BERAKATZ- ZOPA

Oharkabean ez bada, ustekabean, norabidea aldatu zitzaion egubaikotzari. Eskolarako bidea hartu nuen horretan jaso nuen anbulategiko dei a. Alabetako batek orkatila bihurritu zuen Gorputz Heziketa klaserako prestatu zuten pirueten saioan. Akrobazien lagun bada ere, orkatila koitaduak ezin izan zuen  lur solidoari ezarritako trakzio-esfortzua  xurgatu. Ondorioz, zaintiratua ganorazkoa izan zen eta medikuak, irribarre goxo batez,  X izpietarako gonbite txartela luzatu zigun. Hausturarik ez, eta beraz, gaitz erdi.

Zaintiratuak horrela aginduta, etxeko berogailuak eskaintzen zuen berotasunari onura atera nahian edo, pasa zuen zapatuko arratsaldea. Gerora, iluntzean, Malenek kontatuko zion Eibarreko igerilekuan bizitakoa; tranpolineko jauzi akuatikoak edota kronoaren faltan, egin behar izan zituzten buruzko  kalkuluak  izan ziren  mintzagai ahizpen arteko elkarrizketan. Iparorratz eta mapek Miramon aldean eskainiko ziguten orientazio kontuak ekarri nituen orduan gogora;  domekarako genituen planak aldatu beharrean ginen, balizak beste baterako utzi beharrean ginen.

Realak lortutako garaipenak zaletu askoren loa arinduko zuen. Izan ere, azken minutuan sartutako golak eman zion garaipena talde donostiarrari eta honek, ezkorrak eta baikorrak norantza berean jartzeko balio izan dezake agian. Eibar berriz, korapiloak pilatzen hasi bazaigu ere, baikorren agatismoari eutsi beharko dio behinik behin.  Willians Torino konkistatzeko saiakeran azaldu zaigunean, Aduriz beteranoaren itzalean bada ere. Hiru taldeek puntu kopuru bera dute eta abuztuan hasitako ligari gertu bezain urruti iritsiko zaio ekaina.

Antzuolan ez dituzte legoarik, metrorik  edo  yardarik. Irimoko senda eta bideetan miliak dituzte mendian korrika egiteko. Eskoriatzar bat berriz, Alemanian, txakurrekin aritu da kilometroak irensten elurretan. Era berean eta metroak golkorako egiteko helburuarekin edo, proposatu du EAJk Ararteko lanak egiteko Lezertua delakoa. Alderdi espainolekin lortutako akordio batek bideratuko du bere garaian ilegalizazioei alfonbra gorria jarri zien gizasemearen izendapena. Frackingaren kontura ere, metroak, yardak edota legoak zulatu nahi omen dituzte agian jeltzaleek; popularrekin bat egin eta eztabaida gerarazi nahi omen dute. Apaizak eta praileak, hegal gabeko beleak ei dira, eta abadearen lapikoa, txikia baina goxoa ( goxoegia) dela diote.

Makuluekin aurrera egin beharrean izango den horrek, irribarre xume batez begiratzen dio etorkizun hurbilari. Lapikoan izan daiteen berakatz-zopa usaintzeko ardurapean egingo duen saiakerari agian. Hegalak falta dituzten beleak zenbatuko dira lapikoaren bueltan. Eta gu bitartean zai. Ondo izan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude