“ Don Vito y la Revuelta en el Frenopàtico” aintzinako kantaren doinuak esnatu nau goizeko 6.30etan. Gosari azkar bat hartu eta beharrezko jantzi, chip, ukendu eta antzerakoak sartu ditut poltsan. Laster baten Donostiarantz abiatuko gara, han bertan, Renfeko trenean Behobia aldera egiteko. Kafeari azken zurrutada ematen ari naizela entzun ahal izan dut irratian gozieko boletineko berri potoloa; Kataluinian izango den kontsulta korapilotsuaren kontuak ari dira aztertzen.
Ordubete baino ez da falta lasterketaren hasierarako. Taberna bat aurkitu beharrean gaude azken prestaketa profesionalei bukaera emateko; korrikalariak han eta hemen, ez da erraza ganorazko taberna bat aurkitzea. Denak daude topera; baina iaz ezagutu nuen garitoa etorri zait burura. Moketadun zorua duen edaritegi perfektuarekin egin dugu topo azken kafea hartu eta “reflexaren” fereka jasotzeko. Giro atletikoegi honetan komentatu dut Txomin lagunarekin Rajoy espainiarraren azken esaldia; presidente den bitartean España seguirá unida….
Bata dortsal berdeen esparruan kokatu behar izan da eta bestea berriz, moreen esparruan. Zorterik onena opa diogu elkarri. Eongo gaittuk, ondo ibili eta ahal bada disfrutau. Berehala agortu dira 10.00etarako minutuak; hala ere, antolatzaileek nolabaiteko ezustekoa dute prestatuta ordurako. Epaileek irteera ofizala eman aurreko minutu horretan, iaz zendu zen neskaren irudi hunkigarriak eskaini dituzte pantaila erraldoiean. Bihotz taupadak korapilatu zaizkit, gehiegi, larregi; zeharo aldrebestu nau kontu honek .Baina tira….pum…bagoaz Donostiarantz .
Erritmo erosoa eraman dut Gaintxurizketaraino; urteroko pirata ospetsuak ibilbide berriaren ezaugaurrietara era perfektuan egokitu da. Pelikuletako abenturak etorri zaizkit gogora eta bide batez, Oñatiko laburmetrai rallyko korsario eta bukanero saiatuak. You Tube delakoaren bitartez ikusi ahal izango ditugu grabaketa ezberdinak, ea bada…
Orereta eta Caputxinoak dira ibilbide berriko puntu esanguratsuak. Zaletu asko batu da espaloietan eta berotasuna eskertzen da. Horrelako berotasuna ere derrigorrez eskertu beharko luke Errealak Madrilgo Atleticori irabazteko. Arrasateren faltan edo, jokalariak tente jartzeko edo, Imanol izeneko aguazila jarri dute astebeterako Santamaria ( Madre de Dios) delakoari plegariak egitearekin batera. Eta dirudienez itxura ona hartu du kontuak.
Lasterketa bukatzeko kilometroaren faltan nabaritu dut Kantauri itsasoko kresal usain eta brisa. Eta, larunbatean, itsasoak bustitzen duen Zurriolako hondartzan marraztu zuten Gure Esku Dago ekimeneko mosaiko erraldoia; kolore ezberdinetako aterkinekin eraiki zuten irudi eder eta adierazgarria. Horrela, konturatu orduko, Bulebarrean naiz nire oin nekatuak astintzen. Ezkerreko hesietan hasi naiz etxekoen animoak bilatzen; animorik hunkigarrienen bila. Irentsi dut 20. kilometroa; amaitu da aurtengo Behobia.
Tamaina honetako lasterketek bazkari eder baten premia izan ei dute. Eta otordu horretan bustitzen ditugu izandako abentura ezberdinekin ezpainak; orduan bilakatzen gara korsario, pirarata edota bukanero. Maiz, ron zuriaren faltan, ardo beltzak laguntzen du. Argituko du berriro egunak eta orduan ere, “ Don Vito”ren abestiak esnatuko nau ametsetik. Ondo izan.