Hauteskunde kanpaina azken txanpara iristearekin batera, alderdi ezberdinak urduri samar somatzen ditut. Arerioen alderik petralenak azaldu nahian ikusten ditut alderdiak; antza denez, bakoitzak eskaintzen duena ona ez bada ere, arerioena ei da okerragoa eta beraz….bozka nazazu eta akabo zalantzak. Besteei begira egon behar denik ere bada futbolean; hori egin beharko baitu Eibar taldeak. Bere lanak bete eta beste zelai batzuetako emaitzekin dantza egin. Zorterik onena!!!!
Bartzelonak irabazi du liga txapelketa dagoeneko. Gainera, oraindik ere, beste bi txapelketa gehiago bereganatzeko aukera dute katalanek . Diruak gauzak errazten baditu ere, lorpenak erdiestea ez da beti erraza izaten; bestela, Bernabeuko adituei galdetu beharko diegu. San Isidrok ezin izan du miraririk erraztu madrildar merenge kopetilunentzako. Chotisik martxosoena merengerik arritmikoenean ito da. Martxa dotorea darama ere, eskuz banakako pilota txapelketak; pilotari gazteek maila dotorea eman dute txapelketan zehar eta orain, 3 txakur zaharrek azaldu dute euren burua. Irujo eta Aimar indartsu daude eta Bengoetxea berriz, beti bezain kementsu.
Otala Zelaiko krossa ospatu da asteburuan. Kross honi estimu handia diot. Giro paregabea izaten duen lasterketa da; aurtengoan Gartzia oñatiarra eta Nere Arregi arrasatearra izan dira azkarrenak. Eta Urkuluko urtegitik oso urrutira joan gabe, Aizkorriko mendikatean alegia, Zegama Aizkorri mendi maratoia ospatu zen. Giro hezeegi batean haitz bustiegietan egin behar izan zuten korrika lasterkariek. Aurtengoan ere, zaletu ugari hurbildu da Andraitz, Urbia edota Aizkorri ingurura. Gizonezkoetan Apeninoetatik ihesi edo, Pivk italiarrak eraman du txapela eta emakumerik azkarrena berriz, Azahara Garcia izan da.
Urbiaren pareko garaieran ibili gara balizen bila asteburuan, Burgoseko Palacios de La Sierrran hain zuzen. Goiz eguzkitsuan sastrakaz betetako landaretza astunean aritu gara kolore laranjadun balizen bila. Korrikaldiak alde batera utzi beharrean izan naiz orientaziorako horren nekeza den eremuan; baliza guztiak poltsikoratzeko gai izan banaiz ere, zaila egin zait nabigazioa. Eta igandean, balizen koloredun kamisetak ikusi dira giza harresia eraikitzen Gasteizen; eta gaur, astelehena, ertzainak indarra erabiliz utzarazi du Ama Birjin Zuriaren enparantza. Epaitu nahi dituzten hiru gazteak, era oso ezegokian, atxilotzea lortu du eta kanpaina elektoralak aurrera jarraitzen du…..
Negua omen dator berriro geurera. Galtza motzei parentesiren bat zabaldu beharko zaie agian. Baina bada ekuaziorik ederrenaren bila kortxeteren baten beharra ere izango duenik. Zorte on eta ondo izan.