MARATOIA ERE KATEATUA

 

Interneten ikusi nuen hitzordua. Ohiko ez bada ere, Laredo bezalako herri batean jokatuko zen ekainean maratoi bat. Hiriburuetako kale mutzo handiek aukera errazagoak eskaintzen dituzte horrelako froga luzeak antolatzeko orduan; zirkuitu luze eta eramangarriek ez dute zerikusirik herri bateko zirkuitu motz eta gogaikarriekin. Laredokoa, nahiz eta erliebe aldetik aproposa izan, sikologikoki astuna izango zen susmoa hartu nion hasieratik.

Ostiral arratsaldean haurrak ikastolatik jaso eta Santoñara abiatu ginen bostok. Larrea lagunak bere etxea eskaini zigun asteburua bertan pasatzeko. Bidean kotxe ilarak izango genituen beldurrez atera ginen Oñatitik; asko dira Kantabriako lehen herri horietan etxea duten bizkaitarrak. Santurtzira heldu orduko nabaritu genuen kotxe zirkulazio potoloa. Soseguz baina geldiune handirik gabe, uste baino errazago heldu ginen Santoña herrira. Alabei ene aitona zenak jasatako inpernuari buruzko zertzelada batzuk ematera derrigortuta ikusi nuen neure burua; bertan izan baitzen gizon gudaria preso. Uste baino arreta gehiagoz entzun zuten ene istorioa harik eta txikiena gogaitu zen arte. Ostirala baitzen eta gozoki eske baitzegoen andereñoa.

Larunbata eguzkitsu esnatu zen. Ogitarteko batzuk prestatu eta Karrantzako Karpin abentura parkera abiatu ginen. Ni neu, hurrengo eguneko hitzordua buruan, hidrataziorako beharrezkoak ziren gatz eta antzerakoak irensten nituen maíz; han eta hemengo komun ezberdinak ezagutzeko aukera aparta izan nuen, bai. Egun pasa ederra egin ostean nekatuta heldu ginen Santoñara.  Dagoeneko igandera begira, Laredora begira…

Goizeko 8.30etan 24 bat gradutako temperatura genuen Laredon. Maratoiari aurre egiteko bero gehiegi agian. Ezinegona handia zen. Beroketa ez oso profesionalaren ostean Roncero handia ikusi nuen luzaketak egiten. Argazkia atera, eskerrak eman eta nolabait, prest nengoen 42 kilometroei aurre egiteko. Lau bira eman beharko genizkion zirkuituari; esan bezala, zirkuitu motz eta gogoikarri bat gure zerbitzura. Bederatziak puntuan atera ginen Laredoko Puntaleruntz; erritmo eroso batez, pultsazioak zainduz, ekin nion erronkari. Kilometroak lurrean margotuak nabaritu nituen eta lehengo bueltan 6, 16, 26 eta 36 garrena ere ikusi nituen lurrean morgotuta. Hori gurutzea. Burua hotz eta erritmoa bizitu gabe eroso egin nituen 32garrenerainoko kilometroak, azken bira ekin zen arte.

Nekatuta edo, pultsometroko pantailatik zenbakiak desagertu zitzaizkidan. Agur pultsazioak erregulatzeari. Aitzitik, fresko sentitzen nintzen eta erritmoa bizitu nuen. Kilometroak erraz irensten nituen eta nahiko ondo heldu nintzen azken txanpara. Ez zen inondik ageri mailu batez jota utziko ninduen gizasemerik. Azken kilometroan malkoak nituen masailetan behera. Ez nuen garai bateko markarik egitea lortuko, baina markarik onenaren pareko balio zuen niretzat ahaleginak.  Eskubira begiratu eta  horren ondo zaindu eta ulertu nauten lau sorginei laztan bat eskainiz heldu nintzen helmugara. Hunkituta, pozik eta gustura.

Horrela egin nuen Laredoko maratoia; Diego handia gogoratu nahi izan dudan maratoia. Ahhhh, eta guk ere kilometroak kateatuz, bata bestearen atzetik, eratu genuen katea. Izan dadila erabakitzeko eskubidearen alde. Egon bedi GURE ESKU.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude