Limoiak

Pamies. Ipuinak. Imintzioak.

Konfinamenduak Beasainen harrapatu zuen zirku italiarreko trapezista hil da lan istripuan. Maskararen erabilera nagusitu da Bilbon. Haftar mariskala Tripoliko setiotik alde egin beharrean da. Iraganaren nostalgia duen jende gehiegi dago oraindik. Ordainpean eta ondo.

Gaiak hor daude. Goiko paragrafoko lagina ez da gaurko egunkarien titularren lagina besterik. Baina ez da horren erraza, ezta?

Ipuinak unibertso itxia behar du, ziotsan Cortazarrek bere ikasgelari. Ipuina Usako presatik eginiko saltoa da, uretan hanka sartu gabe ere murgiltzea. Ez du udako jaiek eureki dakarte prestakuntzarik, lanegunaren ondorenean lantokitik hurbilen den tabernara joatea da konortea galdu arte edateko.

Euskal Herrian badira ipuingile handiak, azkenaldian gustukoenen artean ditut Ana Malagon eta Iñigo Aranbarri. Jakin minez nago Elorriagaren Iturri irakurtzeko, ipuinez osatutako nobelatzat hartua batzuek.

Katalunian ez dira herrenak ipuin kontutan, justu kontrakoa, aipatu ditut blog honetan Marta Orriols eta Sergi Pamies. Azken honen Limoi bat imintziorik egin gabe jaten baduzu, Txalaparta 2011, gozatu ederra hartuko duzu. Ez zait El arte de llevar gabardina bezainbeste gustatu, baina ale ederrak ditu: onirikoak, azidoak, gordinak… Gehien gustatu zaizkidanen artean monobolumena, esperimentua, bizitza eztia, hartzaileak, o izei berdea edo topa.

Pertsonaiak, Pamiesen ispiluaren deformazioa dirudite: adin bertsukoak, idazleak asko, maskulinoak batik bat…

Bukatzeko ez naiz kontu hauek aipatu zaleegi, baina edizioa, bai tapa gogorra bai diseinua, bereziki gustatu zaizkit. Poltsiko ediziora abonatuok eskertzen dugu noizean behineko aldaketa. Esaeraa zaharrak dioen bezala, limoi bat imintziorik egin gabe jaten baduzu, ez bota entsaladarik gin tonikera.

Kobane

Zerocalcare. Rojava. Rebibbia.

Rick Blain eta Ilsa Lund. Louis Renault ahaztu gabe. Gustuko dut Casablanca, bere herren guztiekin. Zer esango dizuet ba, esperantza denak hil zirela gerran? 1936ko Hego Euskal Herri eta Espainiako altxamendu faxistan dezente, belaunaldi bati gogorarazteraino, Albert Camus dixit, arrazoia ez dela aski irabazteko. Edanari eman eta zinismoaren hautua egiten ez baduzu, pianojole eta guzti, gaitzerdi.

Ez dakit neurtzen 36koaren oihartzuna munduan. Ez zen txikia izango. Lincoln brigada batean. Irlandako boluntarioak bestean. Ametrailadora bizkarrean Belgikatik Intxortara etorri zen gazte hirukotea, fronteari eusteko gako. Auskalo non amaitu zuten, ez baitzen Elgeta izan haien azken geltoki.

Dakidana da egungo basakeriak ez digula zirrara bera eragiten, ez neri bederen. Askotan pentsatu dut horri buruz, esaterako, Ibai Trebiño eta Mikel Arregiren Donbass, gerra europako bihotzean dokumentala ikustean. Beti aitzakiaren bat enpatia ezarako, lepoa erasandurik zilborrera begiratzeagatik ziur asko. Edo ez, bada beste zerbait, sorgortzen gaituena.

Zerocalcarek, Michele Rech marrazkilari italiarrak, aipatzen du Facebooken argazkiak trukatze hutsetik bizia ematera dagoen diferentzia. Pelloren egia omen da hau baina tira, zenbat aldiz ez ote dugun ahazten. Kobane Calling komikia, Farmazia Beltza 2020, horren aurkako pilula da. Berdela pantaila besterik ikusi ez duten begi nekatuen aurrean, lozorroan ditugun zentzumenak esnatzeko lurrina. Komikian brigadista gisa Quandil, Cizre, Kobane, Erbil… lur kurduetara eginiko bidaia kontatzen da, Isisen aurka (bakarrik ISISen aurka balitz) eta bizitzaren alde YPG eta PKK gerrila kurduek egin behar duten gerrara. Emakumeen presentzia nabarmenarekin, gure borrokolariaren estereotipo oro xehe-xehe eginaz. Bidean oso hausnarketa zintzo, pertinente eta aktualak mendebaldeko gazte (sic) konprometitu orok egin beharrekoak egun iraultza egitea zer denari buruz; gerra kronika bat egin nahi duen kazetari orok egin beharrekoak (Gorazde eta Sacco burura etorri zaizkit niri) eta brigada kontzeptua berari buruzkoak.

Komikia benetan aparta da, errekurtso eta jolas ugarikoa, dibertigarria eta era berean hunkigarria, biluzia eta gogorra. Itzulpen lan eskergak ere izango du zerikusirik, beste behin ere Koldo Izagirrek lan aparta egin baitu euskarari batuari ajea gainditzeko tomate eta urdaiazpiko makarroi platerkada janaraziz. Alberjiniamaria, ez da metafora ona, badakit, oso metafora gutxi dira onak egia esan, baina aizue, igande gaua da eta konfinamenduan gaude.

Gustatu zitzaizkidan Hondamuinean eta Hondamuinean sei hilabete geroago, biak ala biak Farmazia Beltzarekin euskaraz argitaraturiko komikiak. Han akaso hobeto islatzen ziren gure belaunaldiko poz eta miseriak, oker ez banago adinkide baikara Rech eta biok, baina Kobane Calling gehiago gustatu zait. Eta ez bakarrik animalien ordez pertsonak ugaritu direlako pertsonaien morfologian, horra Freudek kraskatuko zukeen intxaurra, kontatzen duenak beste traszendentzia bat duelako baizik: gertatutakoak hunkitu egiten gaitu.

Setioa

Lisboa. Saramago. Alonso.

Lisboako Setioaren Historia, Elkar 2019, da irakurtzen dudan Saramagoren aurreneko obra. Nabarmena dut apalategiaren soila. Eta, zaharra deskubritzeari berrikuntza deritzogun garai arrano hauetan, aparta iruditu zait.

1999an argitaratu zen aurreneko aldiz euskaraz nobela hau, idatzi eta hamar urtera. Nobel saria eskuratu berri zuen Saramagok eta pertsonalki etorri zen euskararazko edizioaren aurkezpenera, Bilbora. Itzultzailea, ez dut orain arte aipatu, Jon Alonso da eta monumentua merezi du gizon honek. Batetik itzulpenari aurreikusten zaion zailtasunagatik eta lanari ekiteko merituagatik, bestetik euskararen leihoak parez pare irekitzeagatik berba eta esamolde berriei toki egiteko. Euskara bikaina du, bikaina. 2019an berrargitaratu zen, hala dio Alonsok berak hitzaurrean, eta egun den Saramagoren euskarazko itzulpen bakarra da. Ezin dut ulertu zergatik ez duen errekonozimendu handiagorik iruindarraren lanak.

Estilo aldetik ez zait erraza egin, aspaldian ez zitzaidala horrenbeste kostatzen istorio batean murgiltzea. Puntuaren erabilera marjinala, narratzaileen arteko jolasa, fikzioaren eta meta-fikzioaren arteko jauzia, jolasa da idazketa Saramagorentzat. Eta jolas orok behar du bere ikaste prozesua.

Liburuko protagonista Raimundo Silva liburu zuzentzailea da, Lisboan historiaz beteriko muino horietako batean gotorturik bizi dena, eta ausardiak dakartzan onurez hitz egiten digu. <<Ez>> soil batek ekarri dezakeenaz, maitasun istorioa barne. Bide batez, ze polita den maitasun istorioa.Tartean Saramagok omenaldia egiten dio Lisboari xehetasunez xehetasun eta erakusten du Erdi Aroaz duen ezagutza. Bai erreinu gisa hastapenetan zen Portugali buruzkoa eta baita une hartan lisboan bizi ziren musulmanei buruzkoa ere.

Hori gutxi ez eta sormenari eginiko omenaldia ere dakusat Lisboako setioaren historian. Sormen prozesuak dakartzan oztopo, zailtasun eta poz beteari. Pasarte honetan, Raimundok, hobeto azaltzen du hau, zuzentzetik idaztera dagoen jauzia: Zailtasunari irtenbidea bilatzen ez zion bitartean ezin izango zuela aurrera egin konturatzen zen, eta honek harri egin zuen, liburuetan dena erraza iruditu ohi zitzaiolako, dena berezkoa, beharrezkoa ia, ez benetan hala zelako, baizik eta edozein idazki, on zein txar, aurrez zehazturikoaren kristalizazio bezala agertzen delako, nola, noiz, zergatik eta nork moldatua ez jakinik ere, harritu egiten zen, beraz, ez zitzaiolako burura etortzen ondorengo ideia, aurreko ideiatik berez jaio behar zatekeen ideia, eta, aitzitik, ideia hori ukatu egiten zitzaion, ezta hori ere, ez zegoen han, besterik gabe, ez zegoen ez eta posibilitate bezala ere.

Beti zuzentzen ari den horrek, zer daki bada, sortu beharraren adoreaz. Zuzentzetik sortzera doa zoriontasunaren bidea. Akatsaren orbanik gabe dena da hobe, jakina, baina hurkoaren akatsa ez dezagun egin ogibide.

Lisboa hor dago, ibai ertzean, muinoko harribitxi.

Lerro artea

Lerro etena. Erro. Biluztea.

Lerro etena liburuak, Elkar 2019, Angel Erro burlatarrak hamabost urtez ondutako egunerokoa jasotzen du. 2004tik hasita, Erro poeta, itzultzaile eta artikulugilearen begirada zorrotza ageri da intimitate printzen artean. Gainera, pertsona identifikagarrien inizialen erabilerak ez du guzti hauek identifikatzeko jolasa besterik pizten, barruan dugun izaki morbosoaren bazka.

Pena da horrelako dietario gehiago ez egotea euskaraz, Habanako Gaukaria ere berriki argitaratu den arren.

Literaturaz dakiena, ez dena gutxi, nahasten du idazle bizipen, familia pasarte, gaixotasunaren ertz eta egunero Berrian idatzi duenak ezinbesteko duen aktualitate xerkarekin. Nik gehiago gozatu dut hainbat gairi buruz dituen gogoeta eta hausnarketekin, gutxiago ageri diren hainbat kontu-kitatzerekin. Baten bat tira… irakurleak esango du.

Ohar sortak ez du hari kronologikoa jarraitzen, tartekatzen baitira 2004tik 2018 arteko datak, eta iruditzen zait liburuari haria emate zailtasun horren emaitza dela bere erakargarritasunaren giltza. Hori bai, horrelako liburuekin gertatzen zaidanaren antzera, ausazko orri-irekitzea jartzen dut praktikan zerbait galtzeko arriskua norbere gain hartuz. Dosi txikiko irakurraldia eskatzen du.

Ariketa egitea ez da gutxi, hala baitio 14. orrialdeko ohar batean: Museoaren proiektuaren aurka gogor egin bazuen ere, Jorge Oteizari deuserako balio izan, bera hil eta urtebetera Guggenheimek haren lanaren atzera begirako bat osatu baitzuen. Atzera begirakoak mendekurik ankerrenak izaten dira.

Norberak egindako atzera begirada eta hirugarrenek eginikoen artekoen bereizketan pentsatuz pasa dut tartea.

Zergatik ote.

Meninak

Velázquez. Komikia. García&Olivares.

Liburutegiko hainbat libururekin etxean harrapatu ninduen konfinamenduak. Gure bizitza sozialaren Pompeyaren antzeko zerbait bizi dugu, Covid-19a da Vesubio garaikide, eta horren froga dira itzuli nahi eta ezin ditudan liburuak, alarma egoera honetan. Itzuli beharreko epea aspaldi igaro eta ohartarazpenik ez jaso izanak gogorarazten dit tragediaren tamaina. Ah, eta gaur Eusko Jaurlaritzaren graziaz posible dela golfean jokatzea baina ez liburutegira joatea. Gauzak garbi, Euskadi auzolanean.

Etxeko liburu horietako bat da Las meninas komikia, Astiberri 2014, eta bertan Velázquez margolari ezagunaren bizitza kontatzen da modu garaikidean. Gidoilaria Santiago García da eta marrazkilaria Javier Olivares. Gidoiak flash ugari ditu, pop kulturako ikonoak nahasten ditu garai ezberdinetako gizon (denak gizon) ezberdinekin. Babeliako kritikan irakurri dut xedea dela Velázquezen obsesioa azaltzea, nola egin ihes denboraren iragateak berarekin dakarren ahanzturari, eta Velázquezek beste artista batzuengan utzi duen itzala. Komikia Michel Foucaltek Meninak koadroari buruz eginiko iruzkin batekin hasten da eta Velázquezen hari biografikoa kontatzen da tartean txertatuz Goya, Buero Vallejo, Dalí edo Picasso.

Niri gidoiak ez dit grazia handiegirik egin, espainiarregia irudi zaidanez gero, kontraerreforma bezala. OIlivaresen marrazkiek gehiago, txukunak baitira, eta bereziki nabarmenduko nituzke Velázquezek José Ribera margolariarekin Napolin dituen enkontruak, iluntasunaren trataeragatik. Ah, eta akaso biñeta sorta onena, ausentzia luzearen ondoren Madrilera itzuli eta emazteak frijitzen dizkion arrautzen pasadizoa. Asko dio hor marrazkiak.

Gaiari buruz interesa izanez gero, edo pinturari buruz, irakurtzekoa da. Nahiz eta komikian bertan Velázquezek bere suhi eta ikasle Juan Bautista Martínez del Mazori honakoa esan:

-Maestro, nunca me dais consejos?

-Nada es menos favorable a la creación que el mucho ver y hablar del arte.

Erabakia

Negua. Goikoetxea. Txioherri.

Noiz jakin amaitu dela?

Zein koderen jabe

behar duzu izan

kaioen karranka ulertzeko?

Noiz esan kito

eta zer aldarterekin?

Nola jakin

noiz sardea lurrean iltzatu

eta pausoa abiatu kaminorantz?

Galdera hau egiten du, liburuko 83. orrialdean Josu Goikoetxeak, eta oso pertinente deritzot gero azalduko ditudan arrazoiengatik. Liburua, jakina, Zer luzea negu hau, Elkar 2018.

Banuen Goikoetxearen sormenaren berri bertso plazei esker, bereak baitira besteak beste garai batean sona izan zuen bertso-trama formatuko piezarik onenetarikoak. Hori gutxi eta Urko Azpitarteren baimenarekin txioherriko pertsona eleganteenetakoa da Josu eta elegantzia hori nabari zaio idazteko orduan. Liburu intimoa, soila eta gozoa, Esterenzubiko nire lagunek norbait deskribatzeko baliatzen duten gisan.

Ez nekien Lubaki bandako kide izan zenik, datu hori liburuko aipu biografiko laburrean dator. Bai hau dela bere aurreneko lana eta bide emankorra opa diot.

Hasierako olerkiak aipatzen duen galderara itzulita, dakizunean badakizu sardea noiz iltzatu. Eta twitterri dagokionean, egunotan oroitu naiz zergatik utzi nuen aurreneko aldiz. Tresnari ezin eskua hartu. Egoaren zahagia hustu eta pustu besterik ez, lortzen dudan sariak ez dit hori konpentsatzen. Hori gutxi ez eta herio pultsioa gizartean indartzen ari da, zer esanik ez 140 karaktere soiletan destakatu nahi denean. Nahiago dut irakurri eta jolastu, bloga dagokion tokian elikatuz. Hemendik aurrera irakurri nahiko duenak goiena.eus atarian izango du zain.

Propina gisa liburuko kontra-azalak dakarren poema:

Martxoa da jada.

Neguko langileok ezin sinetsita gaude.

Esku ahurrei begiratzen diegu

fabriketan, bulegoetan, sukaldeetan,

(ez dugu ugazaben berririk)

tuneletan, portuetan, dendetan.

Martxoa da, beraz.

Neguko beharginok erantzi egin ditugu

buzoak, betaurrekoak, mantalak,

(zer astunak ziren)

kaskoak, katiuskak, gonak

eta etena egin dugu

mimosak horitzen diren bitartean.

Koplatan

Agirre. Mendikute. Aramaio.

Gustuko dut testigantza argazkilaritza. Begiradaren akta notariala da. Denboraren zama beti baita astun eta eten digitalak historia (histeria?) azeleratu du gu ohartu orduko. Bizkor bizita mezu, blogeko post, txio, ziri, txantxa… Tannhäuserren ate joka, ez besterik. Bizpahiru hamarkadako ilunaldia da nire beldurretako (obsesiotako?) bat, formatu eta gailu obsoletotan ahituta. Horregatik iruditzen zait oraindik liburua izugarrizko inbentoa, esan beharrik ez da.

Aramaio ere izugarrizko inbentoa da, hitz joko baldarra ametitzen badidazue. Oso gauza interesgarriak gertatu dira han azken urteotan erdi Zuia erdi Debagoiena den parajeko herrigintzan, euskal kulturarekin eta lehen sektorearekin lotuta. Bertso eskola, sagardogile elkartearen dolarea, eskola, ekonomatoa, Kintelena… Isil-isilik, lan eta lan.

Bestalde, Aramaion biadura handiko trenaren orbain zentzugabea ez da euritako malko. Hor dago, edertasunaren Tapia. Porlanezko hesiak printzatzen dira ordea belar kaskoz eta bizitzak aurrera darrai. Akaso hori izan da Alex Mendikute argazkilariaren eta Manex Agirre bertsolariaren Begiz jotako koplak liburuaren xedea, bizitzari argazkia ateratzea. 2019ko liburu honetan herritarrak ageri baitira, natural. Hori baita nik obra honi aurkitzen diodan gauzarik politena, naturaltasuna.

Koplak ere finak, errima eta doinu ezberdinetan abesteko eginak, Rodrigo Cuevasentzat eta Maurizientzat. Hemen adibide parea:

Historia bat dakargu

isil zuek, lehertzear gu

zerbait eraman nahi duen horrek

entzuten jakin behar du.

Edo beste hau:

Laino sailak igaroan

geratu nire ondoan

bakoitak bere mundua dauka

nahiz lerro berean joan.

Badakit absurdua dela argazki liburu bat aipatu eta irudirik ez txertatzea. Barkatu. Baina, koplokin, zuen irudimena piztea opa dizuet. Testigantzak eta ametsak elkar ukitzen duten tokian bertan.

Oharra: Blog honek ere rapelatuko du hurrengo egunotan, twitter utzita. Irakurri nahi duenak www.goiena.eus atarira jo beharko du zuzenean. Eskerrik asko!

Eliza

In Julio we trust.

Bigarrenez, ekaitzak eteniko paseoa. Gaur ez nuen bloga elikatzeko asmorik, baina ohitura onen gainbehera erabatekoa ekiditeko jarri naiz ordenagailu aurrean. Ibilaldia zapuztu izanarekin, nahikoa. Eta, batez ere, nire buruari enegarren kontraesana pizteko.

Zin dagizuet hau izango dela liburu bat amaitu gabe posta idazten dudan azken aldia. Baina horrenbeste ari naiz Julio Cortazarren Clases de literatura liburuarekin gozatzen, pdf apokrifoa da, barkatu, poza ez konpartitzea zekena iruditzen zaidana. Kritika batzuetan irakurri dut Berkeleyen 1980an eman zituen klaseetan oinarritutako liburukote honek ez duela idatzi izanaren distira. Diktaketa da, azken finean, eta nabari omen zaio erritmoan. Ados, bale. Baina Kontrara, lerroak irakurri ahala klaseetan barneratzeko aukera ematen dizu argentinar erraldoia parean izango bazenu bezala eta horrek ez du preziorik. Hori ikaragarria da.

Jon Alonsorekin 1998 urrun hartan, Arrasateko udaletxean eginiko gazteentzako literatura ikastaro batean izan nuen Cortázarren berri. Ze ironikoa dena. Epifania izan nuen, hogeita bat urte beranduago, Eako itsas ertzean, Oier Guillanek Pertsegitzailea ipuinari ahotsa jarri zionean. Hor egin nintzen zaletu huts nintzena Julioren elizan fededun eta ginda Eako egitarau bereko Mikel Sotoren hitzaldi benetan aparta izan zen. Pasioz esaniko berbak, ez direnak oso ohikoak parajeotan.

Bigarren zin ematea, berriz egingo ez dudanarena, ad verecundiamaren erabilera lotsagabea da. Juan Carlos dirudit, badakit. Nire defentsan, zer esango dizuet bada, zuzenbidea ikasi nuen eta hitzak bihurritzen badakit. Baldarki, jakina.

Azkenaldian distopiei buruz irakurritako hainbat konturekin bestelako iritzi bat dut buruan bueltaka eta Cortázarren Clases de literatura honetan aurkitu dut nire pentsamenduaren lasaitua:

Mi noción de la fantasía (utilizo la palabra en general, dentro de la fantasía podemos incluír todo lo que es imaginario, lo fantástico, de lo cual hemos hablado muchísimo en estas charlas) creo que no necesito explayarla más, ustedes saben muy bien hasta qué punto para mí es capital no sólo en lo que llevo escrito sino también en lo que prefiero personalmente dentro de la literatura. Lo que quiere decir – y de ahí tal vez el malentendido – y que voy a repetir ahora tal vez con más claridad es que en nuestro tiempo sobre todo , y muy especialmente en América Latina dadas las circunstancias por las cúales atraviesa, no acepto nunca ese tipo de fantasía de ficción o de imaginación que gira en torno a sí misma y nada más y que se siente en el escritor que únicamente hace un trabajo de fantasía y de imaginación, escapando deliberadamente de una realidad que lo rodea, lo enfrenta y le está pidiendo un diálogo en los libros que ese hombre va a escribir. La fantasía, lo fantástico, lo imaginable que yo amo y con lo cual he tratado de hacer mi propia obra es todo lo que en el fondo sirve para proyectar con más claridad y con más fuerza la realidad que nos rodea. Lo dije al comienzo y lo repito ahora que nos estamos ya saliendo del dominio de lo fantástico para entrar en el realismo o lo que se llama realismo. Dejo entonces aclarada una cosa que me parece importante porque de ninguna manera se me ocurriría disminuir la importancia de todo lo que es fantasía en un escrito cuando sigo creyendo que es su arma más poderosa y la que le abre finalmente las puertas de una realidad más rica y muchas veces más hermosa.

Distopia ez da errealitatea ikusteko egiten den ihesa besterik.

Capvespre

Haruf. Holt. Samurtasun iluna.

Samurtasun iluna, hala definituko nuke Holteko trilogiaren bigarren liburua den Capvespre, Edicions del Periscopi 2018, Marta Pera Cucurellek itzulia. Izenburuak bera dioen bezala. Alde batetik samurra, besteak beste McPheron anaien izaerak duen presentziagatik. Raymond McPheron da, ziur aski, irakurri dudan sexu eszena samurrenetako baten protagonista. Benetan bikain dago kontatua, ze ona den idazlea!

Bestetik, iluna tematika eta pertsonaia berrien traza. Familia deseginek pisua hartzen dute narrazioan eta Coloradoko Holt herriaren beste aurpegi bat eskaintzen zaigu, lehen liburuan ere badagoena, baina beste gisa batera. Patrikak hutsik, arazoek, sakontasuna irabazten baitute. Haurrekiko tratu txarrak, txirotasuna, abandonua, gizarte zerbitzuen azaleko ezina.

Oso narratzaile ona da, dudarik gabe, Haruf. Nahiago nuen lehen liburuko eskema, kapituluen goiburuan ahotsa jartzen duen pertsonaia ageri zen bertan, baina Capvespren lau kapitulu handi daude azpi-kapitulu zenbakidunetan zatituta. Ez zait horrenbeste gustatzen ahotsaren jabearen bila aritu beharra, hala pasa baitzait pasarteren batean, baina ez dio itzalik ezartzen osotasunari.

Horrela amaitzen da liburua, itxiera den hirugarren atalaren esperoan: I tots dos continuaven asseguts en silencci a la sala, el vell amb el braç al voltant d´aquella dona bona, esperant què passaria.

Koadernoa

Transmisioa. Lujanbio. Berrinterpretazioa.

Tabernara sartu eta lehen begi kolpean eskertzen da pintxo barra ondo hornituaren kolore eta usain festa.Ados, ez da erosoa edarien esku aldaketarako eta batek sufritzen du estali gabeko gutiziei erori dakieken tantez, aurki eroriko zaizkien birusez sufrituko duen beste ez, ordea. Baina ederra da zinez horrelako barra. Ez dakit zuei pasatzen zaizuen, espero dut ezetz, eskertzea lehen aipatu dudan sukaldaritza landua eta gero patata tortila eskatzea. Ez dut failatzen, gehienetan berdin. Eta jakina den arren patata tortila dela gure pintxo panteoiaren ganga-harria, sabelaren prestigioan euskarri funtsezkoa, zenbat ez ote dudan galtzen begirada zabalduz. Zerrenda luzeegia litzateke, ziur asko.

Baina zerrendek ez dute gure portaeratan eragiten guk nahi beste.

Era horretan, badira liburuak erosiko ez nituzkeenak baina asko eskertzen ditudanak etxean izatea. Horietako bat da Maialen Lujanbioren hau koaderno bat zen lana, MU-Lanku 2009, eta bertan jasotzen da Maialen Lujanbiok ikasturte batez Euskal Kulturgintzaren Transmisioa izeneko graduondokoan entzuniko klaseen apunte jolasa. Bisualki ederra da, artefaktua, eta gogoeta printzez josia dago.

Nik Xamarren pasarte hau hautatu dut, aski ederra:

ETBko anuntzioa (txapela atzerantz.): Gure aitonek txapela zuten (betikoa dirudi), euren gurasoek sonbreroa, eta ilera, aurrean motza baina atzean luzea. Orain zenbaitek nortasuna erreibindikatzeko hartuko luke orrazkera hori (gure gurea, tradizioazkoa). Gaur egun janzkera estandarra, yankeea.

2007-2008 ikasturtean egon zen Lujanbio Huhezin, Eskoriatzan, EKT egiten, blog honen egilea baino bi ikasturte lehenago. Gauza asko gertatu ziren, egungo begiz ikusita, 2007 eta 2008 urte horietan Euskal Herrian eta munduan. Ariketa interesgarria da koadernoa irakurtzea 2020ko begiz.