Koplatan

Agirre. Mendikute. Aramaio.

Gustuko dut testigantza argazkilaritza. Begiradaren akta notariala da. Denboraren zama beti baita astun eta eten digitalak historia (histeria?) azeleratu du gu ohartu orduko. Bizkor bizita mezu, blogeko post, txio, ziri, txantxa… Tannhäuserren ate joka, ez besterik. Bizpahiru hamarkadako ilunaldia da nire beldurretako (obsesiotako?) bat, formatu eta gailu obsoletotan ahituta. Horregatik iruditzen zait oraindik liburua izugarrizko inbentoa, esan beharrik ez da.

Aramaio ere izugarrizko inbentoa da, hitz joko baldarra ametitzen badidazue. Oso gauza interesgarriak gertatu dira han azken urteotan erdi Zuia erdi Debagoiena den parajeko herrigintzan, euskal kulturarekin eta lehen sektorearekin lotuta. Bertso eskola, sagardogile elkartearen dolarea, eskola, ekonomatoa, Kintelena… Isil-isilik, lan eta lan.

Bestalde, Aramaion biadura handiko trenaren orbain zentzugabea ez da euritako malko. Hor dago, edertasunaren Tapia. Porlanezko hesiak printzatzen dira ordea belar kaskoz eta bizitzak aurrera darrai. Akaso hori izan da Alex Mendikute argazkilariaren eta Manex Agirre bertsolariaren Begiz jotako koplak liburuaren xedea, bizitzari argazkia ateratzea. 2019ko liburu honetan herritarrak ageri baitira, natural. Hori baita nik obra honi aurkitzen diodan gauzarik politena, naturaltasuna.

Koplak ere finak, errima eta doinu ezberdinetan abesteko eginak, Rodrigo Cuevasentzat eta Maurizientzat. Hemen adibide parea:

Historia bat dakargu

isil zuek, lehertzear gu

zerbait eraman nahi duen horrek

entzuten jakin behar du.

Edo beste hau:

Laino sailak igaroan

geratu nire ondoan

bakoitak bere mundua dauka

nahiz lerro berean joan.

Badakit absurdua dela argazki liburu bat aipatu eta irudirik ez txertatzea. Barkatu. Baina, koplokin, zuen irudimena piztea opa dizuet. Testigantzak eta ametsak elkar ukitzen duten tokian bertan.

Oharra: Blog honek ere rapelatuko du hurrengo egunotan, twitter utzita. Irakurri nahi duenak www.goiena.eus atarira jo beharko du zuzenean. Eskerrik asko!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude