Ez esan ezer

Ipar Irlanda. Radden Keefe. Troubles.

Liburuak itxura ona zuen. Baina irakurri ahala susmo txar batek harrapatu nau. Narrazioa ona da, gaia interesekoa dut (Troubles deritzon XX. mendeko sasoi batean, bereziki 70ko hamarkadan, Belfasteko McConville alargunaren desagerketaren kasuan ardazten da istorioa), baina zerbaitek ez du funtzionatzen.

Detaile asko balantzaren alde batean eta batere ez bestean. Bat Euskal Herriko antzeko obrekin eskarmentatua dagoenez paranoiaren aukera lehenetsi nuen: mamuak ari zara ikusten, Eneko. Baina Gerry Adams orriro aipatzen du Patrick Radden Keefek obra honetan, No diguis res (Edicions del Peris·copi 2020, Ricard Gilek itzulia) eta UUF eta UVF siglak ez dira inon ageri. Akaso ez zeuden kasu zehatz horretan inplikatuta, baina zerbait ez doa ondo liburuan.

Orduan, liburuaren lehen herena irakurrita, gugleatu eta Ed Moloneyren artikulu honekin egiten dut topo. Ed Moloney urteko kazetari izendatu zuten Irlandan 1999an, ez da edonor. Artikulua gogorra da oso. Radden Keefe pentagonoko langile ohia da, datu hori ezkutatzea leporatzen dio Moloneyk, eta ez dizkio irakurleari aipatu ere egiten kasua ebazteko funtsezkoak diren pistak, jakina, berari komeni ez zaiolako. Irakurtzeari utzi dit orduan, izenburuaren aurka esan beharra dagoelako zerbait zintzoa ez denean iruzurra dela.

Olatuak

Banville. Iragana. Zedroak.

Konfinamendu gogorraren garaia zen. Hala deitzen diet bederen etxetik lanera joatea bera debekatu ziguten egunei eta, orduan, apenas jaisten nintzen baserritik kalera astean behin. Gizon ezezagun bat agertu zitzaigun egun batean etxean, nekazal turismo izan zenean bertan lo egindakoa omen zena. Garai hartako etxeko bisita-txartela ere erakutsi zigun, duela hiru hamarkadakoa. Emazte zuenarekin etorri omen zen eta orain banandua omen zegoen honetan, interpretatu genuen hausturaren kartografia egiten ari zela, berak hala berretsi ez arren. Non okertu ote zuten lerro zuzena. Edo, sinpleki, zoriontasunaren geografira itzuli nahi zuen pandemiak eragindako atsekabe kolektibo horren erdian.

Akordatzen naiz gizonaz, noizean behin. Baita John Banville idazle irlandarraren El mar (Anagrama, 2005) nobela irakurtzen aritu naizenean ere. Kuriosoa da, ez baitakit zer den itsasertzean bizitzea (Donostian bertan ere itsasoari bizkarra emanda bizi izan nintzen ikasle garaian, Urumearen lagunago hondartzena baino) baina irudikatzen dut Orbaitzetako gure etxean bizitzearen antzekoa behar duela. Berau basoaren, oihanaren kasu horretan, ertzean dago eta horrek berarekin dakar errespetua dei diezaiokegun emozioa, estutasuna ahotara ez ekartzeagatik. Haizeak zuhaitzak mugitzen dituenean, itzalak etxean proiektatzen direnean edota animalia ezezagunen oihuak entzuten direnean nabaritzen da basoa. Beno, ez da egia, bere presentziaz ohartzen da bat nahiz eta ez ekarri pentsamenduaren lehen planora uneoro. Antzeko zerbait gertatzen da itsasoarekin Banvilleren nobelan, hor dago Ballyless herriari zentzua ematen, udatiarrik ez bailitzateke egongo barnealdean balego besteak beste, eta pertsonaiei zerbaiten ertzean bizitzearen alanbre orekagabea besterik ez die eskaintzen. Horrelakoa da Max Morden protagonista, ertzekoa eta doluak ertzera eramana. Krudela, okerra eta min ugarik pertsegitua. Emaztearen faltak jota dagoen gizagaixoa. Pertsona handia ere bada, badirudi ez duela oso gustuko hori, eta errukia sortu didan naizen pasarte hau uzten du lerro artean:

Además está el problema que tengo con los espejos. Es decir, tengo muchos problemas con los espejos, pero casi todos son de naturaleza metafísica, mientra que este este al que ahora me enfrento es de un orden enteramente práctico. Debido a mi tamaño desmesurado y absurdo, los espejos para afeitarme y otros similares siempre me quedan demasiado bajos en la pared, de modo que he de agacharme para poderme ver la cara en el espejo. Últimamente, cuando me veo asomar en el espejo, encorvado de ese modo, con esa expresión de leve sorpresa y de vago y estúpido temor, que hora llevo perpetuamente en mi interior, la mandíbula floja y las cejas arqueadas con un aire de deprimido asombro, me parece que me parezco, definitivamente, a un ahorcado.

Nik ere gorroto dut Gaussen kanpaia, Max, ez pentsa.

Liburu ona da, oso ona. Prosa ederra du, protagonistaren barne monologoak ederrak dira, nahiz eta batzuetan kriptikoegiak izan nire gusturako, eta pertsonaia mosaiko ederra uzten du. Familia ezberdinen barruko engranajeak ezagutzeko parada ematen du, tragedia baten eragina denboran neurtzeko, iraganak gure ahulguneetan duen babesleku rola ulertzeko, haur batzuen helduarorako trantsizioan arreta jartzeko edota zinez krudela iruditzen zaidan pertsonaia nagusiaren ibilbidea ezagutzeko. Man Booker saria irabazi zuen liburuak 2005ean eta kasu honi dagokionean lekuko naiz olatuek ez dutela solik zaborra itzultzen hondartzetara.