Poloa

Endurance. Iñurrategi. Pazientzia.

K egunaren bezperan, Alberto Iñurrategi ikusi nuen Arrasaten. Ikusi baino topo egin, alde zaharra aproposa baita horretarako, elkartu nahi ezkutatzeko.

Irribarre tontoa izango nuen ezpainetan, ohikoa baino tontoagoa bederen, miresten dudan pertsona baita Alberto. Murrukixo elkartean erruz saltzen ziren frakak, garai erromantikoago baten oihartzuna, tragedia eta eredua, dena batera.

2011ko uda australean, abenduaren hondarrean, hego polora iritsi zen Zabalza eta Vallejorekin. Ia 2.000 km helbururaino, 300 kiloko lerari tiraka. Epikoa? Bai. Beharrezkoa? Hori berari galdetu behar, baina ukaezina da neurrigabetasun zuriak duen erakarmena.

Honela, kontinentez nahiz erronkaz aldatu gabe, Caroline Alexanderren Atrapados en el hielo oparitu zidan lagun min batek, garai txar batentzat ukendu. Bertan Ernest Sackletonen eta bere eskifaiaren balentria kontatzean da, argazki ugarirekin. Oinez zeharkatu nahi zuten, aurreneko aldiz, Antartika.

Ordurako egona zen han, porrot egin zuen espedizio batean. Beno, porrot, loriaren zentzu batean bakarrik. Izan ere Caroline Alexanderren hitzetan, Shackletonek nahi izan balu bera zatekeen aurrenekoa hego polora iristen, baina Scotti gertatu bezala, nekez irtengo zen handik bizirik. Nahiago izan zion garaipenari uko egin, arearioaren alde, eta espedizioaren bizitzak salbatu atzera eginez. Bere filosofia honakoa ei zen, “bizitzak beti ematen ditu aukera berriak”.

Antza, hau izan omen zen Endurance ontziaren espedizio berriari ekiteko orduan aktibo garrantzitsuenetako bat marinel berriak erakartzkeo eta ez mitifikatutako iragarki hau, bide batez liburuan aipatzen ez dena: Se buscan hombres para viaje peligroso. Salario bajo, frío agudo, largos meses en la más completa oscuridad, peligro constante, y escasas posibilidades de regresar con vida. Honores y reconocimiento en caso de éxito

Abuztuaren 8an irten zen ontzia Ingalaterratik, hasi besterik egin ez zen Gerra Handiaren itzalean. Hor ekin zioten abentura eta biziraute istorio handienetakoa idazteari.

Liburua ederra da, GeoPlanetaren edizioa, eta argazki apartak ditu. Zirrara eragiten du esate baterako ontzia okerturik ikusteak, izotzak janda. Katastrofetik erreskatatu ahal izan zituzten hondarrekin Pazientzia kanpamendua altxa zuten.

Bukaeran denak irten ziren handik. Hauek izan ziren ibilaldiaren amaieran Shackleton irlandarraren hitzak: Oroitzapenetan aberatsak ginen. Gainazalaren berniza zulatu genuan. Sufritu genuen, gosea pasa eta arrakasta lortu, humiliatu egin ginen eta halere loria ukitu genuen, denaren handitasunarekin hazi ginen. Jainkoa ikusi genuen bere goreneko mailan, naturak interpretatzen duen testua entzun. Gizakiaren arima biluzia atzitu genuen.

Guztira 22 hilabete egiten zituzten erreskatearen zain. Iritsieran, Ingalaterra oraindik gerran zegoen, ez zieten harrera berorik egin. Abentura, pazientzia, zaintzaren loria… beste garai batekoak ziren jada.

Elurra

Absentzia. Zuria. Erredura.

Ezabatuko dira egunok, inposatuko da normaltasuna; arrastoa da, kontua. Konfinamenduak utziko digun orbainaren labarraren sakona, hor dago koxka.

Elurrak erre egiten du idatzi nuen behiala, xahuturiko aurreko bizitza batean. Gaur, bazterrak zuri, honek dakarren senezko aztoramenduak talka egiten du itxialdiaren geldoaz.

Izoztu zitzaigun negu hura, nire abizenkideak gaztigatu zigun legez. Olerki liburu handia, egileak utzi digun hutsunea bestekoa, Jon Barberenarena. Iruñea Hiria 1. NazioartekoPoesia Saria lortu zuena. Olerki ederren artean, aproposa hau gaurko egunerako:

Haizeak malkoak idortuko balitu,

elurrak beltzuneak glaseatu,

kazkabarrak iragana kolpeka birrindu

eta ostadarrak begizulook koloreztatuko balizkit,

euriak eta eguzkiak

udaberri honetan ilusioa ernatuko lukete

haragizko eremu antzu honetan.

Euskarari letrak eransten egin genuen topo, Jon. Arrastoa, udaberria, ilusioa, berba arinagoak ziren orduan.

Angioa.

Ilargia. Bidea. Flannery.

Memoriak atsedena behar du, nireak bederen, dekantazioz funtzionatzen baitu. Ontzi barreneko cola-cao arrastoak arakatuz ikusten dut iragana, iragarri etorkizuna esan nahi nuen, ezezagunerantz goazen honetan. Flannery eta astokiloak, JC Perez eta Bernardo Atxagaren arteko elkarlanaz oroitu naiz. Egineko bideoak zirenean euskal munduaren ate.

Astoz asto, Moguerrekoa da Musakolakoaren ostean munduko astorik ezagunenetakoa. Juan Ramon Jimenez poeta, idazle eta saridunak ezagun marrazturiko animalia maitagarria. Nola ahaztu hasierako Platero es pequeño, peludo, suave; tan blando por fuera, que se diría todo de algodón, que no lleva huesos. Sólo los espejos de azabache de sus ojos son duros cual dos escarabajos de cristal negro. Neurotikotzat jo zuen Rubén Daríok, 1901ean, Jimenez. Aitaren heriotzak kolpatu zuen eta Bilbao bankuak ondasunak kendu. Malenkonia, sentimendu lausoak, musika, koloreak, ameskeria omen bere lehen etaparen adierazgarri. Egonaldi luzeak osasun-etxeetan, depresioa.

Margolari bokazio goiztiarra izan omen zuen, Anaya argitaletxeko Platero y Yo obraren edizioko, 2014, sarreran ageri denez gero. Ez da hau niretzat xehetasun txikia hau, ondorengo paragrafoan bistakoa denez gero: La noche cae, brumosa ya y morada. Vagas claridades malvas y verdes perduran tras la torre de la iglesia. El camino sube, lleno de sombras, de campanillas, de fragancias de yerba, de canciones, de cansancio y de anhelo. De pronto, un hombre oscuro, con una gorra y un pincho, roja un instante la cara fea por la luz del cigarro, baja a nosotros de una casucha miserable, perdida entre sacas de carbón. Platero se amedrenta.

-¿Ba argo?

-Vea usted… Mariposas blancas…

El hombre quiere clavar su pincho de hierro en el seroncillo, y no lo evito. Abro la alforja y él no ve nada. Y el alimento ideal pasa, libre y cándido, sin pagar su tributo a los Consumos…

Entziklopedia libreak dio Machadok ez bezala, honek paseatu egiten baitzuen, Jimenezek bere egonaldi itxietan eraiki zituela bere obratako asko irudimen ardagaiz. Alegre Heitzmannen arabera, El Paíseko artikulu honetan, El ladrón de agua olerkia kubo bati buruzkoa da, Hermenegildon Lanzen etxean izaniko afari batean Jimenezek hainbat aldiz eskatu baitzuen kuboa uretara jaurtitzea hotsaren gozamenarako.

Convencido cada noche por la antigua medialuna granadí de que es un ladrón, el ladrón de agua retumba, cae, zumba, se yergue…

Orain, gu angioan sartuta gauden honetan, irudimena uzkurtu edo askatzea norbere hautua ez ote den…

Ibaia

Zubia. Vixegrad. Arantxa Tapia.

Eta zubian eta haren kapijan igarotzen da hirixkako biztanleen bizitza, haien jiran edo harekin loturik doazkia egunak, ikusiko dugun bezala. Gertakarik pertsonal, familiar zein publikoei buruzko kontu guztietan entzun daiteke “zubian” esapidea. Izan ere, zubiaren gainean egiten dituzte umeek lehendabiziko paseoak, han egiten dituzte mutikoek lehenbiziko jolasak. Haur kristauek, Drinaren ezkerreko ur hegian mundura etorrita, beren bizitzako lehen egunetan gurutzatzen dute zubia, lehenbiziko astean eramaten baitituzte elizara bataiatzera. Baina beste haurrek ere, eskuineko hegian jaiotakoek edo musulmanak izanik inolaz ere bataiatuta ez daudenek, bere haurtzaroko zatirik handiena zubiaren inguruetan ematen dute, beren aitek eta aitonek behinola egin bezala. Arrantzan ibiltzen dira haren ingurumarian edo usakumeak harrapatzen dituzte arkuen azpian. Lehenengo urteeetako ohitzen zaizkie begiak harri argi porotsuz ezin egokiago landutako eraikin bikain eskerga horren lerro armoniatsuetara. Badakite zubiaren biribiltasun eta hutsune maisuki zizelkatu guztien berri, eta badakizkite, halaber, haren jatorri eta eraikuntzarekin loturiko ipuin eta istorio zaharrak oro, zeinetan irudipena eta errealitatea, egia nahiz ametsa korapilatzen baitira harrigarriro eta guztiz nahas-mahas.

Ivo Andritxen Zubi bat Drinaren gainean liburu ezaguneko lehen kapituluko paragrafoa da hau, Karlos Zabalak euskarara ekarria. Andritx, bosniarra, jugoslaviarra, nobel sariduna eta diplomatikoa nahiz politikaria izan zen. Idazkera ederra du, kondairen oihartzuna dakarkiguna egunerokotasuna azaltzeko. Gogorra da oso, liburu hau jostea Slavenka Drakulic-en Han ez banengo bezala lanarekin. Isiltasuna dakarren bidea da.

Pasartean, dena esan beharra dago, ebidentea da bidenabar emakumeen inbisibilitatea. Zerbait aurreratu dugu.

Gurera etorriaz, ez dakit aspaldian joan zareten Gesalibartik Ibarrara (Aramaio) errepidez. Hotzikaraz hotzikara igaro liteke bat. Espetxe-psikiatrikoa, istripuan desegindako baserria edota Igor Portu eta Mattin Sarasola Guardia Zibilak basatiki torturatu zituen Suñako bidegurutzea, ibaian itoz kolpe artean.

Aldartea iluntzen zaio bati, in crescendo baitoa egonezina, hurrengo bihurgunean igarotakoa igaro eta burugain duen AHTko biadukto azpian. Cuatrovientos deitzen zaion baserria ez da urrun, trenak gehien gaztigatu duen tokietako bat.

Drinakoa ez bezala, zubi handiegia ibai ttipirako, Ajuria Enean bizi diren bisirren amets. Ez dut uste biharko Arrasate nahiz Aramaioko haurrek zubi horren inguruan egingo dutenik bizitza. Ez du haien biografian arrastorik utziko, ez bada berau egiteko diru zorpetzeak Debagoienako Ospitalaren aurrekontua murriztu duelako.

Ez da lamien elezaharrik izango horri buruz. Asko jota, infernuko egunerokoan, espectacular, vistas privilegiadas eta bucólico irakur liteke cicatriz berbaren gainetik. Deabruak, eta ez dut bere izenik aipatuko alferrik, gure bizitzak exigitu ditu bere zubiak amaitzearen truke.

Hau mundu arranoa hau.

Lautada

Zero gunea. Gaztela. Hala Bedi.

Aho txikiaz esan ohi dut, egia guztien antzera, gidari bezala beldur handiena diodan hiria Gasteiz dela. Horrek ez lioke lotsarik ekarriko Itsasutar bati, kilometroak barkamen, ezta Bilbotar bati ere, jakina baita metroa dela haien territorio libre bakarra Castrora doan bideaz landa.

Baina Gasteiz misterioa da; horren berdin, horren lau, horren karratu… eta misterioek badakarte gauza bat eta kontrakoa, erakarmen beste izu. Nik bietatik dut frango, eta joaten naizen neurri berean ekiditen dut Arabako hiriburua. Iragana, Txagorritxuren itzala (beti hedatu izan dena Debagoienaraino, 0 gunea izan baino dezente lehenago) edota zorizko hiri unibertsitario Donostia hautatu izana dira ni aldendu nautenak. Erakarri aldiz saskibaloiak, Hala Bedik, Arrasate utzi eta aldirietan habi egin duten kuadrilakoek edota Xabier Montoiaren Gasteizko Hondartzak liburu apartak.

Ez zait Gasteizi eginiko omenaldi hoberik okurritzen, egun gasteiztarrekiko gainontzeko euskaldunok dugun paternalismo eta mespretxuaren aurrean, iragan gris eta gaztelartua begien parean jarri eta dotoreziaz besarkatzea baino. Guztiz gomendagarria ipuin sorta.

Gaiz aldatuz, irakurri dut hiltzean gehien errepikatzen den azken hitza ama hitza omen dela. Ez dakit non irakurri dudan eta ez dakit nori irakurri diodan. Probabilitatez, zer edo zer esatearren, Arantxa Tapiari ziurrenik. Baina akaso Iñaki Peñari zen, Isabel Celaári edota Britney Spearsi. Ez izan gogorrak nirekin, arren, garaiotako seme bainaiz, dakien hori nondik hartu duen ez dakienez ezjakin hutsa, bere gailur intelektuala Egunean Behin jokoa irabaztetik harago irudikatzeko lanak dituena.

Ama, alfa eta antza denez omega. Egiak esaten behini hasita, zer dakigu benetan gizonok amatasunaz? Zenbat denbora eskaini diogu horri buruz pentsatzeari? Zer da topikoa eta zer alea?

Tradizionalki, liburua irakurtzea da honi jar dakiokeen erremediorik onena. Katixa Agirreren Amek ez dute nobela puska esate baterako, Gasteizen kokatua eta berau irakurri dutela esan didaten guztiengan arrastoa utzitakoa, ni barne. Ongi idatzia, azkarra, zorrotza, brillantea da. Ausaz liburua zabaldu, pasarteren batean begirada iltzatu (hau, benetan egiten dut ausaz, ezein orri hartu eta horko paragrafoa kopiatzearena) eta liluratzen zaituen zerbait aurki dezakezu. Hemen adibidea: Hiru hilabete hiru ordu jarraian lo egin gabe igaro ondoren, hasieran bi egunean behin eta gero astero eta gero hamabostero umea pisu kontroletara eraman ostean, umearen gorotz/gonbito/muki/eztul ororen erregistro estua eraman ondotik, ama identitateak beste identitate guztiak zurrupatu zituen, aintzinako ni horiek ahanztura absolutuenera kondenatuta. Idazlea ni? Langilea ni? Emaztea ni? Alaba ni? Laguna ni? Trafalgar Square-ko iturrian biluzik bainatu zen hura ni? Uda bataz Ness lakuko gidaria izan eta turista amerikarrekin ligatzen zuena ni? Bai zera!

Eusko Jaurlaritzaren deiak horretaz ohartarazi ninduen. Ordurako ez nintzela ni. Eta hasierako nahasmendua gaindituta, zera erabaki nuen: bazela erabakiari buelta emateko garaia, eta hor nonbaiten suntsitutako neure izatearen hondarrak biltzen hasi beharko nintzela.

Gasteiz laua da, ni galdu egiten naiz, mapak ez dira lotsagarriak.

Hondartza.

Irakurketa erraza. MWC. Piolín.

Probokazioaren arteak badu asko ezezagunetik. Probokatzailea, albait ezezagunago, egiatiago baita. Probokatzailetasuna ezin baita izan supituki Damaskora bidean izaniko erorialdia. Probokatzailea jaio egiten da, probokatzaileak ez du lagunik, probokazioa irreberentea da. Probokatzaileari ez zaio deus barkatzen.

Horregatik dira horren nekagarrik probokatzaile ofizioa ustez eurena egin eta Mediterraneoa ikusita aho zabalik geratzen direnak. Deskubrimenduaren xarma, itsaslabarretik oinetara dakusaten itsasoa. Probokazioa, boterera doan bidezidor, berehala uzten dute aulki jokoan bermaturik sentitzean popa.

Ez nuen Cristina Moralesen Lectura fácil lana ezagutzen. Ez dut egilea inon kokatzen. Jakinmina piztu dit lanak; CUPekin, Ada Colaurekin, Santseko hainbat gune autogestionaturekin, independentistekin, gizarte zerbitzu deiturikoekin… sartzen den horri buruz. Forma aldetik ausarta da, erditik aurrera nire gusturako luzexka, baina lerroz lerro zorrozten doan irakurketa.

Ea pasarte honek pista bat ematen dizuen eleberriaren mamiari buruz: Como ya habían vuelto hacia nosotras todos los miembros del público sin excepción, a Nati, crecida porque la escuchaban y porque a continuación venía lo que todas sabíamos que venía, se le activaron las compuertas. Se le puso en la cara la máscara transparente que le amortigua la voz y que la obliga a hablar al doble de volumen y tuvo por eso que pegarse con su camisón verde pistacho a la barandilla y doblar el tronco para porder hacerse oír, por eso y porque estaba excitadísima ante los diez segundos de lo que ella llama acción directa y que Patricia llama insulto directo que se le ofrecían: ¡Qué mierda fascista de película de Amelí es esta danza! ¡Que levanten la mano los reprimidos que están apretando el culo y los gilipollas que votan a Ada Colau y los gilipollas que hacen la cadena humana por la independencia y los gilipollas que hacen las dos cosas! La chelista no dejó de tocar ni las bailarinas de bailar, pero durante esos segundos de acción o insulto directo que coincidieron con el tiempo que tarda un no retrasado en constatar que éramos cuatro retrasadas, tocó una y bailaron las otras más lento y el público recien duchado dudó si aquello sería parte de la perfomance o si verdaderamente una síndrome de las Compuertas en camisón se estaba atreviendo a increparles con esa violencia.

Probokatzailearekin galderak, dira; noiz arte, norekin, norentzat. Irailaren hondarrena hondartzan etzanda egonik Piolín ontzi batetik datozenen kolpeak direnean ongizate estatu soziala, birusek soilik dute gure mundua garizuman iraultzeko mozorroa. Horra irakurketa erraza.

Zohikaztegia

Corca Dorcha. The emergency. Txillardegi.

Bibliofiliaren arazoa, norbere zelulosa kontsumoak biodibertsitateari kalterik eragingo ote dion pentsatzeaz harago, espazioa da. Liburuak saldoka botatzea oinordeko doilorren zeregina baita, Ikearen promozio kanpaina egongelako armairu prototipikoen aurka edo infinituraino hazten diren telebisten lebensrauma.

Kulturaten liburua irakurri ostean, ez nuen zalantzarik izan: merezi du tokia tiraderan. Ze libururi buruz ari naizen? Ordura arte nire ezjakintasunak oraindik zapaldu gabeko egile baten hiru obra batzen dituen El consumo de patata en Irlanda, Nórdicalibros, lanaz.

Liburua Flann O´Brienek idatzi zuen 1941ean, Irlandan the emergency deitu zitzaion gerrate handiaren erdian eta biziki arrakastatsua izan zen. Irlaren hegoaldea, errepublika izateke oraindik, neutral mantendu zen kontinentea zartatu zuen gatazkan. O´Brien, idazlearen gaitzizen ezagunenetakoa da hau, idazle eta kazetaria izan zen. Hiztun gaelikoa bera, hizkuntza honekin konprometitua eta era berean ordura arteko literatura nahiz mentalitate gaelikoarekin gupidagabea: bere liburuan gaelikoz eginiko hastapenetako obra kostunbristen hamaika erreferentzia parodiko ageri dira. Bere prosan hiztun gaelikoek Bonaparte moduko abizenak ditute, gupidagabe egiten du barre euren gristasunetik ihes egiteko gaeliko zale egin direnei ez hanka ez buru gabe eta deitoratzen du ordura arteko sorkuntza gaelikoaren umore falta edota irlandar estereotipoen puzte neurrigabea.

Bere La boca pobre obra, gainera, An tOileánach obraren parodia eta era berean omenaldia da. Egilearen beraren hitzetan, “literatura on batek beste bat dakar, Eneidak Comedia dakarrena eran”. Gaelikotik gaztelaniara itzuli duen Antonio Riverok Kixoterekin alderatzen du.

Hemen adibidez, La boca pobre nobelaren pasarteak gertatzen diren Corca Dorcha herrian egiten den gaeliko kongresu baten pasartea, non kanpotik hartutako hizlarik batek hitza hartzen duen:

-Gaélicos -dijo-, mi corazón gaélico se llena de alegría al estar hoy aquí dirigiéndome a vosotros en gaélico en esta fiesta gaélica en el centro del territorio gaélico. Dejadme decir que soy gaélico. Soy gaélico de pies a la cabeza, gaélico por los cuatro costados. Asimismo, todos vosotros sois verdaderos gaélicos. Todos nosotros somos gaélicos de puro linaje gaélico. Quien es gaélico siempre será gaélico. Yo nunca he pronunciado (ni vosotros tampoco) una sola palabra que no sea gaélica desde el día que nací, y lo que es más: todo lo que he dicho ha versado sobre el tema de la lengua gaélica. Si somos verdadero gaélicos, es necesario que nos ocupemos siempre de la cuestión del gaélico y la gaelicidad. De nada sirve saber gaélico si lo empleamos para conversar sobre cosas que no son gaélicas. Quienes hablan gaélico pero no se ocupan de la cuestión de la lengua, no son verdaderamente gaélicos en el fondo; personas así no benefician nada al gaelicismo, pues lo único que hacen es burlarse del gaélico e insultar a la gente gaélica. No hay nada en el mundo tan hermoso y tan gaélico como los verdaderos gaélicos que hablan en verdadero gaélico gaélico sobre la gaélica lengua gaélica. Por tanto, declaramos gaélicamente inaugurada esta fiesta! Arriba los gaélicos! Larga vida a nuestra vida gaélica!

Cuando este noble gaélico se sentó sobre su gaélico trasero, hubo gran algarabía y todos los asistentes estallaron en aplausos. A muchos de los gaélicos del lugar les flaqueaban las piernas debido a la falta de alimento, y ya desfallecían por estar tanto tiempo de pie, pero no se quejaban.

Liburan txerriak ageri dira nonahi, patatak, ironia bizia orriz orri. Bereziki ona da haserako pasarteetako bat, bertan gaeliko ikertzaile bat protagonistaren etxera doan eta han, iluntasunean entzuten dena magnetofoiez grabatzen duen miresmenez beterik. Ondoren, Berlineko bere lagunen aurrean, txerriaren hotsak aurkeztuko ditu guztien gozamenerako gaelikorik puruena delakoan alabantza ugari jasoz. Egileak, naziekin konplizitate harremanak izan zituzten intelektual irlandarrei sarturiko ziri aparta da nire ustez.

Irlandarrak santujaleak, kontserbadoreak, hiztun garaituak eta beste hainbat kontu dira. Baina batzuk behintzat zohikaiztegira jo eta sua umorez mantentzen dela gu baino lehenagotik dakite.

Kobazuloa

The princess bride. Samuel Beckett. Hulk Hogan.

Nerabetan espeleologia zaletasunaren fasea igaro genuen, pantaila aurreko gizaldian. Bizikletak hartu, linternak, askaria eta ziztu bizian irteten ginen kezka arineko udatan Arrasate inguruko koba eta osinetara. Abentura kideek zirrara, freskotasuna, iluntasuna, ur hotsa edota bestelakoak oroitzen dituzte. Nik, ordea, kabitu ezina.

Lagun on baten aholkuz erosi nuen, ez hasiera batean gogo onez, Box Brownen André el Gigante komikia, Astiberrik gaztelaniaz argitaratua. Bertan André Roussimoff frantsesaren bizitza kontatzen da, bulgariar eta poloniar etorkinen semea bera, pop ikonoa izana hamarkada luzez bere wrestling (borroka profesionala), aktore edota celebrity ibilbidearengatik.

Komikiak André Erraldoiaren borrokalari ibilbidea du ardatz, ikuskizun (kirol?) horri eskaini zion guztia, bere aitatasun ez eredugarria, osasun arazoak, famaren kudeaketa… albo batera utzi gabe. Bereziki kuttun dudan pasartea da haurra zela eskolako autobusean kabitu ez eta bizilagunak furgonetan eskolara eroaten zuenekoa. Bizilagun hori Samuel Beckett idazle ezaguna zen.

Princess Bride pelikulako grabazioaren pasartea ere xamurra zait oso.

Halaber, nik tonu mingotsa hartu diot komikiari zati handi batean. Horren adibide David Letterman aurkezle estatubatuar ezagunaren programara joan zeneko elkarrizketaren pasartea. Honek galdera tipikoak egin zizkion: Jendeak ikusten zaituenean beldur da zutaz? Zer gertatzen da taberna batera sartzen zarenean? Andréren erantzuna azken galdera honi: jendea joan egiten da. Publikoak barre egiten du, Letterman dibertitzen ari da. Zure lanagatik asko bidaiatu behar duzu, nola daroazu hori? Andrék ondorengoa esan: Hotelari matrimonio ohe handia eskatzen diot. Okerrena Japonia da, dena baita oso txikia. Ezin naiz komunera joan, ezin naiz atetik pasa. Barre ozenak berriro ere.

Komikiko narratzailearen ahotsak dio: Letterman ez da jabetzen ze zintzoa den zinez bere hitzetan André.

Kobazuloan jaiki eta buruaz jo dut estalaktita. Izutu nau berau haustearen aukerak, baina zorionez, nire buruak garatuko du koskorra. Ez da erraza norberaren gorputzaren onarpena, beti arraro zarenaren sentsazioa izan baduzu. Ikasketa luzea da eta bidean min handia egin diezaiokezu beste pertsona batzuei. Nik lotsa hori daroat nirekin pausoz pauso, kobazuloaren ahoan, argi printza batzuk ikusten direlarik.

Terminala.

El Prat. Frankfurt. JFK.

Ez dut filma ikusi, Terminala, baina kontatu didatenez honen haria, gauza gehienekin bezala bertsio propioa egin eta nagikeriaren zakua gizendu dut. Gizon bat irten ezinean aireportutik, apatrida austro-hungariar bat lautada amaigabean, hiri bakoitzak duen Ellis irla propioan.

Aireportuak toki terriblea dira, eta halere, badute segurtasuna transmititzen duen zerbait. Gogorra da hau ametitzen, are gehiago lekuen xarmaz mitinak eman edota berezitasunaren apologia sutsuak defendatu dituen batentzat, baina toblerone eta plastikozko irribarren errepikapenak leku seguru bihurtzen dute. Bertan eroso egon liteke bat, jakin baitaki, Zambian ala Bielorrusian, aireportuak baduela batak bestearen antza. “Etxe da”, esango genukeen olgetan, eta horrek gu egiten gaitu etxeko.

Mamia badu kontuak.

Ausaz eginiko liburu erosketak urtebetetze festen antzekoak dira. Atea zabaldu arte ezin jakin zer aurkituko dugun. Alferrak dira kabalak, suposizio burutsuak. Sergi Pàmiesen El arte de llevar gabardina liburuarekin zorteko dut nire burua, merezi duelako tiraderan okupatuko duen espazioa. Ipuin apartak baitira, gordinak, apaindura gabeak. Ama idazlearen Villancico maternofilial idazle ofizioari buruzko lezioa ipuin onena da niretzako, baina testu honetarako aproposago zait Sobre la utilidad de los novelistas deritzona. Hemen bertan deskribatzen den aire terminaleko atmosferaren pasarte eder bat: El aeropuerto le invita a liberarse de esa máscara y a actuar con una naturalidad que afila su capacidad de observación y afina su humor. Igual que hay gente que nunca se cansa de observar el cielo, el mar o el fuego, a él le gustas observar las multitudes desde un mirador que le proporcione el aliciente de los detalles, y, a la vez, el incentivo de una visión de conjunto.

Ispilu aurrean gaude eserita Loiuko aireportu zurian, euriak aurpegia blaitzen dizun bitartean.

Basatza.

Lagerra. Zapatak. Instagram.

Hamasei urte eskasekin egin genuen ikasbidaia, Errumaniara. Iseka egin ziguten, hainbatek, Herberehetara joateari muzin egin geniolako zentzuzko zenaren aurka. Jakina, kontsumista beti bestea baita. Mallorca edo Benidormeko ingelesekiko nagusikeria hori…

Bidaia Europar Batasuneko Comenius programaren baitako ekimena zen, Euskal Herriko eta Errumaniako ikastetxe bi elkar ezagutzea. Ez da alferrik Erasmusa, Comeniusaren ahaide ezaguna, EBren programa arrakastatsunetakoa. Busez egin genuen ibilaldia eta bidean Munich, Inssbruck, Berna edota Budapest ezagutu.

Municheko Dachau ikusi, ikusi genuen. Baina ez ginen han egon, ez ni bederen. Ni han Nico Rosti esker egon bainintzen bisitan, hirugarren baten bizipenen bisitari izateak eskaintzen duen azaleko presentziaz.

Auscwitzen kontakizunetan ezagunenetako Primo Levi kimikari italiarrarena da, hor ez noa ezer berririk kontatzera. Bere trilogia ezaguneko aurreneko obra, Hau gizon bat bada, basakeriari eginiko erretratua da. Ausaz har liteke ezein paragrafo horretaz jabetzeko: Heme aquí, por consiguiente, llegado al fondo. Al borrar con una esponja el pasado, el futuro se aprende pronto si os obliga la necesidad. Quince días después del ingreso tengo ya el hambre reglamentaria, un hambre crónica desconocida por los hombres libres, que por la noche nos hace soñar y se instala en todos los miembros de nuestro cuerpo; he aprendido ya a no dejarme robar, y si encuentro una cuchara, una cuerda, un botón del que puedo apropiarme sin peligro de ser castigado lo meto en el bolsillo y lo considero mío de pleno derecho.

650 lagun irten ziren Levirekin batera trenez basakeria naziaren lagerretara bidean eta gerra amaituta 3 itzuli. Heriotza tasa, lager horietan, %98koa zen.

Halaber, Primo Leviren orriotan gizatasuna hedatzen da gaur estreinatu dugun udaberria bezala, bazter guztietara. Nik etxean Península Argitaletxeko 2018ko edizioa dut eta biziki gomendagarria da Hau gizona bada liburuari autoreak 1976an egin zion eranskina, ikasle irakurleek maizen eginiko galderei emaniko erantzunekin. Hor daude gakoetako asko; Mussolini, Alemaniarrekiko jarrera behin gerra amaituta, sobietar eta alemaniar artean egiten duen bereizketa, ihesaldiei buruzko hausnarketa…

Primo Levik, beretzako zorionez, ez ditu instagramer garaikideak ikusi izurri den influenzerkeriatan Auschwitzen. Ez dakit zer iritzi izango zukeen horri buruz.

Akaso Monowitz-Bunako elurrak urtu osteko basatzaz oroituko litzateke. Nola itsasten zaion bati lokatza zapata galtzatan. Arrastoa utziz, pauso bakoitzean.

Nico Rostek, gogor salatu zuen, bera egoniko esparruaren zuritzea irten eta hamarkada bat barru egin zun bisitan. Leku batzuetatik zapatak zikinduta irten behar baita.