Urpean

U-boot. Itsasadarra. Bilbo.

Batxi marinel eta kronikagileak Bayo ontzian zela Frantziako Palicetik 40 miliatara zegoen mina alemaniarra jo eta bizia galdu zuenean Espainia eta Hego Euskal Herria, ezinbestean, neutralak ziren Gerra Handian. Ezin zuten hori esan Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoako gure neba-arrebek, baina horiek beste kontu batzuk dira. Neutraltasun horrek, halaber, ez zuen esan nahi Europan jokatzen ari zen heriotza-jokoan parte hartzen ez zenik.

Izan ere, iragan mendeko bigarren hamarkadan, ezarri ziren gure herria nolakoa den ulertzeko oinarrietako batzuk. Mikel Begoñaren gidoia eta Iñaketen marrazkiak dituen Helize komikia (Harriet Ediciones, 2020) benetan fina iruditu zait, ederra. Bertan kontatzen da ontzi armadore batzuen eta hauen menpeko marinelen bizitzen zertzelada bat, batzuk nola aberasten ziren Alemaniak urpekuntzi bide blokeatua zuen Britainia Handiarekin komertzioan eta besteek nola arriskatzen zuten bizia diru apur bat irabazteko. Tramaren erdian, matxuratutako U-boot alemaniarra eta konpondu beharreko helizea, Irlanda eta Euskal Herriko abertzaleak batuko dituena gerrak bakarrik sor ditzakeen ohaide gisa Kaiserraren armadako kideekin. Polita da feniar eta feniziar artean ematen den hitz joko historiko-politikoa.

Esaten dutenez batzuetan historia geldo doa, meandro artean nagitu den ibaien antzera, baina gutxien espero denean dator urjauzia eta denak abiadura bizia hartu. Horrelako zerbait gertatu zen Euskal Herriko mendebaldean, Bizkaiko meatzaritzak, industriak eta Ibaizabaleko ontzi trafikoak bat egin zuten unean. Bilboren handitzea, Neguriko oligarkiaren sorrera, futbol taldeen aro mitikoa, abertzaletasunaren lehen urratsak, sozialismoaren errotzea eta aurreneko grebak… kilometro gutxi batzuetan emaniko izarren hauts eztanda dira. Azalpen interesgarri asko datoz biografia edo azalpen gisa komikiaren bukaeran, epilogo moduan erantsita, eta eskertzen da ni bezala informazio urria dugunontzat. Marrazkiak txukunak dira eta gidoiak konbentzitu nau; horrela, nola bestela, pozik has dezake urtea irakurzalea den batek.