EMOZIOAK HAN ETA HEMEN

Azaroko bigarren igandea ospetsua da geurean; aste guztian zehar egin da berba Behobian hasi eta Donostian bukatzen den lasterketari buruz. Urtean zehar egunkarietako kirol albisteak atletismoari dagokionez antzuak badira ere, azaroko bigarren iganderaino eramaten gaituen aste hau korrika egiteko aholkuez ezezik, beste kontu atletikoez jantzita ere aurkezten zaigu.

Lasterketa ederra bada ere, ez dut gustuko azken urte hauetan antolakuntzak nola saldu duen produktua. Izen emateak gora egin du lotsagabe eta honek lasterketak duen xarma berezi hori ahuldu egin duelakoan nago. Korrika egin ahal izateko aduana dotorea ordaindu beharrean dago korrikalaria; arrazoi honek eta horren bolumen handiko izen ematea errepidean ganoraz kudeatu ezin izanak, baldintzatu du agian izen ematearen beherakada. Halere, eta nire harridurarako, antolakuntzak arrazoi demografikoak ikusten ditu, ustezko belaunaldi aldaketa batek eragin du beherakada. Tooooo!!!!

Dena den, oraindik ere, lasterketak duen xarma berezi horrek liluratzen nau. Emozio eta sentimenduen lasterketa dela esango nuke. Ez dakit horrenbeste ikusle dituen lasterketarik izango den munduan. Hamabost bat ekitaldi izango ditut eginak eta guztietan emozioek lagundu didate Behobiatik Boulebarreko helmugaraino. Jendearen garraxipean korrikalariek aise egin zituzten ibilbideko 20 kilometroak. Aipatzekoa Diegoren saria eskuratzeko Eneko Agirrezabal eta Ander Sagarzazuk izan zuten lehia ederra.

Eta halaxe, garraxika edota lekaixoka aurkeztu zen ostiralean datorren urteko Kilometroak. Txantxiku ikastolaren ardura izango da antolaketa. Eguraldi kaskarrak aginduta Zubikoa kiroldegian egin behar izan zen herriko plazan behar zuen aurkezpena. Lan itzela dugu aurretik baina era berean, gogotsu jardungo gara ikasle, irakasle eta gurasook antolakuntzan.

Iloba gazteenaren bataioa eta beste ilobetako baten urtebetetzea ospatu dugu baina azaroko bigarren igande euritsu honetan. Lagun eta ezagun ugari kilometroak irensten zeuden horretan, entzun genituen  parrokoaren azalpen ekliptikoak hasieran eta bautismalak gerora. Aita ponteko izandatu nauten aldetik, bertan bizitakoak eragin du nigan izerdirik gabeko emoziorik.

Hilabetearen bukaeran beste hitzordu atletiko bat izango dugu, Donostiako maratoia alegia. Lesioek ez didate aurten ere, behar bezala prestatzen utzi eta beraz uko egin behar izan dut. Ea dagoeneko hasi den cros denboraldian zerbait egiten gai naizen; lokaztutako crosek liluratzen naute, emozionatzen naute. Goazen bada….

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude