Urak Arrikrutzeko haitzuloa zizelatu zueneko garaia ekarri zuten gogora asteburuan. Denboraldi berriari hasiera emateko ekintza erakargarriak antolatu dira kobazulo ederrean. Nik Mari irudikatu dut bertan; emakume eder eta dotorea oihal distiratsu batez soinean. Bertan esandakoak epaitzen; gaiztoa zigortu eta zintzoa saritzeko arrazoiak bertsoetan daudelako agian . Adi eta urduri hezetasunean. Lurrazpiko errekaren hotsak ere, zerbait esan gura dutelako edo, gogoratzen dute asteburuak ekarri duen aldarria. Emakumearen Nazioarteko Egunak Mari ez ezik, inguruko lamia guztiak ere gogoratu ditu kolore more eta berotan. Urrezko adatsak orrazteko ahaleginaren faltan, besteak beste herri lasterketa, agerraldiak eta bazkaria antolatu dituzte.
Herriko plazan egin zen azokak Basajauna esnatu zuen antza. Zuhaitz egunak berdez marraztu zituen more koloredun Lamiek utzitako zuri guneak. Outletaren kontura astindutako partiturek apaindu zuten giro mitologikoa; sustrairik gabeko zuhaitzek maukaren bat lortzeko bidea luzatzen zion erosleari eta kalean gora jarritako mostradore eta esekitokiek eskaintza zabaltzen zuten poltsiko txiroaren kalterako.
Ez ohiko lurretan, Sodupeko basoetan, Basajaunarekin topo egiteko tankeran azaldu izan banintz, jakingo nuke non ezkutatzen den Tartaloren eraztuna. Beste behin ere, balizak bilatzen aritu naiz Bizkaia aldean; oraingoan, txukun aritu banaiz ere, errazago eta azkarrago aurkitzeko botika lortu beharko dut. Amildegian behera eroritako eraztunak distira beharko luke egin. Outlet erakargarrienetik haratago egin behar duen bezalaxe distira euskarak; Korrikaren aldeko salmahaia ere jarri zuten plazan. Ruper baino ez zen bertan faltan; euskal musikaren arloan eragin bereziko ibilbidea egin duen artista erraldoia, Adarra Sariaren jabe egin den oñatiarra alegia. Txarangak musikatutako biribilketa edota kalejirek mozkortzen zuten eroslea lotsagabe; bazegoen zer erosi, zer ikusi eta zer entzun.
Beherapenetako gola bailitzan jaso zuen Errealak atezainak oparitutako mauka. Outlet dendarik merkeenean erositakoa ote den galdetuko du hark. Giro horretan omendu zuten Anoetan Aldridge galestarra. Merezitakoa jaso badu ere, Joseba Iturriak Gara egunkarian idazten duenarekin bat nator; Aranzabal bergararrak, adibidez, ez al du horrelakorik merezi????
Duen izenari arantzaz beteriko kirtena lapurtu nahian, Esperantza izango da ahalegina lau haizetara zabaltzen duten haien kontrapisu. Baina hemen, geurean, konpasa ezin pentagramatu dabiltza. Politika ubel edo more kolorea hartu nahian badabil ere, kolorerik gabeko diskurtsoak iradokitzen dizkie ardoak esatari ausartenei. Aitzitik, ardo beltzak, oraindik ere, orban morea uzten du alkandora zurian.
Agi denez, morez margotutako asteburua joan zaigu. Sudur more, pattar edale ei da eta lore gorriak ubeltzen diren bezalaxe, ubeluneak zabaltzen hasiak dira han eta hemen. Urteak bete dituen alabarik ere izan dut gertu; irribarretsu, eguna azkarregi pasa zaiola esan dit bart; bere gelan utzi dut lamia bailitzan, urrezko orraziz ilea orrazten. Ondo izan.