Aztarna faltsuak

Western. Geruzak. Komikia.

Frank aktorea da eta turistentzako ikuskizun batean 15 urtez Jake Johnson marshalaren papera antzeztu du. Baditu justiziaren eta zorroztasun historikoaren zaintzaren nozioa zeharo barneratuta. Halaber ez dio askorik balioko horrek, goizetik gauera krudelki langabezian uzten dute eta: zaharregia da, indarkeria transmititzen omen du (yankeeak halakoak dira, tiroteo bat antzezten duen aktoreari indarkeria jariatzea egozteko bezain zinikoak) eta gainera psikiatra batek diagnostikatu du ez dituela ondo bereizten fikzioa eta errealitatea.

Lankideek errukituta lana galdu duen gizonari ibilbide turistiko bat oparituko diote basamortuan John Houston eta beste hainbatek famatu eginiko bazterrak ezagutzeko. Komikia da Bruno Duhamelen Aztarna faltsuak (Harriet Ediciones 2022, Miel A. Elustondok euskaratua) eta esan beharra dago sorpresa atsegina izan dela niretzat. Izan ere, a priori sinplea den istorio batetik abiatuta lortzen du egileak egungo mendebaldeko gizarteen (ala gizartearen?) erradiografia egitea westerna bezalako genero klasiko bati arnasa ematearekin batera. Frank protagonista marine ohi batengana hurbilduko da, hura ere bidaide duena ibilbide turistikoan eta indarkeria antzerkian baino hurrago ezagutu duena, eta partekatuko du bidaia cliché izan gabe gizarte poliedrikoa marrazten duten norbanakoekin. Abentura eta kalentura artean indiarrak, Las Vegas eta mendebalde urruneko beste hainbeste bazter ezagun azalduko zaizkigu, legez kanpoko migrazioa eta antzeko beste hainbat gai garaikiderekin uztartuta.

Ez du nire ustez egileak lan honekin helburu handirik (helburu handiak gainbaloratuta daude literaturan) baina era berean balio digu entretenitzeko, hausnartzeko eta mundu horretan barneratzeko. Joder, horregatik beragatik oso liburu ona da! Marrazkiak gustatu zaizkit, pertsonaiak ondo marraztuak daude (Franken noraeza agerikoa bikaina da eta gida turistikoa aparta) eta zer gahiago esan, tarte ona pasa dudala irakurtzen.

Bukatzeko itzulpena ere gustatu zait, Elustondorena, eta eskertzekoa da halako komikiak euskaraz irakurri ahal izatea. Euskarazko liburu edizioa heroikoa den bitartean halakoak esan beharra dagoela deritzot.

Urpean

U-boot. Itsasadarra. Bilbo.

Batxi marinel eta kronikagileak Bayo ontzian zela Frantziako Palicetik 40 miliatara zegoen mina alemaniarra jo eta bizia galdu zuenean Espainia eta Hego Euskal Herria, ezinbestean, neutralak ziren Gerra Handian. Ezin zuten hori esan Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoako gure neba-arrebek, baina horiek beste kontu batzuk dira. Neutraltasun horrek, halaber, ez zuen esan nahi Europan jokatzen ari zen heriotza-jokoan parte hartzen ez zenik.

Izan ere, iragan mendeko bigarren hamarkadan, ezarri ziren gure herria nolakoa den ulertzeko oinarrietako batzuk. Mikel Begoñaren gidoia eta Iñaketen marrazkiak dituen Helize komikia (Harriet Ediciones, 2020) benetan fina iruditu zait, ederra. Bertan kontatzen da ontzi armadore batzuen eta hauen menpeko marinelen bizitzen zertzelada bat, batzuk nola aberasten ziren Alemaniak urpekuntzi bide blokeatua zuen Britainia Handiarekin komertzioan eta besteek nola arriskatzen zuten bizia diru apur bat irabazteko. Tramaren erdian, matxuratutako U-boot alemaniarra eta konpondu beharreko helizea, Irlanda eta Euskal Herriko abertzaleak batuko dituena gerrak bakarrik sor ditzakeen ohaide gisa Kaiserraren armadako kideekin. Polita da feniar eta feniziar artean ematen den hitz joko historiko-politikoa.

Esaten dutenez batzuetan historia geldo doa, meandro artean nagitu den ibaien antzera, baina gutxien espero denean dator urjauzia eta denak abiadura bizia hartu. Horrelako zerbait gertatu zen Euskal Herriko mendebaldean, Bizkaiko meatzaritzak, industriak eta Ibaizabaleko ontzi trafikoak bat egin zuten unean. Bilboren handitzea, Neguriko oligarkiaren sorrera, futbol taldeen aro mitikoa, abertzaletasunaren lehen urratsak, sozialismoaren errotzea eta aurreneko grebak… kilometro gutxi batzuetan emaniko izarren hauts eztanda dira. Azalpen interesgarri asko datoz biografia edo azalpen gisa komikiaren bukaeran, epilogo moduan erantsita, eta eskertzen da ni bezala informazio urria dugunontzat. Marrazkiak txukunak dira eta gidoiak konbentzitu nau; horrela, nola bestela, pozik has dezake urtea irakurzalea den batek.