Begi txiki eta hondoratu samarrak, sudurmotza eta masailezur karratuegi batekin marraztu al dugu Carlsen xake jokalariaren erretratua. Boxeolari baten traza duen norbegiarrak irabazi du beste behin, munduko xake txapelketa. Adituen arabera, Kasparov handiaren parera iristeko ahaleginak egiten ari da. Eta masailezurra estutzen duen horretan, ausnarketarik sakonena ezartzen ari den seinale. Estrategia perfektu batek ekar baitezake taularen kontrola eta ametsetako partidari aurre egiteko beharrezko sormena. Eta partida jakin hauetako estrategia antzuen pare, ikusi dugu asteburuan futbol epaileren bat edo beste; Ipuruan esaterako,
Moyes eskoziarrak ere badu zereginik Zubietan. Talde donostiarrak kolore ezberdinetako pausoak eman zituen Galizia aldean. Golik ez sartzearen demasako pisuak utz dezake ezerezean hasierako estrategia marabillosoa. Alonso pilotuaren adierazpenek ere justifikatu dituzte Ferrarin egindako lasterketa eta estrategiak; eskuderia berri batean egingo du froga, eta honen berri, badaki norbaitek, Borboien batek bai bederen.
Maitasunak errealitatea itxuraldatu ei du; eta ildo beretik, Atxagak Obaba izeneko leku maitagarria asmatu zuen bere libururako. Larunbatean obabatar edo obabakoak bihurtu ginen ezustean. Asteasu aldean izan baikinen balizak bilatzen; bertako mendi astearen baitan antolatutako jarduera entretenigarri baten hartu nuen parte emazte eta alabekin. Aitzitik ederrena, frontoian prestatu zuten sprint erako ariketa izan zen; Carlsen handiaren estrategiaren jabe egin ginen laberintoko balizak aurkitzeko. Dohain edota bertute berrien jabe egin bagina bezala jardun genuen bertan, horren ameslari, horren obabatar.
Azkoitiko 10kmko lasterketa ere izan zen larunbatean. Bertan Yeray Varela izan zen azkarrena; lan txukuna egiten ari da oñatiarra. Dirudienez, berriro ere, sasoi betean izango dugu laster. Cross denboraldia martxan dugu dagoeneko; lokaztutako lasterketa huetan ere, indarra izateaz gain estrategia dotore bat erakustea ezinbesteko baliabidea da. Baina bien bitartean Azkoitia edota Gasteizen ospatu diren hitzordutako beharlekuak jasoko ditugu badaezpada. Arabako hiriburukoan izan nintzen oinak astintzen eta lagun zaharrak agurtzen; nahiz eta,helmugara estu samar iritsi, gustura eginiko lanarekin.
Musika apur bat jarri dakioke estrategia eredugarriari; hala bedi, behintzat, Santazezilia delakoaren arrimura. Zapatuan zegokion musikarien zaindariari ohore egitea, erritmo arritmikoekin apurtzea eta konpasak plazaratzea. Nik ganoraz nahiko nuke zabaldu, plazaratu edota kaleratu eraildako Muguruzari buruzko Obabakoak partikularra; abentura, mentura eta fikziorik gabeko pasarteen bilduma. Dotrinaren estrategia hor nonbait, ito bedi.
Hego haizea dantzan dabilen honetan, neguan mendian izaten den slaloma ikusteko aukera ere izan da Berezaon. Eskien faltan gurpilak erabili dituzte sigi-saga dotoreetarako; maixutasunez pilotatu zuten atzeko trakziodunak. Eta dotore ibili dira ere Aloña Mendiko ziklo cross taldeko mutilak; estrategia, baliabide eta dohain ezberdinak ahalbidetuz. Zorionak.
Hilabetea datorren asteburuarekin agurtuko dugu. Neguaren zain egingo diogu ongi etorria abenduari. Estrategia ezberdinetan itota eta hordagoaren ordainetan, xake- materen bat gainditzen. Ondo izan.