HUR URTE, ELUR URTE

Zuriz jantzitako hotza izan dugu geurean. Hiruzpalau egunetan eroritako elur malutek mendiak ezezik kaleak ere zuritu dituzte. Ostiralean, lantokiko leihotik kanpora begiratzen zuten mendizaleek ganoraz gozatu ahal izan dute mendiko eskiaz. Arantzazuko aparkalekua txiki geratu da asteburuan;  furgoneta, kotxe eta autokarabana ugari ikusi ditugu Duru eta Urbiara jaoteko abiapuntuan.

Oraingo honetan ere, eskola kiroleko ekintza guztiak bertan behera gelditu dira. Elurra oztopo izan da. Urgaiztoko bordara egin beharreko mendi irteera ere beste baterako utzi behar izan dugu tamalez. Denboraleak estanpa eta argazki ederrak utzi baditu ere, sortu dituen beharlekuak ugariak izan dira. Txurro eta txokolate beroa izan daiteke botikarik onena, ez da?

Ni neu ere, lasai antzean ibili naiz oraingoan. Larunbaten ilobaren urtebetetzea ospatu genuen Uribarriko Aitzpe elkartean. Goizeko entrenamenduaren faltan, eta automobilerako toki apropos baten bila, Txopekuako aparkalekuan batutako elurra kentzen izan nintzen. Ahaleginaren osteko jatordua, are gozoagoa izan zen, bai horixe.

Udazkenean hurra eta intxaurra ganoraz batu omen zen. “Hur urte, elur urte” dio esaerak. Beraz, ezingo ditugu elurretako eskularru, bota eta dena delakoak ganbarako kaxa zaharrean dagoeneko gorde; eskura baditugu hobe. Ondo izan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude