Badirudi astebururen bat lapurtu diotela abenduari; Gabon Eguna larunbatez ospatuko dugu eta urteko azken ezkila hotsak ere, larunbatez entzungo ditugu. Kontuak kontu ez dugu Gabon jairik gabeko astebururik izango. Eta premiaren estatutasunak eskatu izan balu bezala, ospatu dira hainbat kirol jarduera azken bi egun hauetan. Egutegiak ez du erraztasun handirik eskaini eta urtea bukatu aurretik, jarduera jakin batzuk lekua bilatzeko ahaleginean, ohikoa ez duten data batean aurkitu dute lekua.
Arraten, Olabeko landetan, Gipzukoako Cross Txapelketa ospatu zen. Oraindik ere, lokatzak margotzen ez duen ibilbide lehorrean, Ainhoa Sanz eta Eneko Agirrezabal izan ziren azkarrenak. Arrasateko Santamas lasterketak edota Gasteizeko maratoi erdiak izan du Arrateko gogortasunari uko egin dion korrikalarik; bat edo bestek aitortua da crosek burukomina arindu baino, areagotu egiten duela. Aspaldik maitemindu nintzen lokatz edo lupetzen zirkuituetaz eta beraz, ene berbetan arras eta usu nabaritzen da. Kike Sebastianek Gasteizen eginiko lasterketa dotorea azpimarratu nahiko nuke; bigarren sailkatu bazen ere, txapelik gabeko garaipena erdietsi zuela esango nuke. Arrasatekoan bestetik, partehartze oparoa eta giro bikaina nahiko nituiuzke aipatu; lasterketa azkarrean Arnaiz eta Zabala txapeldun.
Gaur gozieko entrenamendua berezia izan da. Izan ere, Urrutxu aldetik pasa naiz. Ezin izan diot gogoari eutsi eta Ziklo Croseko zirkuituan egin ditut metro batzuk. Dotorea benetan Aloña Mendi Txirrindulari saileko lagunak atzokoan antolatu zuten festa. Valentzia aldean duten eguraldi aldrebesak behartuta,uste baino partehartze politagoa izan zuen lasterketak. Zirkuitua zoragarria; teknikoa leku batzutan, malkartsua bestetan. Zergatik ez, urteren baten, Crossa eta Ziklo Crossa Oñatin????
Eibarrren crossa ezezik, Gabonetako igeriketa txapelketa ere ospatu da. Ipuruako kiroldegian makina bat neska- mutiko elkartu zen eta geu ere, han izan ginen alabetako baten ahalegina ikusten. Igerilekuko hezetasunari aurre egitea ez zen samurra izan; aitzitik, alabaren jardunak freskotasuna helarazi zigun. Bere gelako apal batean zintzilikatu du lortutako domina, zorionak Malen!!
Altsasuko gertaera xelebre bezain akrobatikoak harrituta naukan honetan, heldu da Iparraldeko beste gertaera. Aldrebeskeriak areagotu du harridura, haserre izaera lortzeraino bederen. Munduan gertatzen ari diren beste fenomeno krudelekin bezalaxe, Alepo eta Palestina esaterako, Altsasura eta Iparraldera hobe ez begiratu; berez, konponduko diren ustetan jokatzen du mundu malapartatuak. En fin.
Etxahun Lekuek lortutakoak ere badu aipatzekorik; izan ere, Bizkaiko Bertsolari Txapeldun berria dugu Larrabetzuko gaztea. Gartzelako saioan Altsasuko gertaerak izan zituen gogoan. Badelako nora begiratu.
Olentzeroren kanta flamenkotua jaso dut gaurkoan wasapez. Abenduari kendutakorik ez da ikazkinaren melodietan antzematen; haren lana beste bat ei da. San Silbestretako kartelak ere dantzan ari dira sarean. Bukatzear da 2016. Eskerrik asko urtean zehar nere lerro aspertu hauek irakurri dituzuenoi. Eutsi eta URTE BERRI ON.