako Estatutua idatzi zuen hogeikoteko kide izan baitzen, Kataluniako historiaren laburpena egiten du, historiaurretik hasita 2017ko erreferendumeraino. Modu laburtu eta sintetikoan, bere ideologiari dagozkion ajeak ezkutatu gabe, hori jakinda irakurtzea komeni, nahiz eta ni despistatu nauen esaten duenean Jordi Pujol izan dela XX. mendeko katalan politikari garrantzitsuena eta ez Macià edo Companys.

Bi gauza ekarri dizkit gogora liburuak Euskal Herriarekin alderatzean. Bata, ez diogula ematen dibulgazioari aski garrantzia hemen. Joseba Asironen lanek edota Xamarrenek ez dakit aski oihartzunik duten gurean. Ezta Amaia Nausia edo beste horrenbeste ikerlariren lanek. Hori indartu beharko genuke, garena kontatuko badiogu munduari eta gure buruari. Bestea, ez dakidala hemen ba ote dugun herri gisako historia partekatu eta bakar bat osatzeko besteko heldulekurik. Gure herriaren izenari buruz eztabaidan ari garen honetan, zer esanik ez ereserki bateratu proposamenaz trufaka ari direnez, zer dibulgaturik ez dugu.

Letek itsasaldeko eguzki bero eta biguna egozten dio Kataluniari. Liburu honi esker eguzkipean gusturago egoteko motiboak aurkituko ditu irakurleak.

Nasdrovia!

Txekhov. Ginzburg. Begirada.

Anton Pavlovitx Txekhov (Taganrog, Errusia, 1860 – Badenweiler, Alemania, 1904) herriaren dramaturgotzat jo dute batzuek. Ez dakit hitz bakarrean sailkatzen erraza den pertsona horietakoa den. Nor zen, Tolstoiek ipuingile paregabe eta antzerkigile kaskar jo zuen gizon bera? Pobreak ezer kobratu gabe artatzen zituen medikua? Bere burua zaintzen ez zuen gizona, baina bere familiaren kargu egin zena gaztetatik? Siberia ertzeraino inork ezagutzen ez zuen espetxea ezagutu, bide batez ze sakona den Sakhalingo Uhartea liburua, eta horri buruzko txostena egin zuen behatzailea? Kritika txarrek zauritzen zuten gizona eta ordurako txaloak entzun ezinik Yaltan ezkutatua zena? Bere anaien artean talentua jorratu zuen bakarra? Neurri eta erabaki zuhurrei esker herri bat sukar usteletik salbatu zuen planifikatzailea? Ospitale eta eskolak eraikikitzeko diru bilketak antolatzen dituen ongilea? Maitasunean uzkur den herabea?

Ziur asko hori eta hamaika aldiz gehiago. Hauek jasoak ditu liburu mehe bezain ederrean Natalia Ginzburg italiarrak Anton Txékhov Vida a travé de les lletres (Einaudik 1989an argitaratua eta Átic dels llibresek itzulia 2018an Elena Rodríguezen itzulpenarekin). Han kontatzen du modu kronologikoan Txekhoven bizitza, Taganrog landa herri dekadentean jaio zenetik Alemanian hil arte. Gizonaren bizitoki aldaketa ugarietan galtzea erraza bada ere, bera eta bere familiaren egoera ekonomikoak akuilatuta maiz, lortzen du horren sentsibilitate finez idaztea lortu zuen gizonaren nondik norakoak kontatzea. Tonua hurbila, erraza eta tragedian ere atsegina da. Ezin pobre izan, txiroz inguratu eta diruarekin axolagabe izanda eskuzabal izan zen gizonaren bizitza beste era batera kontatu.

Aipatu dudan tragedia umoretsuaren adibide Txekhoven hiletaren pasarte hau, liburuaren amaierakoa:

Van efectuar els tràmits necessaris perquè traslladessin el cos a Moscou. No se sap per qué, però va viatjar en un tren qeu transportava ostres. Els amics i familiars que l’esperaven a l’estació van veure arribar un tren de color verd que tenia un cartell en un vagó on es llegia <<Ostres>>. El taüt era en aquell tren verd.

A l’andana de l’estació, una banda militar interpretava una marxa fúnebre. Els amics van pensar que les autoritats s’havien volgut acomiadar de Txékhov amb aquelles melodies militars. Es va formar el seguici i ells hi van anar al darrere. Però de cop i volta es van adonar que no seguien el funeral de Txékhov, sinó el del general Keller, que havia mort a Manxúria. La banda militar era allà pel general Keller. Van canviar de direcció.

PS: Ez al da ederra liburuan ageri den Gorki, Txekhov eta Tolstoien arteko adiskidetasuna?