Terminala.

El Prat. Frankfurt. JFK.

Ez dut filma ikusi, Terminala, baina kontatu didatenez honen haria, gauza gehienekin bezala bertsio propioa egin eta nagikeriaren zakua gizendu dut. Gizon bat irten ezinean aireportutik, apatrida austro-hungariar bat lautada amaigabean, hiri bakoitzak duen Ellis irla propioan.

Aireportuak toki terriblea dira, eta halere, badute segurtasuna transmititzen duen zerbait. Gogorra da hau ametitzen, are gehiago lekuen xarmaz mitinak eman edota berezitasunaren apologia sutsuak defendatu dituen batentzat, baina toblerone eta plastikozko irribarren errepikapenak leku seguru bihurtzen dute. Bertan eroso egon liteke bat, jakin baitaki, Zambian ala Bielorrusian, aireportuak baduela batak bestearen antza. “Etxe da”, esango genukeen olgetan, eta horrek gu egiten gaitu etxeko.

Mamia badu kontuak.

Ausaz eginiko liburu erosketak urtebetetze festen antzekoak dira. Atea zabaldu arte ezin jakin zer aurkituko dugun. Alferrak dira kabalak, suposizio burutsuak. Sergi Pàmiesen El arte de llevar gabardina liburuarekin zorteko dut nire burua, merezi duelako tiraderan okupatuko duen espazioa. Ipuin apartak baitira, gordinak, apaindura gabeak. Ama idazlearen Villancico maternofilial idazle ofizioari buruzko lezioa ipuin onena da niretzako, baina testu honetarako aproposago zait Sobre la utilidad de los novelistas deritzona. Hemen bertan deskribatzen den aire terminaleko atmosferaren pasarte eder bat: El aeropuerto le invita a liberarse de esa máscara y a actuar con una naturalidad que afila su capacidad de observación y afina su humor. Igual que hay gente que nunca se cansa de observar el cielo, el mar o el fuego, a él le gustas observar las multitudes desde un mirador que le proporcione el aliciente de los detalles, y, a la vez, el incentivo de una visión de conjunto.

Ispilu aurrean gaude eserita Loiuko aireportu zurian, euriak aurpegia blaitzen dizun bitartean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude