DURANGOTIK HARA

Euskal Herrian zegoen liburugintza eta diskogintzaren ekoizpena ezagutzera emateko ospatu omen zuten. Andra Mariaren basilikako arkupean antolatu zuten, oraindik ere Frankoren diktadurapean, lehendabiziko Durangoko Azoka. Ganoraz eta arrakastaz erdietsi du Gerediaga elkarteak horren garrantzitsua den euskal feria. 2016an 51. ekitaldiarekin egin dugu topo; dagoeneko, badira urte batzuk, Landako erakustazokan ospatzen da eta hau, urtero- urtero Durangora hurbiltzen den jendetzari esker lortu da.

Asko dira Durangoko azokara begira lanak argitaratzen dituzten artisten izenak; hala nola, Alex Sarduiren Gatibu taldea edota gertuago gelditzen zaidan Ruper Ordorika aipatuko nituzke. Biak ala biak, panorama musikalean ondo errotutako artista beteranoak ditugu. Pilota munduan Barriola maisua dagoen bezalaxe; Leitzako eskarmentu handiko kirolari apartak jokoan den binakako txapelketaren ostean esango die agur frontoiei. Emozio zirrarek sorginduta eman zuen aditzera pilotariak albistea. Eta asteburu berean, baina kirol arras ezberdin batean, esan du ere Rosbergek, F1eko pilotuak, gidatzeari jareko diola; bere esanetan erdietsi baitu lortu beharrekoa.

Helburu eta erronka berrien bila Malagaraino gerturatu dira asteburuan euskaldun batzuk; aitzitik, eta etsipenez, etxerako bidea hartu behar izan dute “eskuhutsik”. Izan ere, kaleak erreka bilakatu baitira Andaluziako hirian. Euri jasa mardulek urez bete dituzte kale, etorbide eta lorategiak. Zapatilen ordez, korrikalariak aletak edo hegatsak oinetan maratoiko kilometroak irensteko gertu azaldu balira ere, ezin; antolakuntzak bertan behera utzi baitzuen ospakizuna.

Gurean ez dugu ur tanta xume baten bisitarik ere izan. Zalla aldean izan ginen korrikalariok lasterketa ederraz gozatzeko aukera izan genuen; giro ederra ibilbide traketsean. Zarautzen bestetik, ospe polita hartu duen bikoteen lasterketa egin zuten eta Oianguko zelaietan Gipuzkoako cross egutegiko lasterketa berri bat; azken honetan, Txuri izan zen azkarrena.

Abenduaren 6a jai eguna da askorentzat. Gainera, oraindik ere, badago Durangoko azoka bisitatzeko aukerarik. Bisitaz gain, bat edo bestek, Joseba Jakaren omenez ospatzen den lasterketa herrikoian hartuko du parte; esate baterako, Usansoloko lokatz lehorrean nagusitu den Dabid Garciak ( Txikik). Agian, beharbada, kiku bat egin beharrean izango naiz; alferrik bada ere, GOaZEN fenomeno eszenikoaren kontuak ere baditugu etxean. En fin.

Azoka alternatiboren bat ere izan du asteburuak. “Flea market” izenez ezagutu dugu Oñatin egin den bigarren eskuko gauza, objektu edota arropen azoka. Ordainduta edota trukeren baten bidez dexente izan dira bigarren bizi bat erdietsi dutenak; etxe edota gorputz berri bat haiendako.

Ahotseneko doinuak entzun gurako nituzke eta horretarako osteratxoren bat egin beharrean nago Durango aldetik. Ruperren Guria ostatuko kontu eta kantutxoak entzun nahian aurkeztuz gero ere, ziur GOaZEN !! bandaren stand xelebrean jarri beharko ditudala begiak. Arriskatu beharra dago ordea. Ondo izan.

 

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude