Meninak

Velázquez. Komikia. García&Olivares.

Liburutegiko hainbat libururekin etxean harrapatu ninduen konfinamenduak. Gure bizitza sozialaren Pompeyaren antzeko zerbait bizi dugu, Covid-19a da Vesubio garaikide, eta horren froga dira itzuli nahi eta ezin ditudan liburuak, alarma egoera honetan. Itzuli beharreko epea aspaldi igaro eta ohartarazpenik ez jaso izanak gogorarazten dit tragediaren tamaina. Ah, eta gaur Eusko Jaurlaritzaren graziaz posible dela golfean jokatzea baina ez liburutegira joatea. Gauzak garbi, Euskadi auzolanean.

Etxeko liburu horietako bat da Las meninas komikia, Astiberri 2014, eta bertan Velázquez margolari ezagunaren bizitza kontatzen da modu garaikidean. Gidoilaria Santiago García da eta marrazkilaria Javier Olivares. Gidoiak flash ugari ditu, pop kulturako ikonoak nahasten ditu garai ezberdinetako gizon (denak gizon) ezberdinekin. Babeliako kritikan irakurri dut xedea dela Velázquezen obsesioa azaltzea, nola egin ihes denboraren iragateak berarekin dakarren ahanzturari, eta Velázquezek beste artista batzuengan utzi duen itzala. Komikia Michel Foucaltek Meninak koadroari buruz eginiko iruzkin batekin hasten da eta Velázquezen hari biografikoa kontatzen da tartean txertatuz Goya, Buero Vallejo, Dalí edo Picasso.

Niri gidoiak ez dit grazia handiegirik egin, espainiarregia irudi zaidanez gero, kontraerreforma bezala. OIlivaresen marrazkiek gehiago, txukunak baitira, eta bereziki nabarmenduko nituzke Velázquezek José Ribera margolariarekin Napolin dituen enkontruak, iluntasunaren trataeragatik. Ah, eta akaso biñeta sorta onena, ausentzia luzearen ondoren Madrilera itzuli eta emazteak frijitzen dizkion arrautzen pasadizoa. Asko dio hor marrazkiak.

Gaiari buruz interesa izanez gero, edo pinturari buruz, irakurtzekoa da. Nahiz eta komikian bertan Velázquezek bere suhi eta ikasle Juan Bautista Martínez del Mazori honakoa esan:

-Maestro, nunca me dais consejos?

-Nada es menos favorable a la creación que el mucho ver y hablar del arte.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude