MAHASTIETAN

Ekitaldi ugariko asteburua izan da. Herriko albisteak zaintzen dituzten kazetariek han eta hemen jardun behar izan dira ekitaldietako pasarteak jazotzeko. Bizikleta moreak ikusi ditugu Oñatiko balkoi edota iturri ezberdinetan Emakumeen Birako ostiraleko etapari harrera egin nahian edo. Munduko txirrindulari onenak izan ditugu  pedalak astintzen; plazan izan zen giro politean lasterketako antolakuntzaren musika ozena barraketakoaren aurrean harrotzen ikusi genuen. Zarata musikaturik ere izan du asteburuak. Esaterako,Udanarako bidean gora egin zuten automobilek eskaini zigutena. Eta Udana gora ere, Zumarraga aldera, egitea lortu zuten Asentzioko ezkontzan izan ziren bi autobus handiek. Eta zin dagit, batek bederen, itzelezko neurriak zituela; Murgiako baselizaren aurrean dagoen plazatxo horretan maniobrak egiteko arazoak izan zituela, alegia. Neu izan nintzen eta, peto fosforito batez, aparkatzaile  lanak egiten. Bertako elkartean edandako txakolinak, azkenerako, lan aldrebesak  borobildu zituen arte. Izan bitez ahaleginak Amaia eta Asierren gusturako eta mesederako. Zorionak!!!!

Mendirako zaletasuna handia da gurean. Hiru haundiak delakoa ospatu da asteburuan. Aintzina oinez bukatzea handia bazen ere, korrika egitea bilakatu da orain ohiko. Jokin Garai aise ibili da puntarik punta eta bere atzetik dorore beste oñatiarrak. Joxean eta Julen lagunek egindakoa iruditu zait polita; bata semearekin eta bestea aitarekin. Txapo!!!!

Batzuk Asentzion bagina ere, Zubikoan bildu zen kirol harrobia Eskola Kirolaren bueltan. Neska mutikoak pozik etxeratu ziren lepoan zeramaten garaikurra logeleko altzariren batean zintzilikatzera. Eta igeriketa saiorik ere izan du asteburuak; Txantxiku Saria jokatu baitzen larunbatean herriko igerileku estuan. Harmailarik ezean, kristalera malapartatu ilunetik begiratu nahian aritu ginen guraso eta lagunak. Eta Txantxiku astronautak ere izan ditugu nonbait; estratosfera heldu baitzen Ilatargi Astronomi taldeak aireratutako panpin erako kapsula. Erantsitako GPS marabilloso bati esker, jakin zuten Biana herrian bukatu zuela misioa; ardozalea ei omen da astronauta bitxia, bertako mahastian lurreratu baitzen eroso.

Mahastien zehar izan ginen ere atzokoan Lapuebla herrian. Araba Euskaraz eguna ospatuz pasa genuen eguna. Aspaldiko Bastidako lagunekin elkartzeaz gain, jardunaldi borobila pasa genuen gune ezberdinetan eskaini ziguten egitaraua medio. Ardoa ere, goxoa benetan. Eta Arabatik bueltan, ez  ahazteko edo, ostiralean entzundako musika bera dastatzera joan ginen barraketara. Oraingoan aldiz, ez zen uztarketa musikalik izan; txirrindulariek beste norabaiterako bidea hartu baitzuten ostiralean bertan.Agian gure tankeran, txurroekin joango ziren etxera.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude