Poloa

Endurance. Iñurrategi. Pazientzia.

K egunaren bezperan, Alberto Iñurrategi ikusi nuen Arrasaten. Ikusi baino topo egin, alde zaharra aproposa baita horretarako, elkartu nahi ezkutatzeko.

Irribarre tontoa izango nuen ezpainetan, ohikoa baino tontoagoa bederen, miresten dudan pertsona baita Alberto. Murrukixo elkartean erruz saltzen ziren frakak, garai erromantikoago baten oihartzuna, tragedia eta eredua, dena batera.

2011ko uda australean, abenduaren hondarrean, hego polora iritsi zen Zabalza eta Vallejorekin. Ia 2.000 km helbururaino, 300 kiloko lerari tiraka. Epikoa? Bai. Beharrezkoa? Hori berari galdetu behar, baina ukaezina da neurrigabetasun zuriak duen erakarmena.

Honela, kontinentez nahiz erronkaz aldatu gabe, Caroline Alexanderren Atrapados en el hielo oparitu zidan lagun min batek, garai txar batentzat ukendu. Bertan Ernest Sackletonen eta bere eskifaiaren balentria kontatzean da, argazki ugarirekin. Oinez zeharkatu nahi zuten, aurreneko aldiz, Antartika.

Ordurako egona zen han, porrot egin zuen espedizio batean. Beno, porrot, loriaren zentzu batean bakarrik. Izan ere Caroline Alexanderren hitzetan, Shackletonek nahi izan balu bera zatekeen aurrenekoa hego polora iristen, baina Scotti gertatu bezala, nekez irtengo zen handik bizirik. Nahiago izan zion garaipenari uko egin, arearioaren alde, eta espedizioaren bizitzak salbatu atzera eginez. Bere filosofia honakoa ei zen, “bizitzak beti ematen ditu aukera berriak”.

Antza, hau izan omen zen Endurance ontziaren espedizio berriari ekiteko orduan aktibo garrantzitsuenetako bat marinel berriak erakartzkeo eta ez mitifikatutako iragarki hau, bide batez liburuan aipatzen ez dena: Se buscan hombres para viaje peligroso. Salario bajo, frío agudo, largos meses en la más completa oscuridad, peligro constante, y escasas posibilidades de regresar con vida. Honores y reconocimiento en caso de éxito

Abuztuaren 8an irten zen ontzia Ingalaterratik, hasi besterik egin ez zen Gerra Handiaren itzalean. Hor ekin zioten abentura eta biziraute istorio handienetakoa idazteari.

Liburua ederra da, GeoPlanetaren edizioa, eta argazki apartak ditu. Zirrara eragiten du esate baterako ontzia okerturik ikusteak, izotzak janda. Katastrofetik erreskatatu ahal izan zituzten hondarrekin Pazientzia kanpamendua altxa zuten.

Bukaeran denak irten ziren handik. Hauek izan ziren ibilaldiaren amaieran Shackleton irlandarraren hitzak: Oroitzapenetan aberatsak ginen. Gainazalaren berniza zulatu genuan. Sufritu genuen, gosea pasa eta arrakasta lortu, humiliatu egin ginen eta halere loria ukitu genuen, denaren handitasunarekin hazi ginen. Jainkoa ikusi genuen bere goreneko mailan, naturak interpretatzen duen testua entzun. Gizakiaren arima biluzia atzitu genuen.

Guztira 22 hilabete egiten zituzten erreskatearen zain. Iritsieran, Ingalaterra oraindik gerran zegoen, ez zieten harrera berorik egin. Abentura, pazientzia, zaintzaren loria… beste garai batekoak ziren jada.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude