MARGOAK KOLORETAN
Pasa diren bi egun hauek askoren egutegian gorriz markatuak zeuden aspalditik. Maratoi bat gertazeko jakin badakigu hilabete batzuk lehenago hasi behar garela lanean. Amaia eta Asierrek Bartzelonan bizi izan duten esperientziak asebeteko zituen bidean utzitako esfortzu eta urduritasun guztiak, bai horixe. Eta gorriz markatua izango zuen ere larunbateko eguna Oñatiko triatloi taldeak; giro eta maila ederra izan zen herrian.
Ni neuk ere odolaren kolorea erabili nuen Gumiel De Izan idazteko egutegian. Burgoseko herri txiki baina dotore honetan, orientazioko froga batean hartu nuen parte. Gaztelako inguru hartan kolore biziak deskribatzen baziren ere, laranja kolorea ekarri nuen betuletan Oñatira. Lokatza, bustinez betetako istilean hedatzen zen baso guztian zehar. Oreka sarri galdu nuen eta azken erorketan zikindu edo margotu nituen betule malapartatuak laranja kolorez.
Igande arratsalderako etxean nengoen berriro. Iluntzean alabaren antzerki musikatua ikusteko prest. Santa Anan izan ginen eta kolore biziak berriro ere neure begi ninietara iritsi ziren lotsagabe. Zomorroz mozorrotutako gazteek eskainitako saio entretenigarri batez gozatu genuen. Eta, niri, halako batean, laranja koloreko malkoa igarri zitzaidan masailean.
Oihane Pereak eskuratau du Arabako Bertsolari txapelketa. Aramaioko Agirrerekin jokatu zuen azken txanpa eta azkenean, txapela Gasteizera, Oihaneren burura. Finala irratiz jarraitu ahal izan nuen tarte batean eta gai- jartzaileak taularatutako gai bat ez zitzaidan aproposa iruditu. Bi bertsolari Dowm Sindromea duen alabaren guraso irudikatu zituen eta hauek erabaki bat hartu beharrean ziren: alabak etxetik alde egin nahi du bakarrik bizitzeko…... Planteamendua aldrebesa iruditzen zaidan bezala, horren gai sensiblea problematika ulertzen ez duten bi pertsonen ahotara eramatea are okerragoa iruditzen zait.
Kolore urdina erraz nagusitu zitzaion moreari Anoetan.Txuri urdinek joku polita erakusteaz gain, urrezko puntuak eskuratzen ari dira. Eta Nafarroan Barcinak eskuratu ditu Catalanek baino puntu gehiago; ez dakit noren mesederako. Nafarren onerako biak ala biak puntuak galduko balituzte…hobe. Kolore gorria duten Ferrariak ere martxan jarri dira dagoeneko; Raikonenek, Alonso gainditzeko edo, geldiune gutxiago egin eta puntu kopururik mardulena poltsikaratu zuen Australian.
Txirrindularitzan Milanetik San Remorako klasika ospatu zen. Elurra zela eta, bi aldiz geratu behar izan zuten lasterketa; honek atzean gelditutako ehunen bat txirrindulari lasterketa buruarekin batzeko bidea erraztu zuen Boonen eta konpainiaren haserrerako. Gaur Volta hasiko da, dirudienez elurrik gabe, kolore txuririk ez bederen.
Koloreekin jolasean ibiltzeak margoak egiteko aukera baldintza dezake. Zertzeladetatik haratago, Ferrariko gorria eta elurraren zuria nahastuz lortuko dugu Gumieleko laranja. Edota malkorik hezeenak eramango nau antzezlan musikatua Zubikoako igerilekuan ikustera; alabarik zaharrenak igerian eginiko lanari zertzeladarik koloretsuena eskaintzeko edo. Izan bedi kolore biziez margotutako astea. Ondo izan.