PRIMERAN

Eguzkiaren goxotasuna maiatza berotzen hasia zen horretan, agertu zaigu negu giroa berriro ere. Euria, tenperaturak behera eta txamarra armairutik atera behar. Dexente ziren Aitzgorriko mendizerrari so zirenak larunbat arratsaldean. Hurrengo egunean mendian egin beharreko kilometroak astunegiak bihurtuko baitziren euri eta hotzaren ondorioz.  Kilian estralurtarrak aise irabazi zuen Zegamako mendiko maratoia; orain artean egin den markarik onena erdietsi zuen. Bere zazpigarren garaipena izan zen atzokoa. Horren gogorra den lasterketa honetan euskaldunen lana azpimarratu nahiko nuke.Lizeaga, Egea eta Letamendik lasterketa ederra burutu zuten; gainera, emakumezkoetan Maiora mendaroarrak lortutako podiumak, are gehiago borobildu zuen euskaldunen lana.

Derrigorrez egin beharko diot aipamen bat edo beste futbolari. Alde batetik Txapeldunen ligako finalari erreparatuko diot. Epaileak gehiegi luzatu zuen bigarren zatiko azken minutuak eta Colchoneroen kalterako Merengeek gola egin zuten. Luzapena ederto jakin zuen Madrilek jolasten eta azkenean, Ronaldoren umekeri antzezgarri eta guzti, Real Madril txapeldun. Geurean ere izan da txapeldunik; bi jardunaldi falta diren arren, Eibar taldea lehen mailakoa da atzo geroztik. Egundoko denboraldi egin du talde armagileak, zorionak.

Europarako hauteskundeak izan ziren atzokoan. Txamarra potoloaren ordez akordeoia atera omen du norbaitek bertatik. Emaitza onak ala txarrak ukan, alderdi guztiek egiten dute irakurketa positiboa; horrela, denak pozik, denak gustura, hurrengoei begira. Eta horrela daude ere, etorkizuneko bertsolari gazteak; Maider Agirre oñatiarra izan da Gipuzkoako eskolen arteko bertso txapelketan onena. Ostegunean izango dugun bertso-kata erakargarrian, etorkizunari zerbait eskatze aldera, egin beharko ditugu ahaleginak.

Ospakizunetarako parada ere hartu genuen atzokoan Antxintxiketan kirol elkarteko kideok. Datorren hilean Asentzion izango den ezkontzari begira jarri ginen. Amaia eta Asierrek prest dute dena, edo ia dena, egun horretarako eta geuk aldez aurretik ospatzea erabaki genuen. Bazkari goxoa, musika eta tertulia ederrez busti genuen giroa. Zorte on.

Amaitzear da maiatza; udaberriko giro aldrebesek nahastu dute azken aste hau. Batzuk akordeoia txukuntzen duten bitartean, beste batzuk txanponen bila jarraituko dute primerakoak izateko. Horrela izan bedi. Ondo izan.

 

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude