Zer ikusi, haxe ikasi

12.15etako ezkilak entzun ditut. Haurrak ikastolatik jasotzeko ordua da. Losa batetik besterako bidai ankerra egiteko asko dira zebra bidea zapaldu duten gurasoak. Beste batzuk aldiz, eta aguazilaren haserrerako, okerreko bidea erabiltzen dute haurrengana gerturatzeko. Eta han, denok ikusteko moduan, << Zer ikusi, haxe ikasi >> irakurri al izan dut hesian itsatsita. Horra!!!

Aguazilaren antzera edo, kriseilua eskuetan, Argitxo ikusi dut leiho batetik kalera begira. Elkarrizketa ezberdinak entzuten dira guraso eta haurren artean. Euskararen Eguna ere bada eta gaurkoan; ezagun bat egunero erabili ohi duen hizkuntza alde batera utzi eta euskaraz mintzo da, egun berezia ei da.

Oskorrik Euskaldun berriaren balada alde batera jare duenean Euskaldunberri izeneko plaza, parke eta antzerakoak izango ditugu han eta hemen. Albistea komunikabide ezberdinetan irakur daiteke gaztelera edota euskaraz. Gainera, euskara hutsean komunikatzen den GOIENAk, gazteleraz idatzi dio hiztunari; beste mezuren bat agian.

Oraindik ere, sudurpekoarekin nabil. Uste baino gehiago luzatu da ditxosozko November. Hor nonbait, Euskara salbu ikusi artean bizarrik moztuko ez duenik egon badagoelako edo, arratsaldean moztuko dut bibotea. Nahiz eta, salbu ez izan, beti zor diogulako keinuren bat.

Dagoeneko ordu erdia pasa da haurra jaso dudanetik. Beste behin, hesiko mezuari begiratu diot eta alboan bigarren bat dagoela konturatu naiz; << Gurasoen artean…>> dio. Ene!!!

Zebra bidea erabili beharko dugu …..baina euskaraz.

 

2 thoughts

  1. Pingback-a: blackhatlinks.com

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude