Bizitzak aurrera egin ahala, gutxiago sentitu baina gehiago gogoratuko dudala azpimarratu zidan batek. Konturatu orduko urteko azken hilabetean sartu gara; badirudi, fededun edota sinestedunei dagokienez bederen, hilabete batetik besterako pausoa emateko salbakonduktoa San Andresek ematen digula. Agian, bere gurutzean zintzilik geratu dira azaroko azken kontu eta istorioak.
Astelehena frontoia pilotaren katedrala bada ere, San Andresen kalterako edo, Bilbora eraman zuten lau t’erdiko finala. Bertan lehiatu ziren Irujo eta Arrizabalaga zaratamoar gaztea. Pilotan aditua ez banaiz ere, ene ustetan, Iberoko pilotari handia fisikoki justu samar ikusi nuen eta txapelketa poltsikoratzeko aukera izan zuenean kale egin zuen. Arrizabalagak irakurketa perfektua egin eta merezimendu osoz lortu zituen 22 tantoak. Tantoak pilatzen dabilenik ere bada Bilbo aldean; izan ere, Aduriz mozkortzen ari da golekin. Espainaiko selekzioa eta donostiarraren izena egunkari askotan agertu dira baina gogo txarreko aurreiritziak ere, ugari.
Eskoriatza eta Bergarak ere tantuak izan dituzte jokoan nolabait. Atez atekoaren alternatiba aurkeztu zitzaien herritarrei eta domekan bi eredutako bat aukeratu behar izan zuten. Eredu edo sistema aldaketaren alde bozkatu zuen gehiengoak; datozen egun eta hilabetetan tentu handiz aztertu beharko dituzte gauzak. Bailarako herri gehienetan ( guztietan) legealdi ugari jarraian egin dituen alderdiak, ez du inoiz galdetegi bat proposatu, ez bultzatu; baina badirudi, hondakinen kudeaketak arrazoi politiko- estrategikoak ere badituela. Horrela, kontsultaren alde egin duen alderdiak, zergatik ez du errauskailuaren inguruko galdeketarik bultzatzen?
Maratoirik ere izan da asteburuan. Donostiakoa ospatu zen igande goizean. Giro bikaina izan zuten korrikalariek 42 kilometroak egiteko. Aurreko postuetan maila apala izan bazen ere, beste behin, marka politak izan zirela esan beharrean nago. Duela bi asteko Valentziako maratoien atleta afrikarrek egundoko denborak egin bazituzten ere, hiru ordutatik jeitsitakoen ehunekoa Donostiakoa baino txikiagoa izan zen; honek, Donostiako ibilbidea azkar samarra dela adierazten du, edo bederen horren azkarra ei den Valentziakoa baino azkarragoa.
Movember ekimenak hilebete iraun du. Kontzentziazio kanpaina biboteduna izan da. Sartu garen astea berriz, beste mugimendu edota aldarrikapen ezberdinekin dator. Lazo gorria jarriko dugu Hiesaren nazioarteko egunean eta bi egunetara, Euskararen eta ezgaitasunaren eguna ospatuko dugu. Azken bi hauetan “berdintasuna” berba azpimarratuko nuke.
Gutxiago sentitu eta gehiago gogoratzen hasiak bagara ere, sentimendu epelak beroak bezain garrantzitsuak dira. Egin dezagun amets, ametsetan erortzen denak ez baitu inoiz hezurrik apurtuko. Ondo izan.